JakinCode startup-ak smart manufacturing arloko konponbideak garatzen ditu sektore industrialerako

Araba

JakinCode startup arabarrak informazioaren mantenimendua eta segurtasuna kudeatzeko softwarea egiten du ingurune industrialetarako, aplikazio espezifiko eta pertsonalizatuak garatuz enpresa bakoitzarentzat. YUZZ Álava lehiaketaren 2014ko edizioa irabazi zuen.

jakincode-640x277JakinCode enpresa gazteak garatzen dituen konponbideak smart manufacturing kontzeptuaren esparrukoak dira. Potentzial handiko sektorea da eta oinarritzat ditu IKT, big data, lainoko azpiegiturak eta makinen konektagarritasunarekin lotutako detekzio sistemak; eta horiek guztiak erabiliz, zerbitzu berriak sortzen ditu prozesu industrial guztien kudeaketa hobetzeko.

JakinCode 2014ko urrian sortu zen eta bi software aplikazio garatu ditu. Lehenengoa, Asset Management, modulu bat da eta makinen eta bestelako aktibo industrialen mantenimendua kudeatzen du prebentziotik abiatuta, hau da, intzidentzia posibleei aurrea hartuz eta baliabide tekniko eta humanoak optimizatuz. Software horren bidez identifikatu daitezke behin eta berriro errepikatzen diren matxurak, produkzioa moteltzen duten lineak edota matxura goiztiarra jasateko arriskuak, eta erabakiak hartzeko baliagarria den informazioa ematen du. Mikel Díaz de Arcaya eta Diego Gil, JakinCode enpresako sustatzaileen esanetan, aplikazio horri esker %10-15 murrizten da mantenimenduaren urteroko kostua.

JakinCode Information Security da bigarren softwarea, eta aukera ematen du enpresa bateko informazioaren konfidentzialtasuna, segurtasuna eta disponibilitatea bermatzeko. Mikel Díaz informatikako ingeniariak dioenez, software aplikazio horiek lehiakortasun abantaila garrantzitsu bat dute: sistema oso erraza da erabiltzeko eta pertsonalizatzeko. “Ez dugu ezer berririk asmatu, mota honetako programak lehendik ere existitzen dira, baina guk eskaintzen duguna da enpresa bakoitzaren neurriko konponbidea eta bilakaeraren araberako mantenimendua ere bai”.

JakinCode Mikel Díazen ikasketa amaierako proiektuaren ondorioz sortu zen eta ekintzaile gazteentzako YUZZ programaren azken edizioan Arabako egoitzako irabazlea izan zen. CEiAn kokatuta dagoen enpresa horrek dagoeneko hasi du bere jarduera komertziala sektore industrialarekin eta Euskadiko 12tik gora enpresak esan dute interesaturik daudela plataforma horretan.

Partekatu

Beste berri batzuk