Lehendakariak Achucarro Basque Center for Neuroscience zentroaren egoitza berria inauguratu du

Bizkaia

  • Neurozientzien oinarrizko ikerketarako Achucarro zentroan 10 ikerketa talde ari dira lanean egun
  • Endekapenezko neurologia-gaixotasunen (Alzheimer edo Parkinson), istripu kardiobaskularren (Iktusak) edo gaixotasun autoimmuneen (Esklerosi anizkoitza, kasu) ikerketan dihardu zentroak

lhk_achucarro_centerIñigo Urkullu lehendakariak, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuarekin batera, neurozientzien oinarrizko ikerketarako Achucarro (Achucarro Basque Center for Neuroscience) zentroaren instalazio berriak inauguratu ditu gaur goizean, UPV/EHUko Zientzia Parkean, Leioan. Horiez gain, ondokoak ere inauguraziora bertaratu dira: Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) errektore Nekane Ballueka, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuorde Adolfo Morais, Achucarroko Patronatuko presidente ere badena, eta Leioako alkate Mª Carmen Zubieta, beste hainabt agintariren artean.

Achucarro zentroko Zuzendari Zientifiko eta UPV/EHUko Neurozientziak Saileko Katedradun Carlos Matute irakasleak ireki du ekitaldia. Instalazio berriak eta zentroak Euskadiko unibertsitate eta ikerketa komunitateari eskaintzen dizkion ikerketa-bitartekoak aurkeztu dizkie Matutek lehendakariari eta bertaratutako guztiei.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Ikerbasque -Zientziarako Euskal Fundazioarenbidez eta UPV/EHUk garunaren biologiari buruzko bikaintasuneko euskal ikerketa zentroa 2012. urtean sortu zuten, “Achucarro Basque Center for Neuroscience” izenarekin, Eusko Jaurlaritzako BERC (Basque Excellence Research Centres) zentroetako familiaren baitan.

Zentroak Nicolas Achucarro y Lund (Bilbo, 1880-1918) doktorearen figura nabarmentzen du. Achucarro lehen euskal neurozientzialaria izan zen eta bere ikerketaren zati bat Achucarro zentroaren espezializazioa den lan-arloan garatu zuen gainera.

Instalazio berriak Leioan

Achucarro zentroaren instalazio berriek Sede eraikineko hirugarren solairua hartzen dute, Unibertsitateak Leioan duen campusaren aldamenean dagoen UPV/EHUko Zientzia Parkean. Leioako Zientzia Parkean ezarri ahal izateko lanek 1,5 milioi euroko kostua izan dute, Eusko Jaurlaritzak ordainduak.

2000 metro koadro inguruko eraikitako azalera duela, ikerketa laborategiak hartzen ditu zentroak, egun Achucarro osatzen duten 10 taldeetako 9ren laborategiak. Hamargarrena Medikuntza eta Erizaintza Fakultatean dago, Neurozientziak sailean zehazki, abangoardiako zientzia-ekimen honen iturria den unibertsitate zentroan, alegia.

Zamudioko Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean egon den behin-behineko kokapenetik egoitza berrira aldatu diren instalazio eta ekipamenduen artean, ondokoak dira nabarmentzekoak: mikroskopia aurreratuko unitateak (STED bereizmen itzeleko bere mikroskopio bereziarekin eta 2 fotoiko mikroskopio berri batekin), zelulak aztertzeko unitatea, proteomikakoa, zelulak hazteko 2 laborategi, perfusio gela, kirurgia, izozkailua, etab.

Ikerketa

Izan ere, Achucarro zentroak garatzen duen ikerketa-lana eta lan-arloa oso berezia da eta horrexegatik aukeratu zuen proiektua Jaurlaritzak, beste proiektu estrategiko askoren artean, sortua eta garatua izan zedin Eusko Jaurlaritzak berak diruz laguntzen dituen beste 8 BERC zentroekin batera.

Achucarro zentroaren ikerketa-lanak garuneko zelulen artean gertatzen diren elkarrekintzen inguruko ezagutza zabaltzea du helburu, osasuntsu dagoenean zein zahartzen hasten denean, eta gehienbat, endekapenezko neurologia-gaixotasunak (Alzheimer, Parkinson, etab.), istripu kardiobaskularrak (Iktusak) edo gaixotasun autoimmuneak (Esklerosi anizkoitza, kasu) eta antzekoak ematen direnean ere.

Achucarro zentroa, egun, garuna ikertzea xede duen munduko zentro bakarra da eta bere ikerketaren ardatz nagusia da “garuneko beste zelulak”, gliak direlakoak, ezagutzea. Garuneko neuronak aski “ezagunak” badira ere, oso jende gutxik izan du zelula glialen berri eta hauek neuronak bezain garrantzitsuak dira, funtsezko eginkizunak betetzen baitituzte komunikazioan, elikagai-euskarrirako eta garunaren garbiketan, besteak beste, osasuntsu zein gaixo dagoen garunean.

Achucarro Basque Center for Neuroscience zentroari buruz

Achucarro zentroa 80 pertsonak osatzen dute egun, ikertzaileak eta kudeatzaileak batuz gero, eta horietako 60k (% 75ak) egunero lan egiten du egoitza berrian. Besteek, taldeek Medikuntza eta Erizaintza Fakultatean dituzten laborategietan lan egiten dute, unibertsitate campusean.

Instalazio berriak ireki arte, Achucarro zentroko langileak 4 kokapen ezberdinetan banatuta zeuden, Zamudio eta Leioa artean. Zientzia Parkeko kontzentrazio honekin, Achucarrok operatibitate handiagoa izango du, bai eta pertsona eta bitarteko berriak erakartzeko gaitasuna ere, zentroa nazioartean proiekzio handia duten ikertzaile berriak biltzeko prozesuan murgilduta baitago oraindik. Aurreikuspenen arabera, zentroak 2021. urtean lortuko du hazkunde-fase egonkorrera iristea eta, orduan, 100 langiletik gora izango ditu.

Partekatu

Beste berri batzuk