Michel Armandek, 2019ko Kimika Nobel saria jaso duen ikerketarekin erlazionatutako CIC energiGUNEko zientzialariak, energiaren alorreko Estatuko ikerlari garrantzitsuenaren aintzatespena jaso du

Albisteak, Araba

Stanfordeko Unibertsitateak (EEBB) mundu osoko 100.000 zientzialari garrantzitsuenen zerrenda argitaratu du, eta modu orokorrean Armand zerrendako Euskadiko 2. Ikerlari garrantzitsuena da

Nobel sariaren irabazleetako birekin argitalpenak eta patenteak konpartitzen dituen CIC energiGUNEko zientzialariaren lana, litiozko baterien garapenerako funtsezko pieza gisa aitortzen du nazioarteko komunitateak

Euren ibilbidean gutxienez 5 ikerketa artikulu argitaratu dituzten mundu osoko 7 milioi zientzialari baino gehiagoren lana aztertzen duen Kaliforniako unibertsitate ospetsuaren lana Zientzia eta Ikerketa alorretako profesionalentzako nazioarteko erreferentzia nagusia da

Michel Armand CIC energiGUNEko zientzialaria, 2019ko Kimika Nobel Saria merezi izan duten litiozko bateriaren garapenerako aukera eman duten teknologia nagusien “aita”, hain zuzen ere, energiaren arloko Espainiako estatuko ikerlari garrantzitsuena da, Stanfordeko Unibertsitateak argitaratu duen mundu osoko 100.000 zientzialari garrantzitsuenen zerrendak erakusten duenez. Nobel sariaren irabazleetako birekin –John Goodenoughekin eta Stanley Whittinghamekin– patenteak eta ikerketak konpartitzen dituen Armand, “etorkizuneko baterien hurrengo aita nagusia” da nazioarteko zientzia komunitateren iritziz, elektrolito solidoarekin aurrera daraman lana dela eta.

Euskadi mailan, Michel Armandek, orokorrean, bigarren lekua betetzen du, Luis Liz-Marzán CIC biomaGUNEko zuzendariaren atzetik. Azpimarratu behar da ikerketa kooperatiboan aritzen diren bi zentroak Eusko Jaurlaritzak bultzatzen duen BRTA aliantza teknologikoaren barruan daudela. Horrek argi eta garbi erakusten du Euskadiko ikerketa ekosistemaren potentziala.

Kaliforniako erakunde ospetsuaren zerrenda, argitaratutako ikerketen eraginaren arabera egiten da, zenbait alderdi kontuan izanik, ko-egiletza edo auto-aipamenen ehunekoa, besteak beste, eta zientziako 22 esparru eta 175 azpi-esparru aztertzen ditu guztira. Armandek 1.674. lekua betetzen du 7 milioi profesional aztertzen dituen txostenean. Energiaren alorra kontuan izanda, mundu mailako 16. lekuan dago.

1946an Frantzian jaiotako Michel Armandek 80ko hamarkadaren amaieran hasi zuen litiozko bateria birkargagarriei buruzko ikerketa –polimero solidozko elektrolitoarekin duen konbinazioaren bitartez–. Lan horiek, erlazionatutako teknologia nagusien garapenerako aukera eman dute, ibilgailu elektrikoarena, besteak beste. Gaur egun, CIC energiGUNEko elektrolito solido ikerketa sailaren arduraduna da, eta bertan, etorkizuneko ibilgailu elektrikoek eramango duten egoera solidoko bateria lortzera zuzendutako lan taldea koordinatzen du.

2019ko Kimika Nobel sariarekin duen erlazioa

Michel Armandek harreman estua du 2019ko Kimika Nobel saria jaso duten ikerlariekin, John Goodenoughekin eta Stanley Whittinghamekin, batez ere. Izan ere, nazioarteko komunitate zientifikoaren parte batek modu publikoan erakutsi du bere harridura Armand saritutakoen taldetik kanpo geratu izanagatik. Horrela, zientzialari frantsesak lankidetza patente bat eta argitalpen bat ditu Goodenoughekin batera eta 2016an, orain Nobel saria irabazi duen ikerlariaren berariazko jende aurreko aintzatespena jaso zuen Armandek, bere ibilbide zientifikoaren 40. urteurrena zela eta eskaini zitzaion omenaldian, “elektrolito polimerikoaren garapenaren aitzindari” gisa egin duen lanarengatik, eta litio ion LFP baterien teknologia hobetzeko egin duen apustuarengatik.

Stanley Whittinghamekin ere argitalpen bateratu bat du, 70eko hamarkadaren hasieran, Robert Hugginsen zuzendaritzapean, Stanfordeko Unibertsitatean batera egin zuten lanaren ondorioa. Horrez gain, Akira Yoshino japoniarrarekin egon da goi mailako nazioarteko hainbat kongresutan.

Bere ikerketa ibilbidearen hasiera patenteak sortzera eta finkatzera bideratu zuen eta, ondorioz, garai horretan ez zuen artikulurik argitaratu. Hala ere, Armanden curriculumean 400 argitalpen, 200 patente eta 30 tesi zuzendaritza agertzen dira. Horrez gain, oso aintzatespen garrantzitsuak jaso ditu, Europako Elektrokimika Sozietatearen Volta Domina edo Zientzien Frantziako Akademiaren Aymé Poirson Saria, besteak beste, eta Honoris Causa Doktore da Upsalako (Suedia) eta Deakingo (Australia) Unibertsitateetatik.

Hasieratik CIC energiGUNEn aurrera eraman duen lanarekin bat etorriz, Michel Armanden iritziz funtsezko hiru alderdi daude etorkizuneko baterietarako soluzio egokiaren garapenean: erabilitako materialen jasangarritasuna, energiaren dentsitatea eta segurtasuna. “Orain arte, polimerozko elektrolitoan egindako ikerketak proiektu industrial bat sortu du, Blue Solutions izenekoa, eta orain nahi dudana, jasotako 30 urteko esperientzia baliatzea eta CIC energiGUNEko taldearekin aurrerago joatea da”, adierazi du zientzialari frantsesak. Zientzialari batzuek esan dute Armand “etorkizuneko baterien hurrengo aita nagusia” dela, mugikortasun elektrikoaren bidea markatzera deituta dagoen bateria mota baten garapenean egiten ari den lanarengatik.

 

 

Partekatu

Beste berri batzuk