Mexikoko ordezkaritza bat Bizkaia Parkean bisitari, Euskadi Learning Tour programaren barruan
Egun hauetan, Euskadi Learning Tour esperientziaren barruan, Euskadi bisitatzen ari den Mexikoko ordezkaritza Bizkaiko Parke Zientifiko eta Teknologikora bertaratu da gaur. Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasun sailburuordea (Estibaliz Hernaez) eta Bizkaia Parkeko zuzendariorde nagusia (Txaber Ouro) arduratu dira harrera egiteaz. Euskadin bisita egiten diharduten tartean, mexikarrek Ibon Mendibelzua dute lagun, Euskadik Mexikon duen ordezkaria, alegia.
Euskadi Learning Tour Eusko Jaurlaritzak 2014an abian jarri zuen ekimena da. Programa horrek lehentasunezkotzat edo estrategikotzat jotzen diren herrialde jakin batzuei ahalbidetzen die Euskadiren alderdi nabarmenenak eta berezienak ezagutzea; besteak beste, aurrerapenak edota hainbat esparrutako politikak (industria, ikerkuntza, hezkuntza…).
Gauzak horrela, oraingo honetan, Mexikotik etorritako enpresa, ikerkuntza, hezkuntza eta gobernu arloko zortzi ordezkarik Bizkaiko Parke Zientifiko eta Teknologikoaren eredua ezagutu nahi izan dute: bai hasierako urratsak, bai Bizkaiko ekonomiaren motorretako bat bihurtu arteko ibilbidea. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzatik jorratzen ari diren politikak ezagutzeko aukera ere izan dute; industria, I+G+B eta Euskadiren garapenerako berebiziko garrantzia duten beste esparru batzuk bultzatzeko asmoa duten politikak, hain justu ere.