NEIKER aurrera doa pinuaren banden gaixotasunari aurre egiteko aukera berriekin

Albisteak, Araba, Bizkaia

2019-2021 Plan Pilotu Esperimentalak irtenbide berritzaileak eta jasangarriak bilatzen ditu Euskadiko bandei aurre egiteko eta baso sektorearen lehiakortasuna hobetzeko

 

Bigarren fasean ongarri naturalak ebaluatuko dira, dituzten nutriente eta bioestimulatzailen bidez, pinuen erresistentzia naturala indartzen laguntzeko

NEIKERek hainbat aukera ikertzen jarraitzen du pinuaren banda marroiari eta banda gorriari aurre egiteko, iaz hasi zen 2019-2021 Plan Pilotu Esperimentalaren barruan, gaixotasuna desagerrarazteko irtenbide berritzaileak eta jasangarriak bilatzeko eta baso sektorea indartzeko helburuarekin, hobekuntzak sustatuz produktibitatea, transformazioan eta kontserbazioan, eta baliabide energetiko moduan dauden aukerak bultzatuz, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak definitutako helburuaren esparruan.

Plan pilotu hori Eusko Jaurlaritzak eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Foru Aldundiek koniferoen basoak berreskuratzeko diseinatu duten Euskal Estrategiaren parte da. Plana diseinatzeaz gain, NEIKERek jarduerak koordinatu eta betearazten ditu, foru erakundeekin eta beste erakunde batzuekin lankidetzan, horien artean egonik EHU/UPV, HAZI, BaskEgur, URA, Nekazaritza eta Elikadurako Ikerketa eta Teknologia Institutu Nazionala (INIA) eta Kataluniako Uraren Ikerketaren Institutua (ICRA). 2019-2021 Plan Pilotu Esperimentalaren arretagunea da bandekiko erresistenteak diren genotipoak edo arbolak hautatzea, interes komertzialeko espezieak aztertzea, bertan sartu daitezkeen eta bertako baldintzetan erresistenteak diren ikusteko, banda marroiari eta gorriari aurre egiteko substantzia eraginkorrak ebaluatzea, eta lurreko eta aireko saiakuntzak egitea, in vitro, berotegian eta beste saiakuntza batzuetan eraginkortasuna erakutsi duten substantziak testatzea.

PLAN PILOTUAREN LEHEN FASEAREN EMAITZAK

Lehen fasearen emaitzak eta aurrerapenak hauek izan dira:

Bandekiko erresistenteak diren genotipo edo arbolak hautatzea: In vitro hazkuntzako tekniken bitartez, mendian gaitzaren aurreko erresistentzia erakusten zuten pinuen pinaburu gazteak ugaldu dira.

Beste espezie erresistente batzuk sartzea: Euskadiko mapak egin dira, lurraren eta klimaren ezaugarriekin, bai oraingoak bai etorkizunekoak, klima aldaketaren aurreikuspenetan oinarrituta. Mapa horiei esker, jakingo da ingurune bat egokia den basoko espezieetarako, masa lokalak dibertsifikatu ahal izateko erresilienteagoak eta erresistenteagoak izan daitezen Euskadiko patologia ohikoenei dagokienez.

Substantzia aktiboak ebaluatzea: 70 materia aktibo eta produktu fitosanitario baino gehiago testatu dira in vitro laborategian eta berotegian, horien eraginkortasuna zehazteko eta, ondoren, eraginkorrenak direnak landan ebaluatzeko. Emaitzarik onenak eman zutenak bigarren fasera igaro ziren.

Landa saiakuntzak, lurretik: lurreko probak egin dira, 3 Lurralde Historikoetan, in vitro moduan funtzionamendurik onena edo beste saiakuntza edo espezie batzuetan eraginkortasuna erakutsi zuten produktuekin. Orain arte, Saccharomyces cerevisiae, Equisetum arvense, kitosano klorhidrato, soja lezitina eta potasio bikarbonatotik eratorriko 5ek kontrol maila desberdina erakutsi dute, eta hurrengo bi kanpainetan saiakuntzak egiteko hautagaiak dira.

Saiakuntzak mendian, airetik: oxido kuprosoa eta bioestimulatzaileak aplikatu ziren Bizkaian eta Araban, droneekin eta helikoptero bidez, eta egiaztatu da tratamendua egokia eta eraginkorra dela, eta deriba (produktu bat zehaztutako jopuntutik desbideratzea airearen eraginez) baxua dela, bai droneekin bai helikopteroekin, eta ez dagoela ingurumeneko alterazioen ebidentziarik.

PLAN PILOTU ESPERIMENTALAREN BIGARREN FASEA

Bigarren fasean jarraitu egingo dute aurreko ekitaldian hasitako lan ildoek, nobedade batzuekin:

Genotipoak hautatzea: gaitzarekiko erresistenteak diren pinuen pinaburu gazteak ugaldu eta gero, bigaren fasean, NEIKER pinu erresistenteak lortzeko lanean ari da. 9 arbola desberdinetatik abiatuta, 20 genotipo baino gehiago lortu dira, eta gaixotasunarekiko erresistentzia ebaluatzen ari dira. Erresistentzia edo tolerantzia nabarmena erakusten dute, datozen urteetan basoen hobekuntza genetikorako programan sartuko dira.

Interes komertzialeko beste espezie batzuk aztertzea: lurraren ezaugarriak aztertzen jarraitzen dute, mapak egiteko, eta horiekin tresna bat sortzeko, kokapen jakin batzuetan eta klima aldakor batean zein espezie diren egokienak erabakitzen laguntzeko. Gainera, pinuaren beste espezie batzuk ebaluatzen ari dira (larizio eta intsinis ez bezalakoak), eta frogatu da onddoa horietako batzuetan ere ugaltzeko gai dela.

Lurreko landa saiakuntzak: mendiko baldintza kontrolatuetan garatzen dira, iaz bezala eta lursail berberetan, eta 5 substantzia aktibo esperantzagarrienak ebaluatzen jarraitzen dute (Saccharomyces cerevisiae, Equisetum arvense, kitosano klorhidrato, soja lezitina eta potasio bikarbonatoaren eratorriak dira).

Saiakuntzak mendian, airetik: ongarri eta bioestimulatzaile disolbagarrien eragina aztertzen da, airetik aplikatuta 2019an tratatu ez ziren lursailetan. Produktu horiek makro eta mikronutrienteak dituzte, algen eta beste substantzia natural batzuen eratorriekin nahastuta, eta, pinuaren azikulen baldintzetara egokituta, lagunduko lukete intsinis eta larizio pinuen masen erresistentzia naturala indartzen. Ez dira fitosanitarioak, baizik eta substantzia naturalak, zuhaitzen defentsa aktibatzen duten nutriente eta bioestimulatzaileak dituztenak.

Baldintza meteorologikoen arabera, urrian aire bidezko aplikazio bat egingo da helikopteroz. Ongarri horiek NEIKERen ebaluatzen ari dira, fitosanitarioak ez erabiltzeko aukera gisa. Aukeratutako ongarriek Europako CAAE ziurtagiria dute ekoizpen ekologikoan erabili daitezkeen ongarri moduan, 834/2007 (CE) Erregelamenduaren arabera.

Aireko saiakuntza horretarako Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Foru Aldundiek tratamendua egiteko lursailak aukeratu eta beharrezko baimenak kudeatu dituzte, gutxi gorabehera 600 hektareatan: 280 Bizkaian, 260 Gipuzkoan eta 60 Araban. Saiakuntza 600 hektareatara zabaltzeko arrazoia izan da zabalera horrek aukera emango lukeela Euskadiko pinuen dibertsitatea jasotzeko (adina, afekzio maila, etab.), eta, eraginkorra bada, datu gehiago emango ditu eskalatu ahal izateko. Ohikoa denez, aireko tratamenduak aplikatzen direnean, prekauzio neurririk zorrotenak hartuko dira: lursailak gutxienez 100 metrora daude ingurune habitagarrietatik eta ingurumen interesekoetatik eta edozein mota eta helmugatako uretatik.

SEGURTASUN GORENEKO ETA INGURUMENA ERRESPETATZEKO IRIZPIDEAK

2019-2021 Plan Pilotua segurtasunik handieneko eta ingurunearekiko errespetuzko irizpideei jarraituz diseinatu da, bai pertsonei dagokienez, bai ingurumenari dagokionez, eta monitorizazio eta ebaluazio kontrolen plan anbiziotsu batekin osatzen da.

Espainiako zein nazioarteko adituen abala dauka, horien artean egonik EHU/UPV, HAZI, Uraren Euskal Agentzia (URA), Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitateetako Ministerioaren Nekazaritza eta Elikadurako Ikerketa eta Teknologiako Institutu Nazionala (INIA), Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioa, Kataluniako Uraren Ikerketa Institutua (ICRA), Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen saila eta Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila, eta Zeelanda Berriko baso ikerketako Scion Research zentroa.

Gainera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Foru Aldundiekin adostu da, lurreko zein aireko tratamenduak aplikatzeko lursailak aukeratzen parte hartzen dutelarik, Legeak ezarritako baldintzen arabera.

 

 

Partekatu

Beste berri batzuk