Hizkuntzaren teknologiak sektore estrategikoetan aplikatzeari buruzko lehen jardunaldi internazionala hartu du Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkeak
– “Hizkuntz Teknologiak, aukera berriak Euskadiko enpresen I+G estrategientzat espezializazio adimendunean” izan da jardunaldiaren izenburua.
– Langunek eta Vicomtechek antolatu dute nazioarteko hitzordu garrantzitsu hori.
Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkeko auditoriumean, hizkuntzaren teknologiak sektore estrategikoetan aplikatzeari buruzko lehen jardunaldi internazionala gauzatu da: “Hizkuntz Teknologiak: aukera berriak Euskadiko enpresen I+G estrategientzat espezializazio adimendunean”.
Nazioartean ospetsu diren adituen hitzaldiak eta lansaioak konbinatzen dituen programaren barruan, fabrikazio aurreratuari, energiari, osasunari eta turismoari aplikaturiko hizkuntza-teknologien balizko aplikazioak aztertu nahi izan dira, eta baita gai horiekin guztiekin loturiko proiektu-ideien sorrera bultzatu ere. Azken finean, lan-jardunaldi internazionala da LTsolutions, hizkuntza-teknologiek sektore industrialerako duten balioa erakusten diguna. Hizkuntzaren teknologiak espezializazio adimendunarekin uztartzeko proiektu-ideiei buruzko eztabaida sustatu da, bai gure lurraldean bai Europan.
Euskadi hainbat estrategien alde egiten ari da, zeinen bidez laguntza ematen baitie enpresei eta eragile sozioekonomikoei eurek dituzten erronkei aurre egin eta lehiarako abantaila iraunkorrak eraikitzeko. Ikuspegi hori partekatzeaz gain estrategia aprobetxatzea da helburua, hizkuntza-teknologietan espezialista diren erakundeak sektore estrategikoetan posiziona eta engaia daitezen. Horrenbestez, euskal enpresen lehiakortasuna hobetzen duten soluzio sortaren bidez etengabe garatzen ari den sektore industrialaren potentziala erakusten da.
Bestalde, jardunaldian aktiboki parte hartu duen Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkeak esperimentazio-plataforma jarri nahi du eskura, Parkeko erakunde guztiak konektatzen dituen zuntz optikozko sarearen bidez. Horri esker, besteak beste, jardunaldia Interneten transmititu ahal izan da, i2basque sare akademikoak –Parkearen erakundea ere bada– emandako difusio-zerbitzuaren bidez. Era berean, hizkuntzaren teknologien aplikagarritasuna errazteko zerbitzuak eskainiko dira Parkeak antolatzen dituen hurrengo ekitaldietan.