Jaurlaritzak atzerrian proiektuak egin nahi dituzten enpresentzako aholkularitza eskainiko du Intergune2015 foroan
- SPRI Taldeak antolatutako Intergune foroa apirilaren 27tik 29ra egingo da EAEko hiru teknologi parkeetan.
- Iaz Garapenerako Euskal Agentziak 359 laguntza-zerbitzu eman zituen 176 enpresarentzat.
Intergune2015 foroaren aurtengo edizioan euskal enpresek jakingo dute beren proiektu eta ekimenek ba ote duten aukerarik atzerrira irteteko. SPRI Taldeak (Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren menpe dagoen enpresen garapenerako agentziak) antolatzen du foroa eta apirilaren 27, 28 eta 29an egingo da. Foroan zehar konpainiek bertatik bertara galdetu, egiaztatu eta aztertu ahal izango dute beren negozio proiektu eta ekimenek ba duten aukerarik gure mugetatik kanpo irteteko, eta nolanahi ere Eusko Jaurlaritzaren laguntza izango dute nazioartekotzeko.
Iaz SPRIk 359 laguntza-zerbitzu eman zituen 176 euskal enpresarentzat, nazioartekotu nahi duten enpresek eskura duten eskaintzaren erakusgarri. Iazko otsailetik martxora egindako Intergune2014 ekitaldian 598 elkarrizketa egin ziren, gehienak Europari buruzkoak (213 elkarrizketa, %35,62).
Aurtengo foroan SPRIk munduan barrena dauzkan ordezkariek (kanpo sareak presentzia du 70 herrialde baino gehiagotan, eta bulego propioak horietako 15etan) era askotako laguntzak eta informazio orokor nahiz partikularra emango dizkiete euskal enpresei, dela herrialde edo eremu geografikoei buruz, dela aurkezten dituzten negozio proiektuen alderdi zehatzei buruz. Bilera horietan baloratuko dute, adibidez, atzerriko negozio-aukera batek ba ote duen behar adinako giza baliabiderik eta baliabide ekonomikorik, produktua lehiakorra den edota jarduera sektoreak ba ote duen merkatu nitxorik hautatutako herrialdean. Gainera, kontsumoaren bilakaerari eta joera aldaketei buruzko informazioa emango dute, azalduko dute aldaketa horiek nola eragin duten merkatuko lehentasunetan eta zeintzuk diren herrialde garrantzitsuenetako aukera eta zailtasunak. Parte hartu nahi dutenek izena eman dezakete http://www.spri.eus/eventos/intergune-2015-spriren-kanpo-sarean-euskadin helbidean.
Intergune2015 hiru lurraldeetan egingo da. Apirilaren 27an Bizkaiko Teknologi Parkean izango da eta Peru (negozio eta inbertsio aukerak eta enpresak eratzeko marko legala) eta Estonia (Baltikorako atea, 200 milioi kontsumitzailerekin) izango ditu ardatz. Apirilaren 28an Gipuzkoako Teknologi Parkean antolatuko da, non gai hauek landuko baitira: Irango aldaketak eta negozio aukerak, Txinaren egungo egonkortasun egoera eta bere ekonomiaren etorkizuna, eta I+G+B-ren nazioarteko finantzaketa. Apirilaren 29an izango da azken jardunaldia, Arabako Teknologi Parkean egingo da eta gaikako hitzaldiak eskainiko dira: giza baliabideen eta zerbitzu profesionalen kudeaketa Estatu Batuetan, Japoniaren aukera eta erronkak eta Marokon inbertitzeko aukerak.