Innobasquek, adimen artifizialeko eta AA sortzaileko kasu praktikoen deialdia egin du hurrengo Global Innovation Day jardunaldirako
Basque Artificial Intelligence Center (BAIC) eta Matematika Aplikatuen Euskal Zentroa (BCAM) erakundeekin lankidetzan eginiko deialdia honako hauei zuzenduta dago: Euskadiko ETE-ei, enpresa handiei, teknologia-, ikerketa- eta hezkuntza-zentroei eta entitate publiko eta elkarte guztiei
Hautagaitzak aurkezteko epea zabalik izango da uztailaren 15era arte
Hautatutako kasuek Global Innovation Day jardunaldiaren hamahirugarren edizioan parte hartuko dute, azaroan. Erreferentziazko hitzordu horretan biltzen dira urtero berrikuntzaren euskal ekosistemako enpresak eta funtsezko eragileak, Euskadi berrikuntza handiko eskualdea dela agertzeko eta berrikuntza zabaltzeko
Innobasquek, Berrikuntzaren Euskal Agentziak, Euskadin egin diren berrikuntzako kasu praktiko onenak bildu nahi ditu beste urte batez, horiek eredutzat harturik berrikuntza sustatzeko funtsezko prosezu gisa; izan ere, Innobasquek uste sendoa du berrikuntza dela euskal enpresen lehiakortasuna eta bultzatzeko giltzarria.
Deialdia lankidetzan egin dugu Innobasquek, Basque Artificial Intelligence Centerrek (BAIC) eta Matematika Aplikatuen Euskal Zentroak (BCAM). Aurten, adimen artifizialean (AA) eta adimen artifizial sortzailean (AAS) oinarritutako soluzio berritzaileen kasuak bildu nahi dira, biak ala biak inpaktu eta ahalmen eraldatzaile handiko tresnak baitira erakundeen eta enpresen konpetentziak eta gaitasunak garatzeko.
Aurkeztutako hautagaitzen artean, Innobasquek, Berrikuntzaren Euskal Agentziak, kasurik esanguratsuenak hautatuko ditu Global Innovation Day jardunaldiko hizlarien panela osatzeko. Azaroan hamahirugarren edizioa beteko du ekitaldiak. Innobasquek antolatutako topagune profesional hau sendotzen joan da urtez urte eta erreferentzia nagusietako bat da berrikuntzaren dibulgazioan eta Euskadi berrikuntza altuko eskualde gisa posizionatzeko lan horretan, bertan biltzen baitira, urtero, berrikuntzaren euskal ekosistemako eragile nagusiak.
Sektore guztiei zuzendua
Deialdian edozein sektore, tamaina edo izaera juridikoko edozein erakundek har dezake parte: multinazionalek, ETEek, elkarteek, eragile zientifiko-teknologikoek, ikastetxeek, erakunde publikoek edo interes sozialeko erakundeek.
Kasu praktikoek 2021etik hona garatutakoak izan behar dute, eta agerian utzi behar dute Adimen Artifiziala (AA) edo Adimen Artifizial Sortzailea (AAS) aplikatuz eta ezarriz hainbat berrikuntza garatu direla, eta horiei esker enpresen lehiakortasuna hobetu dela. Horrenbestez, hainbat esparrutan eta antolakuntza-prozesutan garatutako kasuak aurkeztu daitezke deialdi honetara: besteak beste, estrategiak zehazteko, eragiketak eta proiektuak kudeatzeko edota bezeroekiko harremanak bideratzeko proposamenak.
Proposamen berritzaileenak hautatzeko, lehenik eta behin, ezarritako berrikuntzen edukia eta kudeatzeko modua hartuko dira lehentasunezko irizpidetzat. Hau da, kontuan izango dira, besteak beste, honako faktore hauek: berrikuntzaren izaera estrategikoa, berritasun maila, beste erakunde batzuek izan duten parte-hartzea edo lankidetza, enpresaren eguneroko martxan izan duen txertatzea, eta garapenerako aintzat hartu diren jasangarritasun-planteamenduak (ingurumenari lotutakoak, ekonomikoak eta sozialak). Bestalde, honako irizpide hauek ere baloratuko dira: efikazia, efizientzia, inpaktu-maila, erreplikabilitatea eta transferigarritasuna, hirugarrenen aintzatespena, erabilitako datuen kalitatea, partekatutako datu-espazioen parte-hartzea edo sorrera, diseinutik aplikatutako balio etikoak, edo adimen artifiziala aplikatzeko erabilitako teknologien zehaztapena.
Deialdiaren oinarrietan zehaztutako irizpideak betetzen dituzten kasu guztiak Innobasqueren Berrikuntza Kasu Praktikoen Bankuan jasoko dira, eta Berrikuntzaren Euskal Agentziak antolatutako beste dibulgazio-ekintza batzuetan parte hartzeko hautatu ahal izango dira, edo beste foro eta komunikazio batzuetan zabaldu ahal izango dira.
Innobasquek deitzen duen kasu praktikoen bosgarren deialdia da hau, eta 300 ekimen berritzaile baino gehiago biltzea lortu zuen aurreko 4 edizioetan.
Deialdi honen bidez beren proposamenak (bat baino gehiago izan daiteke) aurkezteko interesa duten erakundeek uztailaren 15era arteko epea izango dute horretarako. Hemen dago deialdi honi buruzko informazio guztia.