Jaurlaritza eta 10 euskal enpresa elkarlanean aritu dira Vito elektrikoan, 13,5 milioi euroko proiektuan

Araba

I+Gari laguntzeko Etorgai programaren zati den lanaren balantzea aurkeztu du lehendakariak, aurten 42 milioi eurorekin hornituta dagoena eta inbertsio pribatuko beste 80 milioi ere mobilizatuko dituena. E-Vito proiektu horretan inbertituriko euro publiko bakoitzak 2,26 euro pribatu mobilizatzea lortu du. Hamar euskal enpresak eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako bost agentek, Mercedes buru dela, parte hartu dute garapenean. Partzuergoa osatu duten enpresen 8 patente izan dira proiektu horren emaitza.

Eusko Jaurlaritza, 09/03/2012

Etorgai E-Vito proiektuaren balantzea aurkeztu du gaur Patxi López lehendakariak Arabako Teknologi Parkean. 13,5 milioi euro (9,5 milioi jatorri pribatukoak eta 4,1 milioi Eusko Jaurlaritzarenak) mobilizatu dituen proiektu horrek euskal automozio-sektorearen garapena eta auto elektrikoaren nazioarteko merkatuaren eskakizun berrietarako egokitzapena bultzatzea lortu du.

Bertan, 10 euskal enpresak parte hartu dute guztira, Mercedesen lidertzarekin, baita Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko bost agentek ere. Vito E-Cell furgoneta elektrikoa izan da horren azken emaitza, seriean fabrikatzen den mota horretako lehenengoa, eta 2011ko otsailetik aurrera merkatuan izango dena. Mila furgonetatik gora fabrikatu dira jada.

Mercedes buru duen eta enpresa horrek berak koordinatu eta inplementaturiko proiektu estrategiko hori bultzatzeko Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak bideraturiko aurrekontua 4,1 milioi eurora iritsi da. Horrela, inbertituriko euro publiko bakoitzeko 2,26 euro pribatu mobilizatu dira.

Lankidetza publiko-pribatuaren garrantzia nabarmendu du lehendakariak, baita I+Garen aldeko apustu garbia ere, berrikuntza gehien aplikatzen duten eta nazioartekotzen diren enpresak baitira gehien hazten direnak, lehendakariak berak adierazi duenez.

Ildo horretan, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plan berria nabarmendu du, 2011-2015 aldian 8.946 milioi euro mobilizatzea aurreikusten duena. Abenduan onarturiko plan horrek Euskadin I+Gari eskainitako gastuko BPGaren % 3ko maila gainditzea du erronkatzat. Aurten lehen aldiz gainditu du % 2ko maila Euskadin eta EB-15aren batez bestekoa berdindu du.

Gainera, zehaztu du erronka hori euskal enpresen inplikazioarekin soilik gainditu ahalko dela, eta ondorio biderkatzailea gertatzen bada betiere, I+Gan inbertituriko euro publiko bakoitzeko inbertsio pribatuko beste 2 euro mobilizatzea eragiten duen ondorio biderkatzailea, proiektu honetan gertatu den bezala.

e-VITO proiektua (Etorgai)

Etorgai ekimena Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren enpresen I+Gari laguntzeko eta izaera estrategikoa duten industria-ikerketako proiektu integratuetan lankidetza sustatzera bideratutako programetako bat da

Etorgai E-Vito proiektuak, zeinaren trakzio-enpresa Mercedes izan den, automozioaren sektoreko hamar euskal enpresek garatutako ezagutza eta gaitasun teknologikoak integratu ditu: CIE Automotive, CIE Inyectametal, Cikautxo, GKN Driveline, Maser, Estampaciones Vizcaya, Inauxa, P4Q Electronics, GAT Staf, eta, noski, Mercedes. Eta Zientzia eta Teknologiako Euskal Sareko lau agente: Robotiker Fundazioa, Autotech Engineering AIE, CIE I+D+i Fundazioa, Edai Technical Unit AIE eta AIC Automotive Intelligence Center Fundazioa.

Partekatu

Beste berri batzuk