Makina-erreminten sektoreak ongi amaitu zen
Urte konplexua izan da oro har eta azpisektoreetan desberdintasunak egon dira, baina zifra orokorrek inoiz izandako fakturazio eta esportazio handiena lortzera eraman dute berriz ere sektorea
Inflazioaren eragina kenduz gero, ia-ia 2008. urteko mailetara itzuli da sektorea
Inbertsioak nabarmen hoztu direla sumatu da, baina metatutako eskaeren zorroari esker, 2019ko jarduera-mailak iazkoen antzekoak izango direla iragar daiteke
Makina- erreminten eta fabrikazio aurreratuaren sektoreak mugarri berria jo du 2018. urteko fakturazioan,1.796,1 milioi eurotara (behin betiko zifrak) iritsita, 2017ko datuaren aldean (1.703,5 milioi euro) fakturazioa % 5,4 igotzerakoan. Azpisektore guztiak aztertuta, honako hauek izan dute portaera onena: harroketak (+% 15,7), osagaiek (+% 6,9), erremintek (+% 4,6) eta mekanizazio eta zerbitzuek (+% 24,2). Aldiz, 2017an hazkunde handiena izan zuen azpisektoreak, deformazioaren azpisektoreak, ezin izan du ekidin ekitaldi honetan % 7,38 beheratzea.
AFMko lehendakariaren, César Garbalenaren, hitzetan: «2017. urtean, automobilgintzaren gorakada nabarmenak hazkunde handiko zifretara bultzatu zuen deformazioaren azpisektorea; aldiz, 2018. urtea nabarmen hobeagoa izan da harroketarako, deformaziorako baino. Nolanahi ere, azken bi urteetan metatutako eskaeren zorro onari esker fakturazio-mailari eutsi zaio, urte hasieran egin genituen aurreikuspenekin bat etorriz».
Bestalde, esportazioak % 10 hazi dira ia-ia, eta beraz, inoiz lortutako zifra onena izan du sektoreak: 1.363,2 milioi euro, 2017. urtean lortutako 1.239,8 milioi euroen aldean.
MAKINA-ERREMINTEN ESPORTAZIOAK 2018AN
Herrialde hauek izan dira espainiar fabrikatzaileen bezero nagusiak: lehenik, Alemania (esportatutako guztiaren % 13,7); bigarrenik, Mexiko (% 9,7); eta, hirugarrenik, Txina (% 9,2). Haien atzetik, AEB (% 8,6) eta Portugal (% 7,1) etorri dira; eta, jarraian, Frantzia, Italia, Erresuma Batua, Txekiar Errepublika eta Polonia.
César Garbalenak honako hau baieztatu du merkatuei buruz: «Gure esportazioek gertuko merkatu batzuetan izandako portaera bikaina nabarmenduko nuke: Portugalen (zifrak % 25 hazi dira
2017koen aldean), Frantzia (+% 22) eta Italian (+% 17), eta Txekiar Errepublikan (kasu honetan, 2,2 aldiz handiagoa izan da zifra), Europari dagokionez. Amerikako kontinentean emaitza bikainak ditugu oraindik ere Estatu Batuetan (+% 14,9) eta Mexikon (+% 10,7). Asiak aurreko urteetan izandako bultzada galdu du, eta Txinarako % 5 handitu arren, Indiarako % 30 jaitsi dira esportazioak 2017ko zifrarekin alderatuz gero, eta ia-ia 2016ko zifra berdindu da; beraz, lehenengo 10 merkatuen zerrendatik kanpo geratu da».
BARNE-MERKATUKO SALMENTAK MOTELDU DIRA
Espainia munduko bederatzigarren ekoizle eta esportatzailea dela kontuan hartuta, kontsumoari dagokionez urrun dago antzeko ekoizpen eta esportazio zifrak dituzten beste herrialde batzuetatik.
2018an apenas laburtu da distantzia hori, eta kontsumoaren hazkundea hutsala izan da (% 0,72). Honako hau adierazi du Garbalenak barne-merkatuari buruz: «Berriz azpimarratu nahi dugu garrantzitsua dela Espainian makina-erreminten eta beste ekoizpen-ekipo batzuen kontsumoa sustatzea, inbertsioak erakargarriago bihurtuko dituzten politika fiskalen bitartez. Herrialde gisa gure lehiakortasuna baldintzatzen duen kontu bat da: herrialde industriala izaten jarraitu nahi badugu, ekipamenduan inbertitu behar dugu».
2019RAKO AURREIKUSPENA
2018an, aurtengo urtearen hasieran aurreikusi bezala, % 3,5 hazi ziren eskariak. Harroketak zifra hobeak lortu zituen, fresaketaren azpisektorearen bultzadari esker, eta % 7,8 hazi zen; deformazioa, aldiz, pixka bat beheratu zen (–% 1,6).
Garbalenaren arabera: «2018ko azken zatian, arrazoi ezberdinengatik bizitako ziurgabetasunak oinarrizko sektore batzuetako inbertsio-planak hoztu zituen, eta badirudi 2019. urtean berdintsu jarraituko duela».
Eskuartean ditugun lehenengo lauhilekoko behin-behineko datuek eskarien beherakada erakusten dute, eta gure jarduerari eragin arren, badirudi hein handi batean konpentsatu ahal izango dugula, oro har eskari-zorro ona dugulako.
Zuzendari nagusiak, Xabier Ortuetak, honako hau esan du: «Eskaera-zorro horri esker, fakturazio- maila ona izango dugu 2019an, baina aurreikuspenen arabera, baliteke iazkoa baino txikiagoa izatea. Orain, ziurgabetasun handiagoko egoera batean, eta inbertsio berriei buruzko erabakiak nahi baino gehiago atzeratzen ari direnean, sektore gisa aurten behar adina eskaera biltzea da gure kezka nagusia.»
2019KO EKITALDIAK
- AFM CLUSTERREN BILTZAR NAGUSIA: maiatzaren 17an Orona Fundazioan, Hernanin
- +INDUSTRY 2019: ADDIT3D-SUBCONTRATACIÓN-INDUSTRY TOOLS-BEDIGITAL-WORKINN: ekainaren 4tik 6ra, BECen (Bilbo)
- EMO HANNOVER 2019: irailaren 16tik 21era, Hannoverren
- FABRIKAZIO AURRERATUAREN ETA DIGITALAREN ETA MAKINA-ERREMINTAREN 22.
- KONGRESUA: urriaren 23tik 25era Donostian, Gipuzkoako Parke Zientifiko eta Teknologikoan