NEIKER nazioarteko erreferenteetakoa da pinua enbriogenesi somatikoaren bidez hedatzen

Bizkaia

Teknikaren oinarrian dago enbrioiak garatzea, ernalketan gametoek bat egitearen ondorio ez diren zeluletatik abiatuta

Euskal zentro teknologikoko ikertzaileek zuraren multinazional handien aholkulari tekniko moduan dihardute

Hobekuntza genetikoko programen barruan erabilitako tresna bioteknologikoek kalitate handieneko edo “eliteko” aleak lortzen laguntzen dute

Pinos en Cámara Cultivo in vitro Forestal, Producción y protección Vegetal, Laboratorio de Biotecnologia, Neiker Tecnalia, Instituto de Investigación y Desarrollo Agrario, Ganadero, Forestal y del Medio Natural, Arkaute, Alava, EuskadiPR: 7475MR: 7820NEIKER-Tecnalia, Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundeak metodo berriak garatu ditu Pinus radiata generoko landare klonatuak ekoizteko, enbriogenesi somatikoaren bitartez Teknika horren oinarrian dago enbrioiak sexualak ez diren zeluletatik abiatuta garatzea. NEIKER-Tecnaliak Pinus radiata-ren enbriogenesi somatikoan egin duen lanari esker nazioarteko erreferente bihurtu da gaiari buruzko ezagutzari dagokionez, eta gaur egun bertako ikertzaileek zuraren multinazional handien aholkulari tekniko gisa dihardute, esaterako, Txileko Araucon.

Basoko espezieak genetikoki hobetzeko programaren barruan NEIKER-Tecnaliak enbriogenesi somatikoaren alde egin du “eliteko” arbolak lortzeko, klima aldaketaren ondorioz sortzen diren ingurumen baldintza berrietara egokitzeko. Landare klonalak lortzeko metodo berritzaileak, gainera, basoetako produktibitatea handitzea ahalbidetzen du eta, ondorioz, basoko produktuen eskari gero eta handiagoari erantzutea.

Enbriogenesi somatikoaren oinarria zelula ez sexualetatik abiatuta enbrioiak garatzea da. Zelula horiek, estimulu baten ondoren, sexualak balira bezala jarduten hasten dira, eta, horrela, genetikoki berdin-berdinak diren indibiduo berriak sortu daitezke, hau da, klonak. Teknikak material klonal ugari lortzea ahalbidetzen du.

Hobekuntzak prozesuaren etapa guztietan

NEIKER-Tecnaliako ehunen hazkuntzako taldeak pinuaren landare klonala lortzeko beharrezko protokoloak garatu ditu, eta enbriogenesi somatikoaren bost etapetako bakoitza optimizatu ditu. Horietako lehena hasierako ehuna hautatzea da, baldintza kontrolatuetan in vitro ugaldu ahal izateko lehendabiziko zelula enbriogenikoak lortzeko. Bigarren fasean ehun enbriogenikoa ugaltzen da, eta masa enbriogenikoak egoera ezin hobean kontserbatzen dira. Puntu horretan masa enbriogenikoen kriokontserbazioa egin daiteke tenperatura baxuan (-196 ºC). Horri esker, baliabide genetikoak erabili nahi diren arte kontserbatu daitezke, eta, gainera, ehuna gazte mantentzen da, egin beharreko landa saiakuntzak egin arte.

Hirugarren etapan ehun enbriogenikoa umatzen da, enbrioi somatikoak lortzeko; horiek enbrioi zigotikoen ezaugarri berdinak dituzte, hau da, sexu ugalketatik datozenen ezaugarri berdinak. Hurrengo urratsa enbrioi somatikoak ernatzea da. Fase honetan enbrioia landare somatiko bihurtuko duen lehen sustraia garatzen da. Amaierako fasean, landare somatikoak atmosfera kontrolatuko ex vitro berotegietako baldintzetara aklimatatzen dira.

Errentagarritasuna eta kudeaketa arduratsua

Enbriogenesi somatikoa oso garrantzitsua da basoaren sektorerako, harreman zuzena duelako errentagarritasun ekonomikoarekin eta basoen kudeaketa iraunkorrarekin, izan ere, kalitate hobeko landareak lortu daitezke, eta mehatxatuta dauden indibiduoak eta espezieak ugaldu edo kontserbatu daitezke, beraien germoplasma etorkizunerako kontserbatuz. NEIKER-Tecnalia puntako ikerketa zentro bihurtu da teknika horri dagokionez, eta bere espezialistek, azken hamar urteetan, 25 artikulu baino gehiago argitaratu dituzte gaiari buruz argitalpen espezializatuetan. Gainera, ikerketek landareak ugaltzeko metodo horri lotutako hiru doktore tesi lantzeko balio izan dute.

Partekatu

Beste berri batzuk