Industria sailburuak Eusko Jaurlaritzak eta Orona enpresak sustatutako Galarreta proiektua aurkeztu du Hernanin
• Proiektuak Donostiako Teknologi Elkartegiaren zabalkundea erraztu eta Orona S. Coop. sozietatea buru den berrikuntza proiektuaren kokapena ahalbidetzen du.
• Espazioaren erdiak baino gehiagok ikerketa eta garapen, berrikuntza eta teknologia edukiko ekimenak hartu ditu.
• 5 urtean egingo den 120 milioi euroko inbertsioarekin, milaka lanpostu sortuko dira Donostialdean.
Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saileko sailburu Bernabé Undak gaur goizean aurkeztu du, Hernanin, Galarreta Proiektua, Donostiako Teknologi Elkartegia handitzeko. Lanak abiarazi dira dagoeneko.
Aurkezpena Oronaren egoitzan egin dira, eta, Unda sailburuaz gainera, Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak, Odón Eloza Donostiako alkateak, Mª Ángeles Beitialarrangoitia Hernaniko alkateak, Tomás Orbea SPRI taldeko zuzendari nagusiak eta Javier Mutuberria Orona S. Coop.eko zuzendari nagusiak hartu dute parte.
Ekitaldian, Teknologi Elkartegiaren zabalkundeaz gainera, Hernaniko elkartegiaren bezero nagusia den Orona enpresak orube berrietan garatuko duen proiektua ezagutzera eman da.
Galarreta proiektuak 150.107 metro koadroko azalera izango du, eta partaidetza publiko-pribatuaren emaitza da. Hala, bada, funtsezko apustu biri esker gauzatuko da:
- Erakundeen apustua: Eusko Jaurlaritza, SPRIren bitartez, eta Gipuzkoako Foru Aldundia.
- Arlo pribatuaren apustua: Oronaren eskutik, Galarreta parkearen bezero nagusia.
Horrenbestez, berrikuntzaren eta haren etorkizunaren aldeko apustu sendoa eta horiekiko konpromisoa da. Eskualdeetako eskariei erantzuteaz gainera, toki eta eskualde mailan jarduera berritzaileen sinergiak ahalbidetuko ditu; ondorioz, Gipuzkoako eta Euskadiko enpresa, industria eta teknologia ehuna sendotzen lagunduko du, ezbairik gabe. Zentzu horretan, Galarreta proiektua 2011-2015 Lehiakortasun Planean definitu eta diseinatutako beharrezko eta benetako eraldaketa ahalbidetzeko aurrerapena baino ez da.
Proiektua: helburuak, azalera, azpiegiturak eta aurrekontua
Bi dira, funtsean, Galarreta proiektuaren hirigintza garapenaren helburuak: Donostiako Teknologia Elkartegiaren zabalkundea ahalbidetzea, Miramóngo egungo egoitza betetzea aurreikusten delako, eta, bidez batez, Orona S. Coop. buru den berrikuntza eta garapen proiektua kokatzea ahalbidetzea. Gainera, helburu estrategiko gisa, hurrengo hauek daude:
- Berrikuntza prozesuan parte hartzen duten eragileak espazio berean jartzea sustatzea: unibertsitateak, zentro teknologikoak eta eduki teknologikoko enpresak, kokapena eta azpiegitura egokiak eman eta horien arteko lankidetza sustatuz, berrikuntza sortzeko.
- Orona S. Coop.en berrikuntzaren aldeko apustua areagotzeko. Orona S. Coop. enpresa eragilea da eta erreferentea da Europa eta mundu mailako industria eta zerbitzuen esparruan. Herrialdean gelditu eta sustraitzeko asmoarekin sortu zen, hain zuzen ere, etorkizunean ere biziraun eta jarduera eta enplegua sortzeko gaitasuna areagotzeko.
- Berrikuntza sustatzea, gaur egungo enpresa-ehunaren biziraupenerako eta jarduera eta enpresa berriak sortzeko, Euskadiko eraldaketaren prozesu sozioekonomikoari lagunduz eta inguruan bizi diren pertsonen bizitza-kalitatea hobetuz.
- Epe luzerako proiektu bat gauzatzea, denboran irauten duen ekipo teknologikoa eratze aldera.
Galarreta proiektuak Donostialdean 1.000 lanpostu sortuko dituela aurreikusten da, eta Hernaniko Udala osatzen duten alderdi politiko guztiek aho batez onartu dute. Udalerri honetan kokatuko da, hain zuzen ere, 150.000 metro koadro baino gehiagotan. Horietatik, 108.000 eraikigarriak izango dira. Azken horietatik, berriz, 60.000 ikerketa, garapen, berrikuntza eta teknologia edukiko ekimenekin garatuko dira, elkartegiaren beraren filosofiari jarraituz; erdiko guneko 40.000 metro koadro Ikasleku Fundaziorako (Orona, Mondragón Unibertsitatea eta Ikerlan) erabiliko dira, eta 8.000 metro koadro hirugarren sektorerako izango dira (ekimen pribatua).
Gainerako azalera bideek eta berdeguneek okupatuko dute. Ibilgailuentzako sarea hurrengoek osatuko dute: GI-2132 errepideko 180 metroko sarbidea, Galarretako glorietarekin lotuko du; luzeraz 200 m eta zabaleraz 42 m dituen bulebar nagusia; eta, 120 metroko sakonera duen bidea. Beste alde batetik, berdeguneak landare-eraztun bat osatuko du parkeko perimetro osoan, eta, bertan, zuhaitz espezie ezberdinak landatuko dira.
Era berean, instalazio berriak zerbitzuen azpiegitura sare oso bat izango du: saneamendua, drainatzea, edateko ura, telekomunikazioak (Euskaltel eta Telefónica), telematika (Elkartegiaren sarea), gas naturala, goi-tentsioko eta behe-tentsioko energia elektrikoa, argiztapena eta ureztatzea, eta etorkizunerako “districtheating” edo hiri-berogailuaren instalazioa, hau da, beroa (energia termikoa) hiriko sare batetik banatzen duena, gasarekin eta urarekin egiten den bezala.