Industria Sailak EAEko hiru hiriburuetan bildu du bere nazioarteko sare osoa, enpresei laguntzeko
– Eusko Jaurlaritza 62 herrialdetara hedatzen da SPRI Taldearen bidez; 16 enpresa bulego ditu 14 herrialdetan eta aholkulari bana 48 herrialdetan. Iaz euskal enpresentzako 422 proiektu egin ziren 59 merkatutan.
– Gaur hasi eta martxoaren 14an bukatuko dira astean behingo hiru saiotan antolatuko diren SPRIko enpresa bulegoetako zuzendarien eta aholkularien banan-banako bilerak.
– SPRI bere atzerriko bulegoen irudi korporatiboa eguneratzen ari da eta denetan jarri du aipamen hau: “ EAEko Enpresa Bulegoa – SPRI (Basque Country Business Office)”.
Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren menpeko SPRI-Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietateak hiru jardunaldi antolatu ditu bere nazioarteko sare osoa biltzeko eta euskal enpresek aukera izan dezaten banan-banako bilerak egiteko SPRIren atzerriko bulego zuzendariekin eta aholkulariekin. Topaketa hauek gaur hasi eta martxoaren 14an amaituko dira. SPRI Sarearen Merkataritza arloko ekimen hau Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren nazioartekotzea sustatzeko estrategiaren barruan sartzen da, 2010-2013 Lehiakortasun Planean ageri den bezala. Duela gutxi SPRIk bere atzerriko bulegoen irudi korporatiboa eguneratu du eta denetan jarri du aipamen hau: “ EAEko Enpresa Bulegoa – SPRI (Basque Country Business Office). SPRIko enpresa bulegoak eta aholkulariak oso pieza garrantzitsuak dira nazioartekotze estrategiaren barruan, 62 herrialdetara hedatzen baitira; soilik iaz 1.700 laguntza eskaini zizkieten euskal enpresei eta 422 proiektu gauzatu zituzten 59 merkatutan.
Aste honetan SPRIk Afrikako, Ekialde Ertaineko eta Asiako, hots, guztira merkatutako arduradunak elkartuko ditu. Martxoaren 5eko astean Europako 26 herrialdetako ordezkariak elkartuko dira eta martxoaren 12koan, berriz, Latinoamerikakoak eta NAFTA eremukoak (guztira 9 herrialde).
Bilerak EAEko hiru hiriburuetan egingo dira ahalik eta enpresa gehien erakartzeko: SPRIk Bilbon duen egoitzan, Donostiako Teknologi Parkean eta Arabako Teknologi Parkean.
SPRIk, besteak beste, zerbitzu hauek eskaintzen dizkie euskal enpresei nazioartekotzen laguntzeko bere nazioarteko sarearen bidez:
– Xede diren merkatuen informazio eta analisia.
– Atzerriko merkatuan komertzialki sartzeko aukera.
– Atzerrian merkataritza eta produkzio ezarpenak egiteko laguntza.
– Behin-behineko kokapena SPRIren Negozio Zentroetan.
– Prospekzio bidaia indibidualizatuak antolatzea.
– Tramiteekin laguntzea.
– Tokiko agintariekin eta administrazioekin harremanetan jartzea.
– Finantza arloko laguntzak
2011n, SPRIko nazioarte sailak 1.764 bilera egin zituen euskal enpresekin, 1.678 laguntza eskaini zituen eta 422 proiektu gauzatu zituen euskal enpresentzat 59 merkatutan. Eremu geografikoka, honela sailkatu ziren laguntzak: Europan %46,4, Latinoamerikan %16,6, Asian, %14,7, Afrikan eta Ekialde Ertainean %12,6 eta Kanadan eta Estatu Batuetan %9,7.
Enpresaren batek banan-banako bilera bat hitzartu nahi badu SPRIk herrialde horietakoren batean daukan ordezkariarekin, www.spri.es/agendaredspri web orrian eman dezake izena.
Kanpo sarea 60 herrialde baino gehiagotan (www.spri.es)
Euskal enpresen nazioartekotzea bultzatzeko, gure nazioarteko sarearen laguntza dugu. Sare horren barruan sartzen dira 13 herrialdetan dauden EAEko Enpresa Bulegoak eta 50 bat herrialdetan dauden Tokiko Aholkulari Espezializatuak, denak ere bost eremu geografikotan antolatuak.
– SPRIren Kanpo Sarea Afrikako eta Ekialde Ertaineko 17 merkatutara hedatzen da.
AFRIKA eremuaren barruan, Afrika iparraldea izan da euskal esportazioen jomuga ohikoena. “Saharaz azpiko Afrika” enpresa askoren interesa pizten ari da azken urteotan, eta Angola, Nigeria edota Hegoafrika nabarmendu dira zonalde horretan. Guztira, Afrikak euskal esportazioen %6 hartzen du. Ekialde Ertainean Turkia da aipagarriena eta baita ere Arabiar Emirerriak eta Qatar. Zonalde horretara bideratzen dira euskal esportazioen %4.
– Latinoamerikari dagokionez, Kanpo Sareak 6 merkatu barne hartzen ditu. Aipatzekoa da azken urteotan euskal enpresek Latinoamerikarekiko interes gero eta handiagoa agertzen ari direla; esportazioen %35eko hazkundea erregistratu da, batez ere Brasil, Txile eta Argentinako merkatuei esker. 2010eko EAEko esportazioen rankingean Brasil 10. postuan dago, Venezuela 25.a da, Kuba 27.a, Txile 26.a, Argentina 32.a eta Kolonbia 48.a. Aipatzekoa da baita ere Kolonbiak %5,5 inguruko hazkunde sostengatua izan duela 2011. urtean eta inbertsiorako herrialde interesgarrienetako bat bihurtu dela.
– Asia eremuari dagokionez, kanpo sareak 11 merkatu hartzen ditu. EAEk 11 herrialde horietara egiten dituen esportazioak guztizkoaren %7 dira gutxi gorabehera. Euskal enpresek Txina, Singapur eta Indiako merkatuetara esportatzen dute gehienbat, baina zonalde horretako beste hainbat merkatuk ere dinamismo handi samarra ageri dute azkenaldian, esaterako, Indonesiak edo Vietnamek eta gero eta aukera gehiago eskaintzen dituzte euskal enpresentzat. Bestalde, Indiak eta batez ere Txinak kokapen anitzetan ezarri nahi duten euskal enpresen inbertsio produktiboak hartzen dituzte eta merkaturatutako produktuen kostuak murriztu nahi dituzten enpresek ere erosketa ugari egiten dituzte merkatu horietan.
– Europari dagokionez, Kanpo Sareak 32 merkatu hartzen ditu.
Euskal esportazioen bi heren inguru Europara bideratzen dira; horietatik %90 Mendebaldeko Europara zuzenduta daude eta %10 Europa Erdialdera eta Ekialdera. Herrialdeka, Frantzia, Alemania, Italia eta Erresuma Batua dira euskal enpresen esportazio merkatu nagusiak. Erdialdeko eta Ekialdeko Europan Polonia nabarmendu da, 14. postura iritsi baitzen euskal enpresek 2010ean eginiko esportazioen rankingean. Hala ere, euskal enpresek Erdialdeko eta Ekialdeko Europan dauzkate beren ezarpen produktibo gehienak, batik bat Txekiar Errepublikan eta Polonian.
– Nafta eremuari dagokionez, eremu honetan sartzen dira Ipar Amerikako merkataritza libreko akordioaren barneko hiru merkatuak. Zonalde horretara bideratzen da euskal esportazioen %9, Amerikako Estatu Batuak nabarmentzen direlarik %6arekin. Bestalde, Mexikok euskal enpresen ezarpen kopuru handi bat ostatatzen du.
Iturria: Spri
Data: 2012/02/27