Industria Sailak eta merkataritza ganberek enpresak sortzeko prestakuntza ikastaroak sustatzen dituzte

Gipuzkoa

Uztaileko lehen hamabostaldian izango dira eta negozio ideia bat garatu nahi duten pertsonei edo enpresa sortu berrietako kudeatzaile eta bazkideei zuzentzen zaizkie. Lau gai landuko dira bereziki: ideia eta merkatu azterketa, marketin plana diseinatzea, enpresak sortzeko alderdi legal eta praktikoak eta bideragarritasuna eta plan ekonomiko-finantzarioa. Bilboko, Arabako eta Gipuzkoako Merkataritza Ganberek emango dituzte prestakuntza ikastaroak eta Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak %100ean finantzatuko ditu. Ikastaro horiek irailean, urrian eta azaroan ere emango dira.

Bilboko, Arabako eta Gipuzkoako Merkataritza Ganberek Ekintzailetzarako Gaikuntza ikastaroak eskainiko dituzte uztaileko lehen hamabostaldian. Ikastaro horiek Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak finantzatuko ditu %100ean eta Ekintzailetzaren Euskal Zerbitzua osatzen duten prestakuntza ekintzen artean integratuta daude. Hitzarmen horren sinadura ekitaldiko buru izan ziren Patxi López lehendakaria eta Confebask, Adegi, Cebek, SEA eta Araba, Bilbo eta Gipuzkoako Merkataritza Ganberetako zuzendariak. Ikastaro horiek irailean, urrian eta azaroan ere eskainiko dira.

Ikastaroen helburu nagusia da ikasleei behar diren jakintza teoriko-praktikoak ematea, gai izan daitezen enpresa kudeaketa lanari ekiteko eta lehen urratsak eman ditzaten enpresari berri gisa aritzeko, beren enpresa proiektuak zehazterakoan eta enpresa kudeaketa arloan izan ditzaketen gabeziak estaliz.

Autoenplegu edo mikro-enpresa proiektuei, negoziorako ideia bat dutenei, ideia hori heltzen eta enpresa plana prestatzen ari direnei eta lan horri ekiteko laguntza eta aholkua behar dutenei zuzenduta daude ikastaroak eta baita ere berriki sortutako enpresen kudeatzaile/bazkideei.

Hauek dira landuko dituzten lau moduluak: ekintzailea, ideia eta merkatu azterketa, marketin plana diseinatzea, enpresak sortzeko alderdi legal eta praktikoak eta bideragarritasuna eta plan ekonomiko-finantzarioa.

Euskadiko ikastaro eskaintza osoa eta bereziki ekintzaileen gaitasunak garatzera bideratutakoak integratzea da Ekintzailetzaren Euskal Zerbitzuak eragileei eskaintzen dien zerbitzuetako bat, kasu honetan Ganberei eta Patronalei.

Ekintzailetzaren Euskal Zerbitzua duplizitateak saihesteko, baliabideak ordenatzeko eta ekintzaileek egin beharreko tramiteak sinpletzeko sortu da. SPRIk -enpresa sareari laguntzen dion Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saileko sozietate publikoen multzoak- zuzendu du hasieratik Ekintzailetzaren Euskal Zerbitzua, eta orain, “Euskadi Emprende” zigiluak bermatutako kalitatearekin negozio bat martxan jarri nahi duten ekintzaile guztiei zerbitzua emateko tresna bihurtu da. Aipatu zigiluak bere babespean bilduko ditu eragileak, instituzioak eta erakunde publiko zein pribatuak, eta horretarako sortu dira hain zuzen atxikipen protokoloa eta eragileen homologazio prozesua.

Bestalde, Jaurlaritzak eta Ganberek sinatutako 2,8 milioi euroko hitzarmen hau 2012. urtean egongo da indarrean, nahiz eta urtebete gehiagoz luzatu daitekeen. Merkataritza Ganberek eta enpresa erakundeek 2010-13 Enpresen Lehiakortasun Planarekin lotutako hainbat jarduera egingo dituzte merkataritza, turismo, nazioartekotze, enpresen sorkuntza eta finkatze eta enpresa sektorearen lehiakortasuna eraldatzeko sektoreetan.

Sinatutako hitzarmenak eragina du 2012ko urtarrilaren 1etik eta urte osoan egongo da indarrean, ekitaldi bat gehiagoz luzatzeko aukerarekin. Ekintza eremu zehatzak mugatuko dira, helburuak eta enpresarien esku jarriko diren baliabideak definituz. Hitzarmenaren edukia betetzen den ala ez jakiteko, hitzarmenak ebaluazio prozesu bat izango du, euskal klusterretan arrakasta izaten ari denarekin homologatzeko modukoa izango dena.

Partekatu

Beste berri batzuk