Mekanizatuaren sektorearentzat espero baino zailagoa izango da 2020. urtea

Albisteak, Gipuzkoa

Mekanizatuaren eta eraldaketa metalmekanikoaren sektorearen fakturazioak % 1,2ko beherakada txiki bat izan zuen 2019an; hortaz, AFMECeko enpresa bazkide guztien fakturazio-zifra, oro har, 643 milioi eurokoa izan zen

Azpisektoreen araberako analisian, ikus dezakegu mekanizatuarenak % 0,1 soilik egin zuela behera; galdaragintza eta deformazioarena, berriz, % 4,8 jaitsi zen.

2018an urte ona izan genuen eta gure enpresak % 6,8 hazi ziren, baina ondoren, 2019an, jaitsiera minimo bat izan genuen ordura arte egonkorra zen jokaleku batean, eta pixkanaka joera aldatuko zela eman zigun aditzera. Kezka logikoa eduki arren, inork ez zituen espero pandemiak industria-jardueran eragin dituen ondorio latzak”, azaldu du Alberto Pérezek, AFMECen presidenteak.

Esportazioak % 2,7 hazi ziren 2019an, eta sektorearen fakturazio osoaren % 29,9 dira orain. Alemania (% 28,2) eta Frantzia (% 23,6) izan ziren esportazioen helburu nagusiak, eta ondotik etorri ziren Italia (% 8,7), Danimarka (% 4,6) eta Estatu Batuak (% 4,5).

AFMECeko enpresek askotariko bezero sektoreak dituzte; horien artetik, ekipo-ondasunak eta makina-erremintak (% 28,8), energia-sorkuntza (% 23,2), automobilgintza (% 15,8) eta aeronautika (% 8,4) nabarmendu daitezke, batik bat.

Enpleguari dagokionez, AFMECen elkartutako enpresek 5.143 enplegatu izan zituzten 2019an; hau da, 2018arekin alderatuz gero, apur bat murriztu zen sektoreko langile kopurua (% 0,8).

EGUNGO EGOERA ETA IKUSPEGIAK

COVIDaren ondorioz egungo egoera kezkagarria da. Industria-sektore gehienak bezala, mekanizatuaren, ebaketaren eta galdaragintzaren sektorea oso une zaila ari da bizitzen. Bezero sektore garrantzitsu batzuen jarduera (adibidez, automobilgintza eta aeronautika) oso geldo dago, eta horrek eragin nabarmena du gure enpresetan.

Alberto Pérezen hitzetan: “Martxoan, apirilean eta maiatzean asko jaitsi dira eskaerak. Une larriena igaro ondoren, enpresek erritmo onargarrian jarraitu dute lanean, aurrez zeukaten eskaera-zorroari esker, baina pixkanaka agortzen ari da eta eskaera berrien kaptazioa ohikoa baino nabarmen txikiagoa ari da izaten. Esan dezakegu gure enpresen jarduera-maila % 75 inguruan dagoela uneotan.

Eskaintzei buruzko informazio-eskean mugimendu pixka bat sumatzen hasi gara, baina oraindik ez dira eskari bihurtzen, oro har. Gure kalkuluen arabera, merkatu nazionalean normalean izaten denaren % 65ean dago jarduera komertziala, eta nazioartekoan, aldiz, % 40an”.

2020ko ekitaldian fakturazioa % 30-35 inguru murriztuko dela aurreikusi da, eta, oro har, kezka handia dago 2021ean etortzeko dagoenari buruz. Sektoreak industria-eskaria sustatu behar dela adierazi du, ezinbestekoa baita enpresen lehiakortasuna eta biziraupena bermatzeko.

Alberto Pérezek baieztatu duenez: “Oso sektore lehiakorra gara, eta inbertsio sendoak behar ditugu gure ekoizpen-maila handiari eusteko. Inbertsioa sustatzeko programei esker, enpresek ekoizpen-ekipamendu onenak eskuratu eta lehiakortasunari eutsi diezaiokete”.

Zailtasun handiak izan arren, sektoreak enplegua mantentzeko konpromisoari eutsi dio, nahiz eta zenbait enpresek malgutasun-neurriak hartu behar izan dituzten, jarduera murriztu delako. AFMECek zenbatetsi du enpresen herenak daudela enpleguaren aldi baterako erregulazio-egoeran. Industria-jardueraren erritmoa lehengoratu ahala, behera egin beharko luke proportzio horrek.

AFMEC, ORDEZKARITZA NABARMENA SEKTOREARI LAGUNTZEKO

AFMECek (Mekanizatuaren eta Eraldaketa Metalmekanikoaren Espainiako Elkartea) mekanizatuaren eta eraldaketa metalmekanikoaren sektoreko enpresak biltzen ditu. Egun 183 enpresa bazkide ditu, eta sektoreko enpresentzat interesgarriak diren lan-ildoak garatzen dabil, lankidetzaren, nazioartekotzearen, prestakuntzaren, teknologiaren eta marketinaren alorrean.

Sektorearen irudi indartsua eta desberdindua eraikitzea du helburu; horretarako, sektoreari buruzko informazioa eman, enpresen arteko lankidetza sustatu, merkatuko eragileen sare-lanerako abaguneak sortu, eta balio erantsiko zerbitzuak eskaintzen ditu.

AFM Cluster elkartearen kideetako bat da AFMEC, eta horregatik, berme handiagoekin ekin diezaieke mekanizatuaren sektoreko erronkei, eta balio-kate barruan elkarlanean aritzeko aukerak ugaritu ditzake, 500 enpresa industrial baino gehiago biltzen dituen kluster bateko bazkide denez.

Partekatu

Beste berri batzuk