Minbiziari buruzko Europar Batasunaren misioari laguntzeko sarea
TECNALIA eta Carlos III.a Osasun Institutua minbiziak eragindako pertsonei laguntzeko diagnostiko-, prebentzio- eta sendaketa-ikerketa baten buru dira.
TECNALIA eta Carlos III.a Osasun Institutua Espainian diziplina anitzeko talde baten buru dira, zeinak helburu baitu minbiziari buruzko Europar Batasunaren misioari laguntzeko sare bat hedatzea I+G koordinatuz. Sareak 28 herrialdetako 58 erakunderen (gobernukoak, osasun-arlokoak, akademikoak eta irabazi-asmorik gabekoak) puntako esperientzia batzen du.
Minbiziaren Misioak (Europar Batasunaren Horizon Europe ikerketa-programaren barruan) helburu du hemendik 2030era minbiziak eragindako hiru milioi pertsona baino gehiagoren bizitza hobetzea prebentzioaren bidez. Ekimenak lagunduko du helburu horretan.
Minbizia osasun-arloko erronka da mundu osoan. Minbiziari buruzko Informazioko Europako Sistemaren arabera, aurreikusten da 2040an % 20,96 handituko dela minbiziaren intzidentzia Europan, eta hilkortasuna % 31,76. Horrek esan nahi du neurri gehiago hartzen ez badira Europan 3,24 milioi pertsona ingururi minbizia diagnostikatuko zaiela eta 1,66 milioi pertsona hilko direla gaixotasun horren ondorioz.
Minbiziaren arloan ikertzeko Europako sarea
Erronka horri erantzuteko diziplina anitzeko lantaldeak sortuko dira herrialde bakoitzean, “National Cancer Mission Hub” izenekoak: sektore publiko eta pribatuko eragile-sorta zabal bat inplikatuko dute, herritarrak barne, minbiziarekin lotutako elkarrizketa politikoetan.
TECNALIAk eginkizun garrantzitsua du proiektu honen buru izaten Espainian: gauzatuko diren ekintzak eta proiektua monitorizatuko ditu, eta minbiziaren arloko I+Gko ekintzak eta osasun-laguntza koordinatuko ditu politikak egiteko prozesuekin. Erronka da pertsonengan zentratutako osasun-laguntzako eta ikerketako sistemak bultzatzea Carlos III.a Osasun Institutuarekin batera.
Espainian National Cancer Mission Hub bat sortzea funtsezko urratsa da Europan minbiziaren aurkako politikak garatzeko; izan ere, ekimenak nazioko eta nazioarteko lankidetza sustatuko du; inklusioa sustatuko du, eta berrikuntza bultzatuko du arreta onkologikoan.
ECHoS proiektuaren bidez, TECNALIAk eta Carlos III.a Osasun Institutuak minbiziaren arloko osasun-laguntza eta I+Gko ekintzak koordinatuko dituzte politikak egiteko prozesuekin, pertsonengan oinarritutako osasun-laguntzako eta ikerketako sistemak sustatzeko.
“Espero dugu proiektu honek, ECHoS izenekoak, minbiziari buruzko ikerketa bizkortzen lagunduko duela eta pazienteen eta gizartearen beharretara egokituko duela” adierazi dute TECNALIAko ikertzaile Olatz Muruak, Ainhoa Egizabalek eta Carmen Pastorrek.