MediaScape proiektuaren bidez telebista, sakelakoa eta Internet integratzen dituzten ikus-entzunezko esperientzia berriak sortuko dira

Gipuzkoa

Vicomtech-IK4 ikerketa aplikatuko zentroak zuzentzen du Europako MediaScape proiektua, zeinak teknologia berritzaileak garatzen baititu telebistako edukien eta erabiltzaileen dispositibo mugikorren arteko elkarreragina lortzeko. Proiektu horrek -batez ere telebista eta irrati kateei zuzendurik dagoenak- beharrezko tresna teknologikoak eskainiko ditu pantaila desberdinak integratuko dituzten zerbitzuak garatzeko. Hala, posible izango da telebistako emisioak sakelakotik kontrolatzea, eduki horiek pantailatik tabletera eramatea edo gure dispositiboetan une bakoitzean zer ikusten den erabakitzea.

MediaScapeVicomtech-IK4 zentroko proiektu arduradunek diotenez, ikus-entzunezko kontsumo esperientzia dagoeneko pantaila anitzekoa da, izan ere futbol partidu bat edo programa bat ikusten ari garen bitartean horri buruzko aipamenak egin baititzakegu sare sozialen bitartez eta edukiak partekatu. Baina oraingoz, esperientzia horiek dispositibo desberdinetatik egiten dira. MediaScape proiektuko koordinatzaile zientifiko Mikel Zorrillak azaldu duenez, “esperientzia globalago bat bilatu nahi dugu, zerbitzu bakarrarekin eduki guztiak konfiguratzeko edozein dispositibotan”. “Teknologia estandar berrietan oinarritzen ari gara dispositibo mota guztien arteko konbergentzia lortu ahal izateko”.

 

MediaScape proiektua datorren irailaren 21ean aurkeztuko dute Zinemaldian, teknologia horien potentziala ikus-entzunezko industriari erakusteko. Jardunaldian zehar proiektuaren bidez garatutako prototipo bat erakutsiko dute. Hauteskundeetarako zerbitzu bat da, zeinaren bidez erabiltzaileek aukera izango baitute denbora errealean hautatzeko zein kamera ikusi nahi duten, boto kontaketari buruzko datu pertsonalizatuak jasotzeko eta sare sozialen jarraipena integratzeko, uneoro aukeratuz zein dispositibotatik jaso nahi duten informazio hori guztia.  Europako Batzordeko kide den Thomas Küpper-ek eta BBC kate britainiarreko Sean O’Halpin-ek parte hartuko dute “Europako Multimedia Industriaren Konbergentzia: MediaScape esperientzia” jardunaldian.

Proiektuan bost herrialdetako zazpi bazkide daude, besteak beste BBC eta Bayerischer Rundfunk kateak, NEC enpresa eta IRT eta Norut ikerketa institutuak. MediaScape proiektua 2013an jarri zen martxan. Gaur egun garapenaren azken fasean dago eta aurreikuspenen arabera datorren urteko martxoan amaituko da. Proiektuko lantaldeak liburutegiak garatu ditu, eta horietako asko proiektuaren web orrian daude dagoeneko. Une honetan prototipo gehiago sortzen ari dira tresna teknologiko horien aukera guztiak erakusteko. Mikel Zorrillak esan duenez, “liburutegi horiek eskainiko ditugu broadcaster-ak aplikazio propioak garatu ditzan”, “liburutegiak teknologia irekian oinarrituta daude, asmoa baita zerbitzu formako negozio eredu berriak sortzea”.

 

Partekatu

Beste berri batzuk