Miramongo Matinéeak Denboraldi amaierara iritsiko dira larunbat honetan Belle Époque Laukotearekin

Albisteak, Gipuzkoa

Hari- eta piano-taldeak Gabriel Fauré eta Robert Schumannen garai Erromantikoko kuartetoak interpretatuko ditu larunbat honetan, ekainak 3, 11:00etan, Miramonen. Sarrerak salgai daude 11 eurotan

Miramongo Matinéeak 22/23 Denboraldiaren amaierara iritsiko dira Belle Époque Laukoteak eskainiko duen ‘Kuarteto erromantikoak’ izeneko kontzertuarekin, larunbat honetan, ekainak 311:00etan, Euskadiko Orkestraren Miramongo egoitzan. Taldeak Gabriel Fauré eta Robert Schumannen pianodun kuarteto bana eskainiko du, biak Erromantizismo garai betean konposatuak, XIX. mendean. Lau musikarietatik hiru Euskadiko Orkestrako kideak dira: Virgile Demillac (biolina), Pawel Krymer (biola) eta Gabriel Mesado (biolontxeloa). Javier Perez Azpeitia pianojoleak osatuko du laukotea.

SARRERAK HEMEN EROSI

 

Kontzertuari hasiera emango dion pianodun kuartetoa Faurék idatzi zituen genero bereko bietako lehenengoa da. Bere ganbera-lan ospetsuenetakotzat jotzen da, eta generoko obra erreferentea ere bada. 1880ko otsailean estreinatu zen Parisko Musikaren Sozietate Nazionalean eskainitako kontzertu batean, baina 1884ra arte ez zen argitaratu bere azken errebisioa. Nahiz eta do minorrean idatzita egon, berotasunez eta baikortasunez beteriko obra da.

Matinéea ixteko taldeak Schumannen Pianodun kuartetoa aukeratu du. Lana 1842an konposatu zuen, oso garai emankorrean, non konpositore alemaniarrak eskala handiko ganbera-musikako hainbat obra idatzi zituen. Kontzertu honetan entzungo den obra bere Pianodun kintetoaren sorkuntza bikotetzat hartzen da, astebete lehenago bakarrik idatzi baitzuen hura. Schumannek bere emazte Clara buruan zuela idatzi zuen kuartetoa, eta hark estreinatu zuen pianoan 1844ko abenduaren 8an Leipzigen.

Sarrera solteak (11€) salgai daude euskadikoorkestra.eus webgunean eta Kursaal Auditoriumeko leihatilan. Gainera, leku librerik geratuko balitz, orkestraren egoitzako leihatilan bertan eros ahal izango lirateke kontzertuaren egunean.

Miramongo Matinéetara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus-zerbitzua eskainiko dio kontzertua ikustera doazen abonatuei. 10:25ean abiatzen da autobusa Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.

Partekatu

Beste berri batzuk