MANUMIX PROGRAMA EUROPARRAREN ARRAKASTA, FABRIKAZIO AURRERATUAREN INDUSTRIA-SEKTOREA INDARTZEKO BERRIKUNTZA-POLITIKAK TRUKATZERA BIDERATUA
2017an Piemonte, Lituania eta Galesekin batera sortutako eskualde arteko lankidetza-proiektu honen parte da Euskadi
Eusko Jaurlaritza eta Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentzia, Euskadik ekimen honetan duen parte-hartzearen buru dira, lehiakortasunean eta eskualde-garapenean espezializatutako Orkestra-ren aholkularitzarekin
Gaur bazkide guztiek parte hartu dute “Europan Fabrikazio Aurreratua sustatzea eskualde arteko lankidetzaren bidez” webinarrean
Industria lehiakorra duten eskualdeek eta herrialdeek hobeto aurre egiten diete krisi-mota guztiei. Errealitate horretaz jabetuta, Euskadik, Piemontek, Lituaniak eta Galesek indarrak batu zituzten 2017an MANUMIX Interreg Europe partzuergoaren bidez, fabrikazio aurreratuko beren berrikuntza-politikak konbinatzeko, horrela eskualde horietako bakoitzean industria-sektorea indartzeko. Eusko Jaurlaritzak, Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak, Galesko Gobernuak, Finpiemonte sozietate publikoak, Lituaniako Research and Higher Education Monitoring and Analysis Centrek (MOSTA) osatutako taldea da, lehiakortasunean eta eskualde-garapenean espezializatutako Orkestra euskal erakundearen aholkularitza duena.
Industriak BPGari egiten dion ekarpenaren proportzioa 2020rako % 20raino handitzeko Europako Batzordeak ezarritako helburuaren ondorioz, industria-eskualde askok fabrikazio aurreratuaren alde egin zuten, beren espezializazio adimenduneko estrategietan lehentasunezko eremu gisa. I+Geko inbertsioa garatzera, teknologia berriak enpresetara transferitzera eta ETEen finantzaketa hobetzera bideratu ziren. Gaur egun munduak bizi duen ezohiko osasun-egoerak aurrekaririk gabeko krisi ekonomikoa eragin duelarik, Europak industria-sektorearekiko konpromisoa sendotzen jarraitzen du, suspertze-faktore nagusi gisa.
Gaur goizean, MANUMIXeko kide guztiek parte hartu dute “Europan Fabrikazio Aurreratua sustatzea eskualdeen arteko lankidetzaren bidez” webinarrean. Bertan, fabrikazio aurreratuko berrikuntza-politiken eta monitorizazio- eta ebaluazio-sistemen arteko konbinazioaren emaitza errepasatu dute, eta etorkizuneko erronkak adierazi dituzte.
Programaren helburuak
“MANUMIXen helburu nagusia fabrikazio aurreratuarekin lotutako berrikuntza-politiken konbinazioaren eraginkortasuna eta efizientzia indartzea eta hobetzea da, politiken ebaluazioaren eta ikaskuntzaren bidez”, adierazi du Leire Bilbaok, Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziako zuzendari nagusiak.
Egungo osasun-alarmaren testuinguruan, “berebiziko garrantzia du erronka batzuei ─Europako industriaren digitalizazioari, balio-kateen berregituratzeari edo iraunkortasuna hobetzeari─ azkar ekiteak, teknologian eta berrikuntzan oinarrituta. Adimen artifizial, big data, robotika eta bioekonomiaren arloetan egindako aurrerapenek gure lanak, gauzak ekoizteko modua eta, oro har, gure bizitzak eraldatuko dituzte”, nabarmendu du Estíbaliz Hernáezek, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailean Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuordeak.
Maurizio Gattiglio-k, ManuFUTURE-EU Europako Plataforma Teknologikoko High-Level Groupeko lehendakari eta Prima Electro S.p.A.ko lehendakariorde denak, COVID-19aren aurrean Europako Suspertze Plana aztertu du; Plan horren helburu estrategikoa “Ekonomia berde, digital eta erresilienterako trantsizioa da, fabrikazioko teknologia berritzaileen ezarpenean oinarritua”, Gattigliok azpimarratu duenez. Plan horrek eskatzen du estatu kideek suspertze- eta erresilientzia-plan nazionalak prestatzea, 2021-2023 aldirako erreforma- eta inbertsio-agenda batekin.
Bestalde, Vincenzo Capocasale-k, Interreg Europeko Baterako Idazkaritzako finantza-kudeatzaileak, kontinenteko 30 herrialderen arteko eskualde arteko lankidetzaren egungo egoera aurkeztu du. Dagoeneko 2.930 jardunbide egoki identifikatu dira eta 866 ekintza-plan zehatz aktibatu dira. “COVID-19aren ondorioak arintzen lagun dezaketen jardunbide egokiak aurkitu behar dira”, adierazi du Capocasalek.
MANUMIXen emaitzak
MANUMIXen emaitzei dagokienez, Iñaki Ganzarainek, Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziako Proiektuen arduradunak, honako hauek nabarmendu ditu: “4.0 industriaren diagnostiko eta ebaluazio konparatibo bat garatzea tresna berriak ezartzeko, Lituanian fabrikazio aurreraturako diru-laguntzen programetan finantza-baldintzak aldatzea eskaerak sustatzeko, eta Euskal Autonomia Erkidegoko enpresen I+Geko laguntza-programa nagusia (Hazitek) optimizatzea proiektu estrategikoei hobeto laguntzeko”.
Catalina Chamorrok, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Saileko zerbitzuburuak, partzuergoak orain arte garatutako lau ekintza zehatzi heldu zien: I+Geko diru-laguntzen programan (Hazitek) aldaketak egitea Piemonterenean oinarrituta; berrikuntzako kontratazio publikoan Galesen antzeko eskema garatzea; Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren (STIP) ebaluazio eta jarraipenerako jarraibide orokorrak ezartzea; eta MANUMIX programen ebaluazio- eta monitorizazio-sistema hobetzea.
Raminta Zemaitytė-k, Lituaniako Gobernuaren Azterketa Estrategikoko Zentroko (STRATA) politika-analistak, eta Agnė Gaidamaviciene-k, Hezkuntza, Zientzia eta Kirol Ministerioko espezialista seniorrak, MANUMIXen esparruan egindako ekintzak eta partzuergoarekin bat egin aurretik zituzten erronka nagusiak zehaztu dituzte: transferentzia teknologikoaren eta, oro har, merkataritza-jardueren garapen motela.
Piemonte eta Gales
Partzuergoaren barruan, Piemontek fabrikazio aurreratuko hiru adierazle gehigarri sartzeko helburua ezarri zuen. Horri dagokionez, Susanna Longok, Finpiemonteko finantza-tresnen eta diru-laguntzen arduradunak, eta Daniela Nepote-k, IRES-Piemonteko Ikerketa Sozioekonomikoko Institutuko ikertzaile seniorrak, azaldu dutenez, eskualdeko enpresen industria-jardueren ebaluazioaren irismena zabaltzea bilatu zuten, haien ahuleziak eta indarguneak hobeto ezagutzeko, baita aldizkako analisiak egiteko ere, eskualde-politiken konbinazioaren sendotasuna eta eragina egiaztatzeko eta hobetzeko.
Greg Green-ek, Galesko Gobernuko I+G proiektu-buruak, Britainia Handiko eskualde horrek MANUMIXeko bazkideekin duen konpromisoa berretsi du, eta eman beharreko hurrengo urratsen artean, I+G sektorearen zerga-ereduetan eta finantzaketan eta kooperatibetan jarriko du arreta Galesek, eta emakumeak zientzian eta berrikuntzan duen papera indartuko du.
Azkenik, Edurne Magrok, Lehiakortasunerako Euskal Institutuko (Orkestra) ikertzaile seniorrak, eskualde arteko aliantza horretatik lortutako ikaskuntzetan jarri du arreta. Besteak beste, jardunbide egokiak identifikatzeko workshop-en erabilgarritasuna, proiektuko bazkideek aldaketarako duten orientazioa, eta alderdi interesatuek eskualde arteko ikaskuntza-ariketetan parte hartzea nabarmendu ditu.