Nazioarteko salmentetan eleaniztasunak duen garrantziari buruzko jardunaldia antolatu du Parkeak

Bizkaia

  • Elhuyar Aholkularitza erakundearekin lankidetzan egindako topaketak, nazioarteko salmenten potentziala handitzeko gakoak eta baliabideak aztertzea izan du helburu.
  • Tecnaliako Nazioartekotze Zuzendariaren eskutik, zortzi zentro teknologiko batu ostean, hizkuntzen kudeaketan izandako eskarmentua ezagutu ahal izan dute parte-hartzaileek.

Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeak eta Elhuyar Aholkularitza erakundeak antolatuta, Eleaniztasuna nazioarteko salmentetan jardunaldia hartu zuen Parkeak joan den azaroaren 8an. Josu Aztiria eta Maddi Etxebarriak gidatutako topaketan, nazioarteko salmenten potentziala handitzeko gakoak eta baliabideetaz hitz egin zen. Hizkuntzen kudeaketa zer den eta zertarako den aztertu zen lehenengo ta behin: komunikazioa hobetu egiten duela, lehiakortasuna handitu, lehiakideekiko bereizpena, enpresa hornitzaile berriengana eta bezero berriengana hurbiltzeko aukera ematen du, enpresaren hizkuntza aniztasuna antolatzen du, langileen arteko gatazkak murriz ditzake, kultur aniztasuna eta integrazioa errazten ditu, gastuak gutxitu eta salmentak handitu egiten ditu. Ingelesarekin nahikoa ez dela ere azaldu zen jardunaldian.

Hizkuntzak egoki kudeatzeko honako bost adierazle hauek erabiltzeko garrantzia azpimarratu zuten: hizkuntza-hesien maila baloratzeko eta honek duen eragina neurtzeko, hizkuntz-politika definitzeko, enpresa bateko langileen hizkuntza gaitasuna ezagutzeko eta hizkuntza beharrei erantzuteko estrategiak erabiltzeko.

Hau guztia ikusi ondoren etorri zen alde praktikoa, Ciara O’Higgins, Tecnaliako Nazioartekotze zuzendariaren eskutik; berak azaldu zuen nola kudeatzen diren hizkuntzak Tecnalian, gaur egun plataforma teknologikoa osatzen duten zortzi zentroak bategin ondoren. Fusio hau dela eta, erakundeak aldatu egin behar izan du hizkuntzak kudeatzeko modua, O’Higginsek esan zuenez, orain hizkuntza aniztasuna bultzatzen da barne araudi batzuk ezarrita, horrela merkatu bakoitzean herrialde horretako hizkuntzan lan egiteko aukera dute eta honek erakundeari ikusgarritasun gehiago ematen dio, baita salmenten potentziala handitzeko aukera ere.

Jardunaldia bukatzeko, enpresetan hizkuntza estrategiak kudeatu eta ezartzea errazten duten teknologia eta tresnak izan zituzten mintzagai.

Partekatu

Beste berri batzuk