Kolonbian egin den Zientzia eta Teknologia Parkeen Nazioarteko lehen biltzarrean hartu du parte Bizkaiko Parkeak

Bizkaia

  • Parkeko Berrikuntza Zuzendariak parkearen garapen eredua azaldu du, Boyaca eskualdean egin den topaketan.

Kolonbiako Boyaca eskualdeak, herrialde hartan egin den Zientzia eta Teknologia Parkeen lehen topaketa hartu du aste honetan. 300dik gora lagun bildu dituen topaketak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza izan ditu ardatz nagusi. Antolatzaileek Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeari egin zioten biltzar honetarako gonbitea eta Marian Ibarrondo, Berrikuntza zuzendaria izan da Parkearen izenean parte-hartu duena.

Bizkaiko Parkearen bilakaera eta, bereziki,  garapen eredua nola eraiki den azaldu zuen Ibarrondok asteazkenean egindako aurkezpenean; eredu honen barruan, iraunkortasunak izan duen garrantzia azpimarratu zuen Berrikuntza Zuzendariak, arlo horretan Bizkaiko Parkeak emandako urratsen berri ematearekin batera.

Biltzarren zehar, tokian tokiko ekonomiaren etorkizunerako Parke Teknologikoak oinarrizko zutabeak direla azpimarratu dute, behin eta berriro, Kolonbiako toki desberdinetatik bertaratutako ordezkariek, baita Boyacako agintariek ere.  Boyacako Gobernadore Juan Carlos Granadosek, eskualde horretan hiru Parke Teknologiko egiteko proposamena aurkeztu zuen biltzarrean egindako agerpenean, 40 milioi euro inguruko aurrekontuarekin. “Lehiakorrak izateko gure berezitasunak indartu behar ditugu eta Boyacaren abantaila nagusia bere jarduera ildoak zehaztuta izatea da” adierazi zuen Gobernadoreak.

Partekatu

Beste berri batzuk