Irekiko da Bihotz berdeak programan berriztatzailean parte hartzeko hautapenaren izen ematea
Bihotz berdeak Gipuzkoako gazteei natura ezagutzeko luzatzen diegun gonbidapena da. Naturalisten landa-lanetan oinarrituta dagoen sei irteeretako programa honek bertako animalia, landare eta paisaiarekin gozatzeko eta ikasteko aukera eskainiko du
Kutxa Ekoguneak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak, Real Sociedad Fundazioaren laguntzaz, 12-15 urteko gazteei zuzendutako Bihotz berdeak programa berritzailea jarriko dute abian
Programa honen xedea Gipuzkoan naturzale gazteen mugimendua sortzea da
Bihotz berdeak proiektuak gazteak naturan murgiltzea izango du helburu. Horretarako, bertan nola orientatu, landare eta animaliak nola identifikatu, eta ingurune naturaleko aldaketak, fluxuak eta prozesuak irakurtzeko trebakuntza jasoko dute. Saio hauek 2020ko irailaren 27an hasiko dira eta 2021eko maiatzaren 30ean bukatu.
Taldeak biologoa den gidaria eta saio bakoitzean zientzialari gazte bat izango du lagun: naturan orientatzen dakienak, ornitologoak, entomologoak, botanikoak, mikologoak, etab.
Animaliak atsegin dituenak, mendiko txangoen zalea denak, poltsikotan intsektuak sartzeko ohitura duenak, … igandeetako plan zoragarriak eginez asetuko du zaletasun hori. Landare bildumak egin, zuhaitzak eta txoriak ezagutu, eta intsektuen bizi estrategiak ulertuko ditugu; Bihotz berde bihurtzeko aukera izango dute gaztetxoek. Ziur gaude mundua eraldatzeko giltzarriak izango direla hurrengo urteetan; horregatik sortu dugu Bihotz berdeak programa.
Partaideen hautapena
Bihotz berdeak programan parte hartzeko gazteen hautaketa egitea beharrezkoa da, naturarekiko interesa, sentsibilitatea eta jakin mina duten 30 gazteen bila gabiltza; motibazio handiko gaztetxoak, ibilbide osoa egiteko prest daudenak.
Programaren informazioa izango dute eskura Aranzadi Zientzia Elkarteko eta Kutxa Ekoguneko web orrietan eta Kutxa Ekoguneko web orriaren.
Informazio gehiago: https://ekogunea.eus/eu/ekogunea/bihotz-berdeak-2020/3-52/
edo idatz ezazu naskargorta@kutxa.eus helbidera.