I. Akziodunen Batzarra egin du Siemens Gamesa Renewable Energy-k Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean

Bizkaia

Iragan apirilean, Gamesa-k eta Siemens-en negozio eolikoen dibisioak bat egitearen ondorioz sortutako Siemens Gamesa konpainiak bere lehenengo Akziodunen Batzar Nagusia egin du Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean.

Siemens Gamesa_JGA (II)Gai-zerrendako hainbat puntu onetsi zituzten Siemens Gamesa-ko akziodunek, besteak beste, Markus Tacke kontseilari delegatu (CEO) izendatzea.

“Unerik egokienean gauzatu da gure konpainia sortzeko fusioa. Bat-egiteak handiago egiten gaitu, beste maila batean gaude orain. Egungo industria-esparru estutik haratago lehiatzea dugu helburu: irabazteko nahia dugu eta, hori lortzeko, bikain kokatuta”, adierazi du Tackek.

Siemens Gamesa-ren helburu eta lehentasunak birpasatu ditu kontseilari delegatu berriak bere mintzaldian. Lehenik eta behin, negozioaren jarraitutasuna bermatzea, bezeroari eskaintzen zaion zerbitzuaren kalitate gorenari eusteko; bigarrenik, integrazio azkar eta arin baten alde jardutea eta, azkenik, negozio berriak eskuratzea errentagarritasuna mantenduta.

Horretarako, “presentzia global zabala dugu, harreman sendoak ditugu bezeroekin, bai eta fabrikazio-ahalmen global eta handia ere. Industriako produkturik fidagarri eta eraginkorrenetarikoak eskaintzen ditugu, 75 GW-ko oinarria instalatua dugu eta 21.000 milioi eurokoa da gure eskabide-zorroa. Eta, garrantzitsuena: motibazio eta talentu handia duten profesionalez osatutako taldea dugu”, nabarmendu du.

Bestalde, Administrazio Kontseilu izendatu berriko presidente Rosa Garcíak azpimarratu duenez, Gamesa-ren eta Siemens Wind Power-en bateratzea bi aldeen batuketa baino askoz gehiago da. “Gure indarguneak uztartuz, munduko erreferentzia bihurtu gara; eta, egindako ibilbide arrakastatsuei esker, protagonistak izango gara etorkizuneko mapa energetikoaren osaketan”.

Garcíak adierazitakoaren arabera, elkarren arteko osagarri dira enpresa biak, bai kokapen geografikoari eta bai produktu- eta zerbitzu-zorroari dagokionez ere. Gainera, konpainiako talde kudeatzailearen eta langileen konpromisoaz baliatuz, “bezeroei erantzun lehiakorra eskain diezaiekegu, eta zuei, gure akziodunoi, eta dihardugun komunitateei ahalik eta erretornurik handiena. Ondorioz, lan egiteko konpainia hobea gara orain, aberastasuna eta enplegua sortzen dituena”.

Euskadiren eta Nafarroaren aldeko apustua

Euskadin ditu erroak Siemens Gamesa-k, bertan jaio baitzen Gamesa, baina baita Nafarroarekin ere, non presentzia handia duen. “Gure erakundetik haratago doa lotura hori, Espainian dugun hornitzaile-sare sendora ere zabaltzen delako. Hori ez da aldatuko”. Eta gehitu du: “Gora egin eta munduan zehar hedatu nahi duen edozein erakunderentzat funtsezkoa da erro sendoak edukitzea”.

Era berean, Administrazio Kontseiluko presidente Rosa Garcíak azpimarratu duenez, konpainia berriak “lotura estua du” Espainiarekin, bereziki, Euskadirekin eta Nafarroarekin, bertan baitago Siemens Gamesa-ren egoitza. “Integrazioari esker, urrunago heldu ahalko gara, azkarragoa izango da gure hedapena; baina ez diegu ukorik egingo ez gure erroei ezta sortu ginenean hartutako konpromisoei ere”.

 

Partekatu

Beste berri batzuk