Itsas barruko benetako ingurune batean saiakuntzak egiteko laborategi flotagarri bat jarri du martxan TECNALIAk, Europako lehena, eta BIMEPen egongo da

Gipuzkoa

  • Instalazioak Eusko Jaurlaritzaren laguntza jaso du, eta, hari esker, itsas ingurunean in situ eta kondizio erreal monitorizatuan egin ahal izango dira askotariko saiakuntzak: korrosioaren aurkako material eta soluzio berriak, zahartzea eta foulinga (inkrustazioak).
  • Itsas zabaleko energiaren negozioa handitu nahi duten euskal enpresen behar espezifikoei erantzuten die instalazioak. Euskadiko Energiaren Klusterrak sustatuta, enpresa hauek izango dira, beste batzuen artean, beren soluzioak saiatzen lehenak: Erreka, Credeblug, Ditrel, Navacel, Tubacex, Vicinay, Nem Solutions eta Sasyma Coatings.
  • Eusko Jaurlaritzak lagundu du laborategia eraikitzen eta instalatzen. BIMEP (Biscay Marine Energy Platform) plataforman kokatuko da, eta han hasiko da martxan. Itsas energiak itsas zabalean ikertzen dira plataforma horretan; Armintzan dago, eta Euskal Energiaren Erakundeak (EEE) garatu du.
  • Uretaratudute laborategia, Bermeoko portuan, eta han izan dira Arantxa Tapia, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua eta EEEko lehendakaria, Iñaki San Sebastián, TECNALIAko CEOa eta José Ignacio Hormaeche, EAEko Energiaren Klusterreko zuzendari gerentea

HARSH6Itsasoa energia iturri agorrezina da, baina baliabide energetiko izugarri hori ustiatzen duten enpresek zailtasun handi bat gainditu behar dute: sistema energetikoek oso ingurune kaltegarrian, itsasoan, biziraun behar dute. Hemendik aurrera, laborategi bat izango dute Euskadiko enpresek, Europako bakarra, materialak eta soluzioak itsas zabaleko ingurune erreal batean probatzeko. Laborategi hori TECNALIA ikerketa eta garapen teknologikoko zentroak garatu du, Euskadiko zenbait enpresak babestuta, EAEko Energia Klusterrak koordinatuta eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin.

Gaur goizean aurkeztu dute laborategia, Bermeoko portuan uretaratuta, eta han izan dira Arantxa Tapia, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua eta EEEko lehendakaria, Iñaki San Sebastián, TECNALIAko CEOa eta José Ignacio Hormaeche, EAEko Energiaren Klusterreko zuzendari gerentea. Datorren astean, laborategia Biscay Marine Energy Platformera (BIMEP) eramango dute. BIMEP itsas energiak itsas zabalean ikertzeko plataforma, Euskal Energiaren Erakundeak (EEE) garatua, Armintzan dago; zaintza etengabea du, eta laborategia, HarshLab deritzona, bizkor atzitzeko aukera ematen du.

HarshLab laborategiari esker, informazio zehatza eskuratu ahal izango da, eta materialek, osagaiek eta ekipoek ingurune kaltegarri horretan zer jokabide izango duten iragartzeko aukera emango du, luze irauten duten itsas zabaleko sistema energetikoak garatu ahal izateko. Osagaiek eta ekipoek ingurune horretan duten bizi-zikloa luzatzea da ardatz nagusietako bat itsas zabaleko energien kostuak txikiagotzeko, eta, beraz, energia-mota hori lehiakorra eta jasangarria izateko.

Instalazio horrekin, askotariko produktuak ebaluatu ahal izango dira: haize-, petrolio- eta gas-energiaren alorreko finkagarriak; urpeko manipulagailuetako monitorizazio- eta kontrol-sistemak; sistema hidraulikoak; sistema eta osagai oleohidraulikoak; piloteetan erabiltzeko hodi metalikoak; babes-estaldurak eta soluzioak; ainguratze-sistemak eta material anizkoitzeko loturak.

Enpresen zerbitzura

Itsas zabaleko energiaren merkatuetarako soluzioak hornitzen dituzten enpresei zuzendua dago laborategia. Adibidez, Erreka, Credeblug, Ditrel Industrial, Glual, Hine, Navacel, Nem Solutions, Sasyma Coatings, Tubacex eta Vicinay enpresei, zeinak izango baitira lehenak beren sistemak instalazio berrietan probatzen.

Laborategia, berez, itsas zabaleko energiak sustatzeko diseinatu da, baina beste sektore batzuk ere baliatu ahal izango dira hartaz; bestek beste, ontzigintza, komunikazioak eta kirolak. Profesionalak itsas zabaleko inguruneetan trebatzeko ere balioko duela uste dugu.

Laborategi honek badu berrikuntza handi bat, itsas zabaleko ingurune erreal batean saiakuntzak egiteaz gain; hain zuzen ere, analisiak hiru zonatan egiteko aukera ematen du: zipriztingunean (splash, olatuak hausten diren tokian), urpean (ur-azalaren azpian, zenbait sakoneratan) eta atmosferaren eraginpean dagoen ingurunean (ur-azalaren gainetik). HarshLab1.0 beste laborategi handiago eta konplexuago baten lehen prototipoa da. Beste laborategi hori garapen-fasean dago, eta, aurreikuspenen arabera, datorren urtean jarriko da martxan. HarshLab2.0 laborategiak oraingoaren ahalmen guztiak izango ditu, eta, gainera, elikatze elektrikoa behar duten ekipo konplexuagoak eta astunagoak balioesteko aukera emango du. Beste esposizio-ingurune batzuk ere gehituko zaizkie oraingoei, saiakuntzak gune konfinatuetan (sotoan) eta itsas hondoan ere egiteko.

HarshLab laborategia garatzeko, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapena eta Azpiegiturak Sailaren laguntza jaso da, Hazitek programaren bitartez (HARSH proiektua), baita Lehendakaritzaren Berrikuntza Funtsaren zuzeneko finantzazioa ere; orobat jaso da sortzen ari diren itsas energia berriztagarrien teknologiak probatzeko eta baliozkotzeko inbertsioentzat Energiaren Euskal Erakundeak duen laguntza-programarena ere, EAEko 2014-2020ko Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF) babestuta.

TECNALIAri buruz

Ikerketa eta garapen teknologikoko zentro bat da TECNALIA, erreferentziakoa Europa osoan. Hogeita hamar herrialdetako 1.400 aditu ditu, guztiak ere teknologia BPG bihurtu eta gizakion bizi-kalitatea hobetzen biziki saiatzen direnak, enpresentzat negozio-aukerak sortuz.

www.tecnalia.com

Energia Klusterrari buruz

Energiaren Klusterrean biltzen dira energiaren sektoreko balio-kateko EAEko energia nagusiak (energia-operadoreak, ekipo- eta osagai-fabrikatzaileak, ingeniaritzak eta zerbitzu-enpresak), Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sareko eragileak eta energiaren alorrean ardurak dituzten administrazio publikoko organismoak. Gaur egun, 168 bazkide baino gehiago ditu, eta lan asko egiten du alor hauetan: nazioartekotzea, garapen teknologikoa eta enpresa-berrikuntza.

http://www.clusterenergia.com

Partekatu

Beste berri batzuk