Michel Armand CIC energiGUNEko ikerlariak egoera solidoko baterien aldeko apustua indartzeko deia egin du, Bateriei buruzko 1. Goi-bilera Iberiarrean
Innoenergyk antolatutako ekitaldiak Espainiako eta Portugalgo sektoreko eragile nagusiak elkartu ditu lehen aldiz, automobilen fabrikazioan Europako bigarren lurralde garrantzitsuena den lurralde horrek ibilgailu elektrikoaren bateriaren etorkizuneko merkatuan bere lekua izan dezan
CIC energiGUNEk partaidetza azpimarragarria izan du online formatuan egin den eta “etorkizuneko bateriei” eskainita egon den kongresuaren laugarren saioan, Michel Armanden maisu-hitzaldiaz gain, Montse Casas-Cabanas doktoreak amaierako mahai-inguruan hartu baitu parte
Michel Armandek, CIC energiGUNE energia elektrokimikoa eta termikoa biltegiratzearen arloan Europan erreferentea eta Basque Research & Technology Alliance BRTAko kide den ikerketa zentroko ikerlariak, Espainiako eta Portugalgo mugikortasun elektrikoaren sektoreko eragile nagusien aurrean agerian utzi duenez, beharrezkoa da egoera solidoko bateriaren aldeko apustua egitea, bateriaren industria indartsu baten balizko garapenari begira. Gaur egun erabiltzen den energia biltegiratzeko teknologia ugariren sortzailea den Armand izan da Innoenergyk antolatu duen eta ibilgailu elektrikoaren garapenean inplikatutako enpresa eta zentro nagusiak, SEAT edo Iberdrola, besteak beste, modu birtualean bildu dituen, baterien 1. goi-bilera iberiarreko maisu-hitzaldia eman duena.
CIC energiGUNEk Montse Casas Cabanas doktorearen eskutik ere hartu du parte. Zentroko arlo elektrokimikoko koordinatzaile zientifikoa da, eta ekitaldiaren amaierako mahai-inguruan hartu du parte, IREC, Tecnalia, INL eta Vasco da Gama CoLAB erakundeetako ordezkariekin batera. Guztiek izan dute “etorkizuneko bateriaren” penintsulako garapen-itxaropenei buruz eztabaidatzeko aukera, eta baita Michel Armandek egoera solidoko baterien inguruan marraztutako agertokia, egungo egoera eta etorkizuneko aplikazioak aztertzeko ere.
Innoenergy-ren eta European Battery Alliance-ren eskutik, Iberiar penintsulako lehen goi-bilera hori abian jartzeak, baterien balio-kateko Espainiako eta Portugalgo industria- eta enpresa-ekimen berriak eta berritzaileak erakusteko eta eztabaidatzeko aukera eman du. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, penintsula Europako bigarren lurralde nagusia da automobilen fabrikazioan, eta lurralde liderra energia berriztagarriaren sorkuntzari eta industria-hornidurari dagokienez; beraz, baterien merkatuaren zati bat lortzeko aukera paregabea du. 2025etik aurrera merkatu horren balioa urteko 250 mila milioi eurokoa izango dela kalkulatzen da.
Lau online saiotan banatuta, CIC energiGUNEk baterien gelaxkak eta packak ekoizteari eskainitako bigarren jardunaldian ere parte hartu zuen, Nuria Gisbert zuzendari nagusiaren bitartez.