MICINN hitzarmenaren Jarraipen Batzordeko kideek Bizkaiko Teknologi Parkea bisitatu dute

SPRIk antolatutako bisitaldian, Euskadiko Parke Teknologikoen Sareko Presidenteak eta Bizkaiko Teknologi Parkeko Zuzendariak, Araba, Bizkaia eta Donostiako Parkeen eta Garaia Berrikuntza gunearen proiekturik garrantzitsuenak azaldu dizkiete ministeritzako ordezkariei

Martxoaren 3an Bizkaiko Teknologi Parkeak Zientzia eta Berrikuntza Ministerioko ordezkarien bisita jaso du; hain zuzen ere MICINN hitzarmenaren Jarraipen Batzordeko kideak izan dira Bizkaiko Parkera hurbildu direnak: Margarita Segarra Muñoz, Teknologi Transferentzia eta Enpresa Garapenerako zuzendari nagusia, Luis Cueto Alvarez de Sotomayor, Enpresa Berrikuntzaren Sustaperako zuzendariorde nagusia eta Joaquin Fernandez Dapena, aholkularia, Pablo Oraa Alegada, Gobernuak Euskadin duen Ordezkaritzako gabinete buruak lagunduta. Francisco Berjon, Euskadiko Parke Teknologikoen Sareko presidenteak eta Txaber Ouro, Bizkaiko Teknologi Parkeko Zuzendariak egin die harrera bisitariei.

Ministeritzako Berrikuntza Estrategia Estatalaren baitan dagoen Inbertsio Zientifiko-Teknologikoen Programara Euskadiko Parke Teknologikoen Sarea osatzen duten lau parkeek aurkeztutako proiekturik esanguratsuenak bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dute, SPRIk antolatutako bisita honetan zehar. Proiektuok programako Ebaluazio Batzordeak onartuak izan dira. ITP, Aeroblade, Mondragon Unibertsitatea eta Bial Industrial Farmaceutica dira aipatutako proiektuak.

Honekin batera, Francisco Berjonek Euskadiko Parke Teknologikoen Sarearen aurkezpena ere egin du Ministeritzako ordezkarien aurrean, besteak beste sarea osatzen duten Parkeak, hauetan kokatutako enpresa kopurua, baita abiarazitako proiektu zientifiko-teknologikorik garrantzitsuenak ere.