MASMOVIL taldeak Euskadiko Teknologia Parkeko Zamudio/Derio Campusa aukeratu du I+G+Bko zentro berriaren egoitza jartzeko

Albisteak, Bizkaia

Euskaltelen instalazioetan kokatuko da, eta alderdi hauek bultzatuko ditu: adimen artifizialaren garapena eta Gauzen Interneti, sareei eta konektagarritasunari, datu-analitikari eta zibersegurtasunari lotutako ekimenak

Zentroak Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa du, tokiko talentua bultzatuko du, eta profesionalak eta startup teknologikoak erakarriko ditu Euskadiko erakunde batzuekin lankidetzan arituta

Berrikuntzagune berriak 2.600 m2 ditu eta Euskaltelek Euskadiko Teknologia Parkeko Zamudio/Derio campusean dituen instalazioetan dago

Euskaltelek 115 ingeniari baino gehiago ditu Euskadin, eta aurreikusten du datozen hiru urteetan zuzenean 40 profil tekniko hartzea, baita zeharka ere, Zentroan instalatuko diren partner-sareko proiektuen traktore gisa

Euskaltelek biztanleriaren % 85i eskaintzen dio 5G konexioa, eta estatuko zuntz modernoenaren bidez konektatzen ditu EAEko etxeen % 97. Hala, lider teknologikoa da lurraldean

MASMOVIL Taldea 350 milioi €-tik gorako inbertsioa ari da egiten, FTTH eta 5G azpiegitura modernoenak eskaintzeko Euskadin

MASMOVIL Taldeak iragarri du Euskadiko Teknologia Parkeko Zamudio/Derio Campusa hautatu duela I+Gko zentro berria jartzeko. Zentro horretan, berrikuntza-jarduerak bultzatuko ditu azken belaunaldiko produktu eta zerbitzuak garatzeko eta merkaturatzeko; egiteko horretan, teknologia berriak erabiliko ditu, eta haien bidez Taldeko bezeroak merkatuko gogobeteenak izaten jarrai dezaten lagunduko du.

Berrikuntza-zentro horren eta I+Gren eremuko negozio-linea berrien garapenaren bitartez, MASMOVIL Taldeak Euskadirekin duen konpromisoa berretsi eta lurraldean duen presentzia sendotzen du. Hala, inguruko ekoizpen- eta enpresa-ehuna sendotu eta haren eraginkortasuna areagotzen laguntzen du.

Berrikuntzagune berria Euskaltelek dituen instalazioetan egongo da, eta 2.600 metro inguruko azalera izango du taldearen jarduerarako. Garapen berriak aplikatuko ditu adimen artifizialean, zibersegurtasunean, sareetan eta konektagarritasunean, datu-analitikan eta telekomunikazioetako IoT-n, besteak beste.
Gainera, zentroak tokiko talentua erakarri eta atxikiko du, telekomunikazioen eta teknologia berrien esparruan lan egin nahi duten gazteak hartuko baititu, euskal operadoreak hezkuntzaren eta ikerketaren eremuetako Euskadiko erakundeekin dituen akordioei esker.

I+Gko zentro berriak Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa dauka, zeina erabakitasunez ari baita bultzatzen berrikuntza, hezkuntzako eta ikerketa- eta teknologia-garapeneko ekosistema, Gainera, 25 urte baino gehiago daramatza Euskaltelekin harremanetan, eta ekintzailetzako eta berrikuntzako ekosistema paregabea sortu dute esperientzia horren bidez.
Jon Ander de las Fuentes Euskalteleko zuzendari eta MASMOVIL Taldeko Euskadiko zuzendariak koordinatuko du berrikuntza-zentro berriaren proiektua. Euskadiko ekonomiari dinamismo handiagoa ekarriko dion berrikuntza-eredua bultzatzen duten enpresa gehiago ere erakarriko dituztelakoan dago, euskal partnerren eta ITren esparruko etorkizuneko startupen sare bat sortzeko.

Proiektu honetan sartzen diren enpresek beren tokia izango dute Zentroan. Horri esker, garapen-prozesuak arinagoak izango dira, proba-bankuak izango dituzte ingurune errealetan eta haien produktu eta zerbitzuen eta berrikuntzen garapenerako time to marketa bizkorragoa izango da.

MASMOVIL Taldeak Euskadiren alde egin duen inbertsioaz gainera, beste 350 milioi euro bideratu ditu lurraldeko telekomunikazio-azpiegiturak (zuntza eta 5G) modernizatzeko; aurrekontu horretatik, dagoeneko 150 M€ inbertitu ditu Euskadin eta Nafarroan 2021eko udatik.

Une honetan, MASMOVIL Taldeak presentzia handia du Euskadin. Hala, 1,3 milioi linea baino gehiago ditu: 900.000 mugikorrekoak eta 400.000 baino gehiago banda zabal finkokoak. Gainera, Euskaltelek 5G zerbitzuak eskaintzen dizkie EAEko biztanleen % 85i, eta EAEko etxeen % 97 zuntz optikoko sare modernoenera konektatuta dauzka. Horri guztiari esker, lider teknologikoa da herrialdean. Datu horiek agerian uzten dute operadoreak emaitza onak dituela eta negozioa hazten eta sendotzen ari dela.

“Harro gaude Derioko I+Gko zentro berri honekin oraingoan ere Euskadin Talde osorako berrikuntza bultzatzeaz. Euskaltelen indargune handietako bat izan da Euskadiko bezeroen beharretara egokitzen jakitea eta gure inguruko enpresen aliatu bihurtzea, joera disruptibo guztiei lehiakortasunez aurre egiten lagundu baitiegu. Gaur eman dugun pauso honek Euskadirekin dugun konpromisoa indartzen du, eta bizi dugun iraultza teknologikoan lurralde berritzaile eta aitzindari gisa sendotzen gaitu”.

Berrikuntzako eta talentua erakartzeko gune berria

Euskaltelek Bizkaian sortuko duen I+Gko zentro berriarekin, Euskadiko profesionalek lan-aukera berriak izango dituzte teknologiaren alorrean, tokiko erakundeekin egingo diren lankidetzei esker.
Datozen hiru urteetan berrikuntzagune berriko giza taldea osatuko duten profesional gehienak —pixkanaka sartuko dira— Taldeak euskal unibertsitateekin dituen hitzarmenetatik etorriko dira. Hain zuzen, Deustuko Unibertsitatearekin, EHUrekin eta Mondragon Unibertsitatearekin akordioak ditu Euskaltelek katedren, ikasgela teknologikoen, masterren edo graduondoko ikastaro batzuen bidez.
Euskaltelek 115 ingeniaritik gora dauzka orain gure lurraldean, eta zenbateko horri beste 40 profesional inguru gehituko zaizkio progresiboki datozen urteetan, lankidetza horien emaitza gisa.

Euskaltelek zentroan landuko dituen ikerketa-arloak

Adimen artifiziala telekomunikazioen munduan inplementatzera eta abangoardia teknologikoaren beste alderdi batzuetara (besteak beste, Gauzen Internet —IoT—, sareak eta konektagarritasuna, datu-analitika eta zibersegurtasuna) bideratutako ekimenak bultzatuko ditu zentro berriak. Espainian, AA, IoT eta 5G arloetan aurreikusitako jarduerak BPG osoaren % 1,62 hartuko du 2023an, eta 5Ga izango da hurrengo hamarkadan hazkunde handiena izango duen negozio-arloa.
Halaber, MASMOVIL Taldeak/Euskaltelek bere sistemetan inplementatutako software-tresna propioak garatzen jarraituko du. Izan ere, kudeaketa-eredu berritzaile, bereizgarri eta oso arrakastatsuak lortu dituzte.

Gauzen Interneti dagokionez (IoT), gailu adimendunen konektagaritasunean oinarritutako irtenbideen bilaketan eta garapenean zentratuko dira instalazio berriak. Horretarako, ikertuko da ea nola integra daitezkeen IoT sentsore, eragingailu eta gailuak hainbat sektoretan negozio-aukera berriak sortzeko. Besteak beste, sektore hauetan: etxe adimendunak, hiri adimendunak, industria, osasuna eta nekazaritza.

Sareei eta konektagarritasunari dagokienez, zentroaren ardatza izango da hurrengo belaunaldiko sare-teknologien (adibidez, egungo 5G sareak eta etorkizuneko 6G sareak) ikerketa eta garapena. Bestalde, adimen artifizialaz eta datu-analitikaz ari garela, ikertuko da nola erabil daitezkeen zerbitzu eta eragiketak hobetzeko; esate baterako, sarearen arazoak aurresateko, baliabideen kudeaketa optimizatzeko eta zerbitzu pertsonalizatuak eskaintzeko.

Zibersegurtasunari dagokionez, zentroaren jarduera sare finko eta mugikorrak, azpiegiturak, sistemak eta datuak babesteko segurtasun-soluzio aurreratuen ikerketan eta garapenean ardaztuko da. Horretarako, alderdi hauek landuko dira, besteak beste: mehatxuen detekzioa denbora errealean, jokaera anomaloen azterketa, autentifikazio segurua eta identitatearen kudeaketa.

Jarduera osagarriak

Sareko konputazioari eta zerbitzu digitalei lotutako ekimenak ere egingo dira Euskaltelen instalazio berrietan. Hala, hodei-arkitektura hibridoak, hodeian informazioa biltegiratzeko eta prozesatzeko zerbitzuak eta zerbitzuen malgutasuna eta eskalagarritasuna hobetzeko software-soluzioak ikertuko dira.

Automatizazioaren eta robotikaren esparruan, barne-prozesuak automatizatzeko eta eraginkortasun operatiboa optimizatzeko robotak erabiltzea aztertuko da.
Blockchaina ere aplika daiteke telekomunikazioen eremuan. Testuinguru horretan, erabilera-kasuak aztertuko dira, hala nola identitate digitalaren kudeaketa, autentifikazio segurua, transakzioen erregistroa eta zerbitzu fidagarri eta gardenen hornikuntza.

Azkenik, errealitate birtual eta areagotuari dagokionez, ikertuko da nola erabil daitezkeen teknologia horiek trebakuntza hobetzeko, urrunetik laguntza teknikoa emateko, bezero-esperientzia hobetzeko eta zerbitzu interaktiboak eskaintzeko.

Partekatu

Beste berri batzuk