Heart Aerospace konpainiak Aernnova aukeratu du ES-19 Hegazkin Elektrikoaren egitura Diseinatu eta Garatzeko

Albisteak, Araba

Heart Aerospace konpainiak Aernnova aukeratu du ES-19 hegazkin berriaren egitura ko-diseinatzeko, hegazkin erabat elektrikoa, distantzia laburreko eskualde-ibilbideetan hemeretzi bidaiari garraiatzeko diseinatuko dutena. 2026an jarriko dute martxan aireontzi berria

Aernnova hegazkinen egituren eta osagaien diseinuan, fabrikazioan eta mantenuan espezializatutako enpresa aeroespazial liderra da, eta Arabako Parke Teknologikoan du egoitza, eta hegazkinaren hegalaren, fuselajearen eta egonkortzaileen diseinuan lan egingo du, Heart Aerospace konpainiako ingeniariekin batera. ES-19 hegazkinaren diseinua aluminiozko fuselaje batean oinarritzen da, lurreratze-tren erretraktil bat duena, goi-hegala, T itxurako egonkortzaile-multzoa, eta fuselaje ez-zilindrikoa, kabinaren barrualdea optimizatze aldera.

Aernnovak esperientzia handia du ingeniaritzan, eta know-how garrantzitsua, urte luzez eta sektore aeronautikoko OEM enpresa liderren programa ugaritarako konplexutasun handiko proiektu aeroespazial ugaritan parte hartu izanari esker.

Anders Forslund Heart Aerospace konpainiaren sortzaile eta CEOak zera adierazi zuen: “Aernnovak historial ikaragarria eta industriaren arloan ospe bikaina du. Benetako zirrara eragiten digu Aernnovarekin elkartu izanak ES-19 hegazkinaren egitura diseinatzeko, mundu mailan aero-egituren diseinuan, fabrikazioan eta ziurtapenean liderra den enpresa baten esperientzia emango baitio gure proiektuari. Eskualde mailako aire-ibilbideak berrasmatuko dituen hegazkinaren diseinuan haiekin lan egitea espero dugu”.

Ricardo Chocarro Aernnovako CEOak, berriz, zera esan zuen: “Heart Aerospace konpainiarekin proiektu berezi eta zirraragarri honetan parte hartzeaz harro gaude, eta hegazkinen egitura berrien garapenean, fabrikazioan, ziurtapenean eta euskarrian dugun 28 urteko esperientzia proiektu horretara eramatea espero dugu. Hegazkin elektriko berri honen garapenak aurrerapen handia ekarriko du hegazkingintzaren arloan, eta oso pozik gaude horretan lagundu ahal izateaz”.

ES-19 hegazkinari buruz

ES-19 Heart Aerospace konpainiaren lehenengo hegazkina da, eskualde-ibilbideetarako hegazkina, hemeretzi bidaiari garraiatzeko edukiera izango duena, eta erabat bateriekin eta motor elektrikoekin funtzionatuko duena. Heart konpainiak espero du 2026an entregatu ahal izatea erabilera komertzialerako lehenengo ES-19 hegazkina. Hegazkinaren lehen belaunaldiak 400 kilometrorainoko (250 milia) gehienezko gaitasuna izango du, litiozko ioizko bateriak erabilita. Ahalmen hori areagotu egingo da, baterien ahalmenak hobetu ahala.

Propultsio elektrikoko sistema da ES-19 hegazkinaren muina. Heart konpainiak 2020an erakutsi zuen sistema horren lehenengo bertsioa; 400 kW-ko motor elektrikoa, motor elektrikoko kontrolagailu bat eta BMS sistema integratuta duen bateria-pakete bat ditu sistemak, guztia maila goreneko errendimenduarekin.

ES-19 hegazkinak ez du batere emisio operatiborik izango, eta kostu operatibo askoz txikiagoak izango ditu, antzerako tamainako turbinadun hegazkinekin alderatuta. Turbo-helizedun pareko hegazkinak baino isilagoa ere izango da, dardara eta zarata gutxiagorekin. Ezaugarri horiei esker, aireontzi hau ideala izango da distantzia laburreko eskualde mailako aire-ibilbideetarako. Informazio gehiago nahi izanez gero, bisita ezazu heartaerospace.com/faq

Partekatu

Beste berri batzuk