Munduko 300 aditu elkartuko dira Nonick-en, Interneteko joerei eta bideojokoaren industriari buruz eztabaidatzeko

Bizkaia

  • SPRIk eta eitb.com-ek antolatutako nazioarteko hitzaldi honek bere laugarren edizioa ospatuko du ekainaren 15ean eta 16an.
  • Joshua Williams-ek, Microsoft-eko zuzendaritzako goi kargu batek, emango du Nonick-en hasierako hitzaldia.
  • Bilbo joko serioen, produktibitatearen eta entretenimenduaren Europako hiriburu bihurtu da.
  • Noncik-ek 2.0 teknologiak darabiltzaten enpresa sortu berrientzako Start Up 2.0 Competition lehiaketaren finala barne hartuko du laugarren urtez jarraian.

SPRIk (Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietateak) eta eitb.com-ek antolatutako Interneteko joerei buruzko Nonick nazioarteko konferentziak bere laugarren edizioa ospatuko du ekainaren 15 eta 16an, Bilbon.

Nonick 2012 edizioak mundu osoko 300 aditu bilduko ditu “Gaming”ari buruzko topaketa honetan. Gaming-a euskarri mugikorretarako (Smartphone eta tabletak) bideojokoen eta jokoen industria da. Etengabe hazten ari den sektore bat da, eta urtean 60.000 milioi eurotik gora mugitzen ditu mundu osoan.

Edizio berri honek hizlari bikain bat izango du hasiera hitzaldirako: Joshua Williams, AEBetako Microsofteko arlo teknikoko zuzendaritzako goi kargua. Bere hitzaldiaren aztergaia izango da nola handitu laneko produktibitatea bideo-jokoen bidez, eta joko serioei buruz ere hitz egingo du.

Joshua Williams-ek 17 urte baino gehiago daramatza Microsofteko software garapeneko taldean lanean. Bere ibilbide profesionalean, Windowsen eta Microsoft Officeren zenbait bertsio garatzen lagundu du, eta, gaur egun, laneko produktibitatea hobetzeko serious games jokoen garapenean ari den talde bat koordinatzen du.

Entretenimenduarekin batera beste zenbait mezu edo ideia garrantzitsu (bideo-jokoen industriarekin loturarik ez dutenak, etikaren alorrekoak) transmititzen dituzten bideo-jokoak dira joko serioak (ingelesez, serious game). Joko serioak era askotako publikoari zuzentzen zaizkio, hala nola ikasleei, profesionalei eta kontsumitzaileei, eta heziketa entretenigarrirako baliabidetzat hartzen dira.

Mota askotako joko serioak daude. Besteak beste, nabarmentzekoak dira osasunaren alorrekoak (terapia psikologiko edo errehabilitazio fisikorako erabiltzen direnak), simulagailuak (zenbait gaitasun lantzeko eta egoera edo baldintza simulatuetarako portaera eraginkorrak irakasteko; esate baterako, ibilgailuak gidatzen edo enpresak kudeatzen irakasteko) edo heziketa eta entretenimendukoak (baliabide ludikoen bitartez irakasten duten programak).

2012ko edizio honetan baita ere parte hartuko dute Courtney Guertin-ek, Kiip.me-ren sortzaileetako batek (Kiip.me enpresak publizitatea sartzea lortu du bideojokoetan jokoari eta erabiltzaileari trabarik egin gabe) eta Christian Lönnholm-ek, MuchDifferent-eko CEOak, zeinak azalduko baitu nola jarri zituzten martxan “FPSko 1.000 jokalari” eta nola joko horrek aukera berriak zabaldu dizkion lineako joko masiboak sortzeko teknologia-mota berri bati.

Nonick 2012 edizioko egitarauan mahai-inguru bat eta tailerrak antolatu dira, edozein parte-hartzailek aukera izan dezan gainerako guztiak gonbidatzeko gamingari buruzko alderdi zehatz batzuez mintzatzera.

Bestalde, Nonick-ek 2.0 teknologiak darabiltzaten enpresa sortu berrientzako Start Up 2.0 Competition lehiaketaren finala barne hartuko du laugarren urtez jarraian. Bost finalistek bideojokoei buruzko beren proiektuak aurkeztuko dizkiote mundu osoko aditu eta garatzailez osatutako epaimahai bati.

Partekatu

Beste berri batzuk