ITPk 2008an 46,7 milioi irabazi zituen, aurreko ekitaldian baino %27 gehiago
ITP aeronautikako taldearen emaitza 2008an, Airbus eta Boeing buru izan duten proiektuen atzerapenek markatutako ekitaldian, %26,9 areagotu zen aurreko urtearekin alderatuta eta mozkinak 46,7 milioi eurokoak izan ziren. Bere Ebitda (emaitza operatibo gordina) 91,3 milioi eurora arte igo zen, hau da, 2007an baino %25 gehiago. Horren arrazoia, konpainiak berak adierazi duenez, «ustiapen-emaitzak hobera egitea izan da, ekoizpen “mix-a” hobetzearen eta 2007an hasitako kostu-murrizketaren ondorioz». Iragan ekitaldiko salmentek 483 milioi euroak gainditu zituzten, hau da, %15 gehiago aurreko ekitaldiarekin alderatuta. Defentsaren sektorera zuzendutakoak %26 areagotu ziren (173 milioi euro) eta esparru zibilekoak %32 (185 milioi); aitzitik, motorren mantentze- eta konponketa-lanen negozioa %11 jaitsi zen (123 milioi), batez ere, Air Nostrum-ekin eta US Army-rekin adostutako kontratuak amaitzearen ondorioz.