Innotech by Innobasque: gune berri bat Makina-Erremintaren Biurtekoan, Europak kofinantzatutako proiektu berritzaileen dibulgaziorako

Albisteak, Bizkaia

Euskadiko hainbat sektoretako punta-puntako erakundeek Europako programen bidez (Horizon Europe, H2020, Smart Eureka eta Eurostars-2) kofinantzatutako proiektuak aurkeztuko dituzte gune horretan 

Azokak irauten duen denboran, erakusgai izango dira CIDETEC, EXOM Engineering, IDEKO, IKERLAN, LORTEK, Mondragon Korporazioa, Tecnalia eta Tekniker enpresa eta erakundeek gauzatutako proiektuen azalpen-posterrak, bertaratzen diren guztiek ekimen horien berri izan dezaten 

Sarrera doakoa da Innobasqueren erakunde bazkideentzat, aldez aurretik izena emanda   

Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentzia, Makina Erremintaren Nazioarteko Biurtekoan (BIEMH) izango da, Innotech by Innobasque izeneko bere espazioarekin. Ekainaren 3tik 7ra izango da hitzordua, Bilbao Exhibition Centren (BEC), eta erakusketa-eremuaren 4. pabilioian egongo da Innobasqueren gunea.    

  

Erakusleiho eta hitzaldien topagune izango da Innotech by Innobasque, eta Europako programen bidez kofinantzatutako proiektu berritzaileei buruzko aurkezpenak egingo dira. Zehazki, ikerkuntzako eta berrikuntzako 19 proiektu emango dira ezagutzera, guztira, Innobasqueren InnotechArea gune horretan. Besteren artean, CIDETEC, EXOM Engineering, IDEKO, IKERLAN, LORTEK, Mondragon Korporazioa, Tecnalia eta Tekniker enpresa eta erakundeek gauzatu dituzte proiektu horiek Europako Horizon Europe, H2020, Smart Eureka eta Eurostars-2 programen bidez. 

Era berean, unibertsitate, teknologia zentro eta enpresen artean I+G+b esparruan izan diren lankidetza-ereduak ere emango dira ezagutzera.   

Jakin zein diren proiektuak 

Aurkezpen-ekitaldiak ekainaren 3, 4 eta 5ean izango dira (astelehena, asteartea eta asteazkena), 11:00etatik 13:00era, eta interes handiko eta garrantzi bereziko proiektuak aurkeztuko dira: laser bidezko teknologia aurreratuen garapena hainbat sektoretan —makina eta ibilgailu autopropultsatuen sektorean eta sektore aeroespazialean, adibidez—  fabrikazio prozesuak optimizatzeko; AA integratzen duten produkzio-sistema moldagarriak ezartzea; big data eta biki digitalak, gizakien eta AA sistemen arteko lankidetza hobetzeko; material konposatuen fabrikazioa industria aeroespazialean, eta jasangarritasuna eta ekonomia zirkularra hobetzea fabrikazio prozesuetan.     

INFORMAZIO GEHIAGO

Partekatu

Beste berri batzuk