NEIKER-Tecnaliak, EHU/UPVk eta BC3k antibiotikoekiko erresistentziak ingurumenean barreiatzeari buruzko ikerketa sustatuko dute

Albisteak, Araba, Bizkaia

Joint Research Lab on Environmental Antibiotic Resistance izeneko baterako ikerketa egitasmoa sortu dute

Hitzarmen bat sinatu dute Euskadin arlo honetan egin den ikerketa integratzeko

NEIKER-Tecnaliak, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) eta Basque Centre for Climate Changek (BC3) ikerketa zientifikoa eta ezagutzaren transferentzia sustatu eta gidatuko dute antibiotikoekiko erresistentziak ingurumenean barreiatzeari buruz eta horrek ingurumenaren eta gizakien osasunerako duen arriskuari buruz. Hiru erakundeek hitzarmen bat sinatu dute Joint Research Lab on Environmental Antibiotic Resistance (JRL) izeneko egitasmoa bultzatzeko. JRLk Euskadin arlo honetan egin den ikerketa integratuko du, efizientzia ziurtatzeko eta emaitzen gehieneko inpaktua bermatzeko.

Osasunaren Mundu Erakundearen arabera (OME), antibiotikoekiko erresistenteak diren bakteriak gure osasunerako mehatxu nagusietako bat dira gaur egun. Kalkuluen arabera, 2050erako urtean hamar milioi pertsona hil litezke antibiotikoekiko erresistenteak diren bakteriek eragindako infekzioen ondorioz. Europar Batasunean, urtean 33.000 pertsona hiltzen dira arrazoi horrengatik. Ingurumenean gero eta antibiotiko eta degradazio produktu gehiago dago kontzentraturik, eta horrek presionatu egiten ditu bakteriak, zeinak antibiotikoekiko erresistentzien geneak sortzen eta barreiatzen dituzten. Antibiotikoekiko erresistentzia gene horiek ingurumeneko bakterietatik giza patogenoetara heda daitezke; horrek berekin dakar tratamendua zailagoa bihurtzea, edo tratamenduak gero eraginkortasun txikiagoa izatea.

Jardute eremuak

JRLko talde guztien ikerketa jardueren aztergaia honako hau izango da: antibiotikoek, erresistentzia geneek eta elementu genetiko mugikorrek, gorantz datozen kutsatzaileak diren aldetik, ingurumenean duten presentzia. Aurreikusitako beste jardute eremu bat zera izango da: antibiotikoekiko erresistentziak ingurumenean barreiatzeko jardunean inplikatuta egon eta gorantz datozen kutsatzaileen mapen lanketa.

NEIKER-Tecnaliak teknika biologikoak garatuko ditu antibiotikoekiko erresistentziak ingurumenean barreiatzeko arriskua monitorizatzeko. NEIKERek egitasmo honetan egingo dituen jarduketak Euskadiko Gastronomia eta Elikaduraren 2020 Plan Estrategikoaren barruan sartzen dira, izan ere, Plan horren bitartez elikaduraren eta gastronomiaren balio kate seguru, osasungarri, berezi eta iraunkorra garatzea sustatzen da (gizarte, kultura, ekonomia eta ingurumen aldetik).

Horretarako aurreikusten da gorantz datozen kutsatzaileen inpaktua diagnostikatzeko tresnak garatzea, ingurumen osasuna hobetzeko estrategiak lantzea, ingurumen faktoreei buruzko ikerketa saiakuntzak egitea eta antibiotikoekiko erresistentzien arazoari buruzko dibulgazio, transferentzia eta prestakuntza jarduerak martxan jartzea.

Aurreikusten diren ekintzen artean, honako hauek nabarmentzen dira: UPV/EHUren masterretan antzeko ikerketa ildoak lehenestea; ikerketa proiektuak gidatzea; doktore tesiak sustatzea; sortutako ezagutza eta teknologia gure inguruko enpresa sarera transferitzeko bideak bilatzea, eta ikerketa babestera bideratutako fondo publikoen finantzaketa erakartzea, bereziki tokiko laguntza programen bitartez eta Europar Batasunaren Ikerketa eta Berrikuntzako Esparru Programaren deialdien bitartez.

Joint Research Lab on Environmental Antibiotic Resistance egitasmoa Euskampus Fundazioaren barruan sortu da.

Partekatu

Beste berri batzuk