Milaka lagunek hartu dute parte Euskadiko Teknologi Parkeen Ate Irekien Egunean

Bizkaia

  • Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Teknologi Parkeen 50etik gora jardun eskaini zituzten, haur, gazte eta helduei zuzenduak.
  • Arantza Tapia Sailburuak Ate Irekien Egunaren garrantzia azpimarratu zuen, zientzia eta teknologia bereziki gazteengana hurbiltzeko tresna bezala.

Azaroaren 17an egin da Euskadiko Teknologi Parkeen Ate Irekien Eguna eta urtero legez, milaka lagun hurbildu dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Teknologi Parkeetara bertan antolatutako ekintzetan parte hartzeko asmoz.

Arantza Tapia, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailburuak ere hartu zuen parte, Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkera egindako bisitarekin. Sailburuaren hitzetan “egun hau garrantzitsua da gizarteak ikus dezan Parke Teknologikoak zer diren eta bertan zer nolako lana egiten den”. Era berean, zientzia eta teknologiarenganako jakinmina eta bereziki gazteengan interesa sortzea lortzeko tresna aproposa dela azpimarratu zuen sailburuak.

Euskadiko Teknologi Parkeak “ekosistema bat dira, non enpresak eta zentro teknologikoak lankidetzan aritzen diren, elkarren arteko harremanak indartuz, ikerketa eginez eta produktuak sortuz. Hori da gure Parke Teknologikoek ematen duten berezitasuna beste lekuekin alderatuz” esan zuen Sailburuak. Zientzia eta Teknologiak Euskadin duen garrantzia ere aipatu nahi izan zuen Sailburuak eta Euskadik, urteetan zehar eta modu iraunkorrean, I+G+Bren alde egindako apostua.

Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeak ate irekien egunaren hamalaugarren edizioa bete du aurten. Urtero bezala, haur eta gazteei zuzendutako ekitaldiz bete ziren parkeko eraikin nagusia eta ateak ireki zituzten enpresak, baita BTEK, Teknologiaren Interpretazio Zentroa ere, Practice Your Music eta Hidrogeno tailerra izan zirelarik arrakastatsuenak. (Argazki galeriara sartu)

Arabako Teknologi Parkearen hamaseigarren edizioa izan da aurtengoa. Hainbat tailer eta jardun egin ziren bertan, baita ateak ireki zituzten enpresetara bisitak ere. Argazki digitalaren lehiaketa antolatu zuen Arabako Parkeak lehen aldiz eta honako hauek izan ziren lehiaketako irabazleak: June Saenz de Urturi Maizegi, Liher Oyarbide Arrese eta  Gorka Emaldi Mtz de Ilarduya

Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkea ate irekien egunaren hamalaugarren ediziora iritsi da. Aurreko urteetan bezala Eureka Zientzia Museoan egin dira tailer, erakusketa eta hitzaldiak. Miramongo argazki digitalaren lehiaketak hamar urte bete ditu aurten eta aintzatespen berezia egin zioten, hasieratik hona epai mahaiko presidente izan den Esteban Herediari. Hamargarren argazki lehiaketako irabazleak Ander Aranburu (Natura), Laura Mendizabal (Teknologia) eta Pablo Vergara (Artea) izan dira.

Partekatu

Beste berri batzuk