Neiker-Tecnaliak eta ner groupek umezurztegi iraunkorrak eta emakumeen kooperatibak sortzea bultzatzen dute Ugandan

Bizkaia

Egitasmoak Ugandako 5 eskola-umezurztegitan autosufizientzia lortzea eta bertako komunitateetako umezurtzak hezkuntzara iritsiko direla segurtatzea nahi du

Gainera, kooperatibismoa bultzatuko du, txerri hazkuntzan oinarrituta, beren kargu familia ugariak dituzten eta bakarrik eta diru sarrerarik gabe dauden emakumeei laguntzeko

DSCN0038Ugandako Buikwe eskualdeko bost eskola-umezurztegitako haurren baldintza higienikoak, elikadura eta ingurumen heziketa hobetzea dira Ugandako Umezurztegi Sostengagarriak-Sustainable Schools Project egitasmoaren helburuak. Proiektua V. fasean dago dagoeneko, eta Ugandako Community Development Concern (CDC) GKEak sustatutako bi proiektuak bultzatzen jarraitu nahi du.

Egitasmoak Ugandako 5 eskola-umezurztegitan autosufizientzia lortzea eta bertako komunitateetako umezurtzak, gainerako haurren baldintza berberetan, hezkuntzara iritsiko direla segurtatzea nahi du.

Proiektua ner group ari da garatzen, NEIKERekin lankidetzan, eta azken 5 urteotan laguntza ekonomikoa zein teknikoa ematea ahalbidetzen ari da, aipatu eskoletako haurren egoera higienikoak, elikadura eta prestakuntza hobetzeko. Irakasle zein ikasleekin beraiekin elkarlanean, Ecosan letrinak eraiki ditugu, euri ur edangarria jasotzeko tankeak, oilategiak, txerritegiak, eskolako baratze ekologikoak… eta urtero material egokitua banatzen da. Egitasmoak, hein batean, haur horien “probrezi zirkulua” eteten eta etorkizun duina lortzeko aukera irekitzen lagundu du. Proiektuan hasieratik parte hartzen hasi ziren lehendabiziko bi eskoletan hobekuntza bikaina izan da, eta gaur egun jada beregainak direla esan daiteke, eta besteak ere bide horretan doaz. Eskolak egokitzen diren heinean, proiektuaren hurrengo erronka da (2016) eskolako tasak ordaindu ezin dituzten bertako umezurztegietako haurrak 5 eskola horietan sartu ahal izatea.

Horrez gain, egitasmoak bigarren helburu bat du. Diru sarrerarik izan ez, eta familia ugariak dituzten eta bakarrik dauden emakumeei laguntzea, emakumeen kooperatibak sortuz, proiektuari esker txerriak hazi ditzaten. NEIKEReko eta ner groupeko teknikariek urteak daramatzate abeltzaintza eta nekazaritzako prestakuntza ematen, txerriak hazteko instalazio egokiekin eta pentsuarekin batera. Aldi berean, emakumeek konpromisoa hartzen dute txerrikumeen zati bat talde berriak sortzeko emateko, eta, ondorioz, proiektua 5 talderekin hasi bazen ere, aurten dagoeneko 8 talde izango dira, eta 40 familia onuradun.

Proiektuaren fase guztietan jarraipena eta ikuskapena egin ondoren, komunitate pobre horietako haur eta emakumeen bizi baldintzetan benetan gertatu diren hobekuntzak egiaztatu dira. Gainera, inguruko beste eskola batzuk proiektuko umezurztegietan ikusten dituzten hobekuntzak ezartzen hasi dira, eta, ondorioz, hobekuntzaren eragina biderkatu egin da.

Laguntza ekonomikoa

Ner group enpresa taldea eta Eusko Jaurlaritzaren menpeko NEIKER-Tecnalia, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikarako erakunde publikoa elkarlanean ari dira ekintza solidarioa finantzatzeko, gizartearekin duten konpromisoaren barruan. Gainera, pertsona boluntarioak bidaltzen dituzte bertara, zereginen eta aurrekontuen etengabeko jarraipena egiteko.

Eragin soziala eta gizartean espero den aldaketa

NEIKER-Tecnalia eta ner group garatzen ari diren proiektuaren nahia da 5 eskola-umezurztegitako hurren higiene, elikadura eta prestakuntza baldintzak hobetzea (guztira 1.500 haur inguru dira), eta bertako umezurtzak eskolara iritsiko direla segurtatzea (gutxi gorabehera beste 200 haur), horiek ere etorkizun duin bat lortzeko aukera izan dezaten. Gainera, txerriak hazteko eredu kooperatiboa ere hedatu nahi da, 40 familia gurasobakarren diru sarrerak eta prestakuntza hobetzen ari baitira… eta gero eta gehiago dira!

 

Partekatu

Beste berri batzuk