Nazioartekotze arloko 16 bekadun SPRIren atzerriko bulegoetan prestatuko dira

Gipuzkoa

  • SPRIko Kanpo Sareko Ordezkaritzekin lankidetzan jardun beharko dute euskal ETEen nazioartekotzea bultzatzeko.
  • 2013an Eusko Jaurlaritzak 500 beka sustatu ditu atzerrian kokatuta dauden euskal enpresetan lan egiteko, eta laguntza hauek multzo horretan sartzen dira.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak, SPRI-Enpresen Garapenerako Agentziaren bitartez,  2013ko deialdiko nazioartekotze arloko 16 bekadun sartuko ditu bere Kanpo Sareko bulego propioetan. SPRIrekin lan egingo duten bekadun berriak Ordezkaritza bulego hauetan prestatuko dira: India (Mumbai), Errusia (Mosku), bi bekadun Txinan  (Pekin eta Shanghai), Alemania (Munich), Singapur, 2 bekadun Brasilen (Sao Paulo), 2 Polonian (Varsovia), 2 Kolonbian (Bogota), 2 Mexikon (Mexiko D.F.), Txile (Santiago) eta AEBetan (New York).

Gaur, abenduaren 2an, SPRIko Nazioartekotze arloa eta Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saila 16 bekadunekin elkartu dira eta lehen eskutik azaldu diete zer-nolako jarduerak egiten diren SPRIren eta Sailaren bidez edota jomugan bertan Kanpo Sarearen bidez euskal enpresen nazioartekotzea sustatzeko eta laguntzeko.  Bilera hau izan da abenduan zehar jasoko duten prestakuntza ikastaro trinkoaren abiapuntua, eta urtarrilean 16 bekadunak beren lanpostuetan lanean hasiko dira.

2013an Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak 5,3 milioi euro esleitu ditu 500 beka emateko. Horietatik 100  nazioartekotze arlokoak dira -modalitate horrek 26 urte daramatza martxan- eta gainerako 400ak Global Training programakoak, zeinak bere bigarren edizioa abiatu baitu. Biek hala biek helburutzat dute nazioarteko profila duten profesionalak sortzea, euskal enpresen eskaerei erantzun diezaieten bai beren nazioartekotze prozesuetan eta bai atzerrian dituzten fabriketan. Laguntzak 12 eta 20 hilabete bitartekoak izaten dira Global Training edo Nazioartekotze modalitatearen arabera, eta jomugak, berriz, mundu osoan kokatutako euskal enpresak eta erakunde kolaboratzaileak izan daitezke.

Partekatu

Beste berri batzuk