Industria Sailak teknologi transferentzia bideratu du 55 euskal enpresatatik Europako beste hainbestetara

Araba

SPRIk zuzentzen duen EENBasque Sarearen helburua da teknologi trukea sustatzea Europan. Europar Batasunak bultzatzen du programa eta 45 herrialdek parte hartzen dute. EBrekiko kontratua bi urtean behin berrituko da 2014ra arte eta beti ere emaitzen arabera.

Spri, 10/04/2012

SPRI taldeak -Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren menpeko sozietate publikoen multzo nagusiak- zuzentzen du Enpresa Aholkularitzarako eta Berrikuntza Bultzatzeko Europako Sarearen partzuergoa (ENTERPRISE EUROPE NETWORK) Euskadin (EENBasque). Programa hau Europar Batasuneko funtsekin kofinantzatzen da eta bere jardueraren helburua da enpresen (bereziki ETEen) lehiakortasuna sustatzea, nazioarteko lankidetza bultzatuz teknologi transferentziaren eta Europako I+G proiektuen esparruetan.

Iaz SPRIk 11 hedapen jardunaldi antolatu zituen EENbasque proiektuaren markoan eta 1000 lagun baino gehiago bildu ziren ekitaldi horietara, 2010ean baino %30 gehiago. Gainera, ekimenaren bideratzaile eta dinamizatzaile den aldetik, SPRIk 2011n 55 enpresa aholkatu ditu teknologi transferentziekin lotutako negoziazioen inguruan (2010ean 48 izan ziren).

EENBasque-k enpresa topaketak ere antolatzen eta sustatzen ditu euskal enpresetan, berrikuntza teknologikoa bultzatzeko. 64 euskal enpresak parte hartu dute topaketa horietan eta 146 bilera izan dituzte atzerriko enpresekin. Sareko kideek sektoreko 6 talde europarretan parte hartzen dute EAEko eskaintza eta eskaera teknologiko berriak identifikatu eta aurkezteko. 2011n, 20 proposamen berri sartu dituzte katalogo orokorrean. Horrez gain, EENBasque-n ekintzak osatzeko, hilean behin buletinak igortzen zaizkie Europako I+G+B proiektuetan parte hartzeko interesa duten 7.000 harpidedun baino gehiagori.

EENBasque sareak Europako Batzordearekin duen kontratua bi urtean behin berritzen da, izandako emaitzen arabera. Horrela, 2011. urtean kontratu berri bat sinatu dute EBko enpresa zuzendaritza nagusiarekin 2013ra arte, orduan amaituko baita CIP programa (Competitiveness and Innovation Programme). Sarea dagoeneko sendotu egin da eta bazkide nahiz herrialde kopurua hazten ari da; berau da gainera ETEei nazioarteko lankidetza arloan (teknologian eta berrikuntzan) laguntzeko sarerik handiena da. Europako 45 herrialdetako 600 bat erakunde barne hartzen ditu eta hitzarmenak ditu hainbat herrialderekin: Txile, Txina, Hego Korea, Egipto, Israel, Japonia, Mexiko, Errusia, Turkia, Ukraina, AEB…

Partekatu

Beste berri batzuk