Innobasquek INDIZEA, Euskadiko Berrikuntzaren Txostena aurkeztu du bere Batzar Nagusian
- Innobasqueko ohorezko presidentea den Iñigo Urkullu lehendakariak eman dio hasiera Berrikuntzaren Euskal Agentziaren Batzar Nagusiari.
- Euskadiko Berrikuntzaren Txostena Euskadin berrikuntzan egindako enpresa-inbertsioak eta horiek produktibitatearen hobekuntzan duten eragina neurtzen ditu; eta munduko lehen eskualde-indizea da, NESTA berrikuntzaren britainiar agentziaren metodologiari jarraituz, berrikuntzaren aktibo ukiezinak neurtzen dituena.
- Innobasquek bultzatu du UPV/EHUk, NESTA-berrikuntzaren britainiar agentziarekin lankidetzan, egindako txostena, eta honako hauek osaturiko batzorde baten aholkularitza ere izan du: Mondragon Unibertsitatea, Deustuko Unibertsitatea, UPV/EHU, Confebask, Tecnalia, IK4 Research Alliance, Orkestra, Eustat, Etorbizi, Kronikgune, Spri Taldea eta Eusko Jaurlaritza.
Innobasqueko ohorezko presidentea den Iñigo Urkullu lehendakariak gaur arratsaldean hasiera eman dio, Bilboko Euskalduna jauregian, Berrikuntzaren Euskal Agentziaren Batzar Nagusiari, eta bertan Indizea Euskadiko Berrikuntzaren Txostena aurkeztu da. Ekitaldian, non Innobasqueko bazkideak izan dira, 60 kidez osaturiko zuzendaritza-batzordea berritu da. Horrez gain, zuzendaritza- batzordeak hartutako erabakia zabaldu da: Alberto García Erauskin, Euskaltel-eko presidentea eta Berrikuntzaren Euskal Agentziako Batzorde Betearazleko eta Zuzendaritza Batzordeko kidea, presidentzian Guillermo Ulaciaren ondorengoa izango dela zenbait hilabetez elkarlanean ibili ondoren.
Gainera, 2013rako aurrekontua onartu da, 4,5 milioi eurokoa. Horietatik, 2,9 milioi euro Eusko Jaurlaritzaren Berrikuntza Funtsak emango ditu. Gainerakoa, 1,6 milioi euro, bazkideen ekarpenetatik, europar programetatik eta jarduerengatiko sarreretatik etorriko da. Baita ere jakinarazi da, Nonaka eta Takeuchi-ren ereduari jarraituz egindako “Balio-ekarpenaren analisiaren” arabera, jarritako euro bakoitzeko, Innobasquek 2 euroren pareko balioa sortzen duela. Bere hitzaldian, Iñigo Urkulluk esan duenez, “Euskadik berrikuntzarekin duen konpromisoa adierazten du Innobasquek. Eusko Jaurlaritzak babestu egiten du konpromiso hori, berrikuntza baita herrialdeko ekonomia berraktibatzeko estrategiaren lau giltzarrietako bat. Berrikuntzak, nazioartekotzeak, industriak eta inbertsioak osatzen dute euskal ekonomiaren etorkizuneko motorra”.
Berrikuntzaren elementu ukiezinak
Aurrerago Arantza Tapiak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasunerako sailburuak eta Innobasqueko presidenteordeak Indizea, Euskadiko Berrikuntzaren Txostena, aurkeztu du; Innobasqueren ekimena da, UPV/EHUko talde ikertzaile batek gauzatua, honako hauek osaturiko batzorde baten laguntzaz: Mondragon Unibertsitatea, UPV/EHU, Deustuko Unibertsitatea, Tecnalia, IK4 Research Alliance, Orkestra, Eustat, Confebask, Etorbizi, Kronikgune, SPRI Taldea eta Eusko Jaurlaritza. Lan hori egiteko jarraitu den metodologiak berrikuntza osatzen duten aktibo ukiezinak neurtzen ditu, eta Nesta berrikuntzaren britainiar agentziak garatu du, berarekin ere lankidetza estua izan delarik Indizea garatzeko. Honela, Indizea-k eskualde-berrikuntza ebaluatzeko eredu aurreratu gisa jarri du Euskadi. Euskadin ukiezinak eta horiek produktibitateari egindako hobekuntza neurtzen diren lehen aldia da, hots, munduko lehen eskualdea gara ebaluazio-metodo hau aplikatu duena.
Txostena produktibitatearen hobekuntzari egindako ekarpenaren diagnostikoa da, aktibo ukigarriak (lan-indarra eta kapital fisikoa) nahiz ukiezinak kontuan hartzen dituena. Azken hauen ekarpena berrikuntza da, zazpi faktorez osatua: I+G, diseinua, jabetza intelektuala, etengabeko prestakuntza, antolamendu-garapena, marketin eta softwarea. Gainera, Indizea-k estrategikoki kokatzen du Euskadi nazioartean, OCDEren nazioarteko sailkapenetan sartzen eskualde aitzindaria izateagatik, dagoeneko erlazionatzen ari baita kapital ukigarriek eta ukiezinek produktibitatean duten eragina BPG per capita-rekin. Euskadik sailkapen horiekin harmonizatu du neurketa-sistema. Honako hauek izan dira Indizea aurkezten: Albert Bravo, NESTAko ekonomista seniorra; Arturo Rodríguez, EHUko Ekonomia eta Enpresa Zientzietako Fakultateko dekanoa; Jon Barrutia, EHUko Ekonomia eta Enpresa Zientzietako Fakultateko Ekonomia Aplikatuaren Saileko katedradun eta zuzendaria; Joseba Jauregizar, Tecnaliako zuzendari nagusia; Txema Villate eta Carlos Peña, Innobasqueko zuzendari nagusi eta programa-zuzendaria, hurrenez hurren.
Indizea-k erakusten du 2004-2007 denboraldian, krisiaren aurretik, produktibitatea %1,8 hazi zela urtean; bigarren denboraldian, ordea, 2008-2010 artean, %0,7 hazi zen. Kapital ukiezinaren ekarpena %34koa izan zen lehenengo denboraldian eta %26koa bigarrenean, bi kasuetan BPGren gainean %6koa izan zelarik urtean egindako batez besteko inbertsioa I+G+b-n. Beraz, ondorioztatzen da berrikuntza galga bat izan dela produktibitatearen jaitsieraren aurrean. Euskadik, kapital ukiezinean egindako inbertsioari esker, bere produktibitatearen hazkunde negatiboak saihestea lortu du.
Datuak xehetasun handiagoz aztertuta, txostenak agerian uzten du 2008-2010 denboraldian Euskadin produktibitatea hobetzeko egindako ekarpenaren ehunekoak honako hauek izan direla: I+G, diseinua eta jabetza intelektuala, berrikuntza konbentzionala deiturikoa, %60; eta gainerako %40 marketin, etengabeko prestakuntza eta antolaketa-garapenen ─hau da, gaitasun ekonomikoak deiturikoen─ emaitza izan dela. Softwareak ez du, aldi honetan, ekarpen positiborik. Hala ere, aurreko denboraldian, 2004tik 2007ra bitartean, egoera bestelakoa zen: I+G, jabetza intelektual eta diseinuaren eragina %46koa zen; beste %11 softwareari zegokion eta gainerako %43 elementu ekonomikoek eragiten zuten.