IKERLANek ELASTIC europar proiektuan hartuko du parte, mugikortasun adimenduna duten etorkizuneko sistemen oinarri teknologikoa garatzeko

Albisteak, Gipuzkoa

Teknologia horri esker istripuak eta mantentze lanen kostuak murriztuko dira, eta hobetu egingo da hiriko trafikoa

Aurrekontua 5,9 milioi eurokoa da, hiru urterako, eta Europako Batzordearen Horizonte 2020 Programaren bitartez finantzatuko da

IKERLAN zentro teknologikoak ELASTIC europar proiektuan parte hartuko du. Aipatu proiektua zuzenduta dago garraio publikoko (tranbia, metro eta autobusa) eta pribatuko sistemetatik eratorritako datuak era eraginkorrean ustiatuko dituen software arkitektura berri bat garatzera, eta etorkizuneko mugikortasun sistema autonomo eta seguruen oinarriak jarriko ditu. Teknologia horren bitartez, gorabeherak, istripuak eta mantentze kostuak murriztuko ahal izango dira, esate baterako, eta, gainera, hiriko trafikoa hobetuko da. Hori guztia, erantzuna emateko denborak eta komunikazioen segurtasuna optimizatuz.

ELASTIC proiektuaren abiapuntua mugikortasunaren sektorea da, baina proiektuan zehar garatuko den teknologiak, era berean, bere eraginkortasuna eta produktibitatea hobetzea ahalbidetuko dio 4.0 industriari.

ELASTIC proiektuak 5,9 milioiko aurrekontua du, hiru urterako. Diru hori Europar Batzordeak jarritakoa da Horizonte 2020 Programaren bitartez, eta programa horrek hainbat arlotako proiektuak finantzatzen ditu ikerketa eta berrikuntzaren esparruan.

Arintasun eta segurtasun handiagoa datuen prozesamenduan

Gaur egun, Big Data teknologiaren egitekoa da datu iturri ugaritatik datozen informazio kopuru erraldoiak hodeian prozesatzea. Gainera, hiri adimendunekin edo fabrikazio aurreratuarekin lotutako aplikazioetan, non datu analisiak garrantzia handia duen, informazioa denbora errealean prozesatu behar da, era seguruan eta energia eraginkortasuna bermatuz, eta hori ezinezkoa da egun ezagutzen dugun hodeiko teknologiarekin.

ELASTICek garatuko duen software arkitektura berriak lagundu egingo du erronka horri aurre egiten. Cristina Zubiak, proiektuan ari den IKERLANeko ikertzaileak, azaldu duenez, “hiriko trafiko sare osoan (geltokietan, tranbietan, kontrol zentroetan, hodeiko azpiegituran, etab.) banatutako baliabide konputazionalak erabiliko dituzte. Horietan banatuko da, era arin eta adimendunean, hirian zehar banatutako ibilgailuek, eta kamerek, radarrek edo ingurumen sentsoreek ere, era masiboan bildutako datuen analisiak dakarren lan karga. Datu prozesamendua banatzeko era hori fog edo Edge computing deitzen da.” Zubiak gehitu du elastikotasun kontzeptua aplikatzeak eta behelainoko konputazio ereduak (fog computing) datu sareen kongestioa arintzea ahalbidetuko duela, eta, aldi berean erantzuteko denborak optimizatuko direla, sistemen segurtasuna handituta eta energia gastua txikituta”.

IKERLANek zenbait esparrutan dituen ezagutzak, hala nola adimen artifizialean, komunikazio sistema seguruetan eta konputazio aurreratuan, eta Big Data arloetako software arkitekturen garapenean eta datu prozesamenduan duen esperientziak ere ahalbidetzen dute IKERLANek proiektuko fase guztietan parte hartzea eta bera lider izatea fog computing arkitekturaren garapenari dagokion lan multzoan. Proiektuaren muinetako bat da, eta horretan garrantzia berezia hartuko du IKERLAN KONNEKTek eskaintzen duen fog computing-eko plataforma malgu eta pertsonalizagarriak, hots, enpresa bakoitzak dituen behar zehatzetara egokitzen den digitalizazio soluzioen familia.

Mugikortasun eta digitalizazio industrialerako erabilgarria den teknologia

ELASTIC teknologiaren potentziala mugikortasun adimendunak erabilera erreala duen kasu batean ari da probatzen, Florentziako (Italia) tranbia sarean, hain zuzen ere. Sare horrek konektibitate sentsoreak eta ekipamenduak ditu eta horregatik da leku egokia teknologia hau probatzeko.<0}

Garraio-sistema publikoetan ez ezik, produktu eta zerbitzuen digitalizazioaren aldeko apustua egiten duten enpresetan ere erabilgarri izango da teknologia hori. ELASTIC teknologiari esker, 4.0 industriak bere eraginkortasuna eta produktibitatea hobetu ahal izango ditu, eta, gainera, bere mantentze lanak optimizatuko ditu konektibitateari eta datu ustiapen masiboari esker, makinen monitorizazioan, sistemen sentsorizazioan edo mantentze lan prediktiboetan, esaterako. Adibidez, enpresa batek bere ekoizpen linearen mantentze lanen kudeaketa hobetu ahal izango du, ekoizten dituen produktuen errendimendua, iraupena eta segurtasuna denbora errealean kontrolatuz.

Cristina Zubiak adierazi duenez, “merkatura bideratuta dagoen teknologia da eta gure gizarteak eta gure industriak gero eta maizago dituen erronkei eta beharrei erantzuten dien teknologia da, azken batean, horixe baita Ikerlanek lantzen dituen proiektuen ezaugarririk funtsezkoena”.

Proiektua Bartzelonako Superkonputazio Zentroak (BSC) koordinatzen du. IKERLANez gain, honako hauek dira Europako zazpi herrialdetako zentro teknologiko eta erakunde parte hartzaileak: Instituto Superior de Engenharia do Porto (ISEP, Portugal), Information Catalyst for Enterprise LTD (ICE, Erresuma Batua), SixSQ SARL (Suitza), Thales TRT SA (Frantzia), Thales Italia SPA (Italia) eta Gestione ed Eserizio del Sistema Tranviario SPA (GEST) eta Citta Metropolitana di Firenze mugikortasuneko sozietate italiarrak.

Partekatu

Beste berri batzuk