ITPk “Hornitzaile iraunkorraren” Pratt & Whitney Canada 2013 saria jaso du

Bizkaia

  • ITPk 2012an I+Gn egindako inbertsioaren %42 ingurumen-alderdiak hobetzeko helburuak dituzten proiektuei dagokio.

Aeronautikarako motorren sektorean diharduen Pratt & Whitney Canada enpresak ITPri eman dio hornitzaile iraunkorraren saria, Montrealen 28. aldiz egin den Supplier Event ekitaldian. Besteren artean, Pratt & Whitney konpainiaren produktuen isurpenak %50 murrizteko helburua duen “2028 Sustainability vision P&W” ekimenaren barruan kokatzen da saria. Kanadako konpainiaren 65 hornitzaile/bazkide egon dira hautagaien artean.

90. hamarkadan hasi zenetik, ITPk lehiakortasun-faktoretzat hartu du ingurumena. Hori dela-eta, konpainiaren jarduera eta arlo guztietan ezarri dira ingurumen-prebentzio eta kontrolerako irizpideak, produktuaren bizi-ziklo osoa biltzen dutenak: diseinua, fabrikazioa eta mantentzea. Konpromiso hori gauzatzeko produktu eraginkorrak diseinatu behar dira, motorraren bizi-zikloan erregai-kontsumoa eta CO2 emisioak murriztu ahal izateko. Gainera, ingurumena errespetatzen duten produkzio-prozesuak garatzen badira motorraren fabrikazio- zein mantentze-lanetarako, lantokiek ingurumenaren gainean duten eragina gutxitu dezakete.

Hortaz, ITPren ikuspegiak ingurumenarekiko konpromisoa islatzen du: “bere teknologiagatik eta produktuaren bizi-ziklo osoan ingurumena errespetatzeagatik enpresa global aitzindaria baita motor aeronautiko eta industrialen merkatuan”. Horixe bera jasotzen da 2011-2015 epealdirako Plan Estrategikoan. Planak jasotzen dituen baloreen artean etika eta erantzukizun soziala daude eta hainbat ingurumen-helburu ezartzen dira bertan, ingurumena gehiago errespetatzen duten produktuak diseinatze, CO2 isurpenak eta lantokietan ingurumen-arriskua murrizte eta ingurumen-kudeaketa bikaina lortze aldera.

I+Gn egindako inbertsioa

Aipatu konpromisoa giltzarria da negoziorako. Izan ere, ITPk jarduten duen merkatuko lehiakortasun-faktore dira, besteak beste, negutegi efektuko gasen emisioak gutxitzea eta ingurumenarekin loturiko bestelako alderdiak hobetzea, zarata kasu. Horregatik, ITPk I+Gn egindako inbertsioaren %42 –hots 49,5 milioi euro– produktu edo prozesuen ingurumen-alderdiak hobetzera bideratutako proiektuei zegokien, kontsumoa, eraginkortasuna, pisua eta egindako zarata hobetzeko asmoz.

Modu orokorrean, IPTk 2012an isuritako CO2 kopurua %14 murriztu zen aurreko urtearekin alderatuta. Taldeari dagokionez, aire-girotzearen, elektrizitatearen eta motorren proben ondoriozko CO2 emisioak %10 txikiagoak dira. Enpresa nagusian eta filialetan CO2 isuriak murriztera bideratutako ekintzak ezartzen jarraitu da 2013an.

Ziurtagiri berriak

ISO 14001 nazioarteko arauaren araberako ziurtagiri berriak lortu zituen ITPk iazko ekitaldian, Queretaron (Mexiko) eta Albaceten dituen zentroetan. Queretaroko zentroak (Mexiko), gainera, hiru sozietate biltzen ditu: ITP Ingeniería y Fabricación, ITAM eta Turborreactores. Ziurtagiri horiei eta ITP (Ajalvir, San Fernando eta Zamudio), PCB eta ITP UK zentroetan jada daudenei esker, ITP Taldeko produkzio-zentro gehienetan ingurumena kudeatzeko erabiltzen dituzten sistemek kanpo-ziurtapenak jaso dituzte.

Era berean, EMAS Erregistroaren (Kudeaketa eta Ekoauditoretzarako Sistema Europarra, gaur egun ingurumen-kudeaketari dagokion mailarik gorena Europan) araberako ziurtapenak mantendu dira ITP Zamudio, ITP Ajalvir, ITP San Fernando eta PCB zentroetan.

ITP Hegan-Euskadiko Aeronautika eta Espazioko Kluster Elkarteko kide da, Izaite-Iraunkortasunaren Aldeko Euskal Enpresen Elkartearen bazkide sortzailea, bai eta bertako presidente ere 2004an sortu zenetik.

Partekatu

Beste berri batzuk