Jaurlaritzak, bederatzi klusterrek, 78 enpresak eta, Lehendakaria buru, bidaian parte hartu duten beste erakundeek balantze positiboa egin dute. Misioan 200 bat bilera egin dituzte, besteak beste, hiru ministrorekin; euskal enpresa baten instalazio bat inauguratu da eta Mondragon Korporazioarekin hitzarmen bat sinatu da ezarpen berriak ahalbidetzeko. Euskadik irudi oso ona eman du: gaitasun handiko herrialdea, sektore lehiakorrak dituena eta industriari garrantzia ematen diona.
Eusko Jaurlaritza, 26/03/2012
Gaur, Euskadi eta India lehengo astean baino hurbilago daude elkarrengandik. Patxi López lehendakariak bideratutako enpresa-misioari esker Asiako herrialde horretako merkaturako bidea zabaldu zaie euskal konpainiei. Helburu nagusia hori zen eta bete da, ongi bete ere; horretaz gain, euskal konpainien gaitasunak ezagutarazi dira, eta Euskadiko eta Indiako enpresen artean merkataritza-harremanak, kasu batzuetan, hasi egin dira eta, beste batzuetan, sendotu.
Enpresa-misioan honako hauek parte hartu dute: Eusko Jaurlaritzak, Arabako eta Gipuzkoako merkataritza-ganberek, hainbat sektoretako 78 enpresak, bederatzi klusterrek, Confebaskek, Tecnalia zentro teknologikoak, Bilbao Exhibition Center-ek, Bilboko Portuak, Orkestra Lehiakortasunerako Euskal Institutuak. Agente guztien arteko lankidetza (esaterako, ganberen eta enpresaburuen elkarteen artekoa) funtsezkoa izan da Indiako erakundeen aurrean sendotasun-irudia emateko.