Innobasqueren “Formakuntza Berrikuntzan” programak urteko lehen seihilekorako katalogoa aurkeztu du, 24 ikastarorekin

Albisteak, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa

Seihileko honetarako aurreikusitako dohainik diren ikastaroak hiru bloketan banaturik daude, eta bloke bakoitza profil jakinen beharrizanetara egokiturik dago: ETEak, I+G+ b arloa nazioartekotzeko interesa duten enpresak eta erakundeak eta Agentziako bazkideak

Jakintzaren esparru bakoitzeko adituek eta profesionalek emango dituzte ikastaroak, xede eta asmo praktiko nabarmenarekin: parte hartzen duten enpresa eta antolakundeen gaitasun berritzailea hobetzea

Prestakuntza-eskaintza horren plangintza horren bidez, Berrikuntzaren Euskal Agentziaren helburua da enpresei eta erakundeei berrikuntzaren euskal ekosisteman sartzeko bidea erraztea

Aurreko urtean 433 euskal erakundeek hartu zuten parte formakuntza-programan, eta, batez beste, 10etik 8,5eko balorazioa eman zioten ebaluazioetan

Innobasquek, Berrikuntzaren Euskal Agentziak, 2025ko lehen seihilekorako doako formakuntza-eskaintza aurkeztu du, helburu garbi batekin: Euskadiko enpresa eta antolakundeen gaitasun berritzaileak hobetzea.

Urteko lehen seihilekoan, otsailean hasi eta ekainean amaitu, 24 ikastaro izango dira “Formakuntza Berrikuntzan” programaren baitan. Hiru bloketan egituratuta daude ikastaroak, eta bloke bakoitza profil jakin bati zuzenduta dago: batetik, ETEak; bigarrenik, kanpoko merkatuan interesa duten enpresak edo antolakundeak; eta, azkenik, erakunde bazkideak. Nolanahi ere, bloke eta ikastaro guztietan berrikuntza praktikoa izango da ardatz eta oinarri.

Era horretara, enpresa munduan entzute eta eskarmentu handia duen irakasle-talde bati esker, Innobasquek partaideen beharrizan eta errealitatera egokitzen du prestakuntza. Hala, formakuntza horren bidez, jarraibideak eta tresnak ematen dizkie praktikan jartzeko, eta, orobat, sarbidea eskaintzen die berrikuntzaren euskal sistemara eta edozein prozesu eraldatzailetan bidelagun izan ditzaketen eragileen sarera. Katalogo osoa, ikastaro bakoitzari buruzko xehetasunekin, eskuragarri dago jada Agentziaren webgunean.

Euskadiko hiru lurralde historikoetan egingo dira “Formakuntza Berrikuntzan” programako ikastaroak, Innobasquek konpromiso irmoa baitu berrikuntza lurralde osoko enpresa eta antolakunde guztietan ezartzeko, eta haiei kalitatezko prestakuntza-eskaintza bideratzeko.

Aurreko urtean, 433 euskal antolakundek hartu zuten parte formakuntza-programan. Partaideek, gainera, ikastaroen oso balorazio ona egin zuten ebaluazioetan, 10etik 8,5 puntu, eta batez ere haien izaera praktikoa eta enpresen benetako erronkekin bat etortzea azpimarratu zuten.

Partekatu

Beste berri batzuk