NEIKERek sei estazio meteorologiko prestatu ditu Ghanan eta Senegalen laboreen ureztapena optimizatzeko

Araba

Lau estazio Ghanako arroz eta tomate landaketetan kokatuko dira eta beste bi Senegalgo arroz soroetan

Proiektuak agerian uzten du zentro teknologikoak eskualde ahulduei ezagutza zientifikoa transferitzeko duen konpromisoa

Irriwest 1Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikarako Sailburuordetzaren mende dagoen NEIKER-Tecnalia Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundeak Afrikako mendebaldean sei estazio meteorologikoren instalazioa gainbegiratu du, laboreen ingurumen baldintzak monitorizatu eta, ondorioz, ureztapena optimizatu ahal izateko, elikagaietan ekoizpen eta segurtasun handiagoa lortzeko. Lehendabiziko fasean saiakuntzak egiteko sei sail instalatu dira, lau Ghanan eta bi Senegalen, sail bakoitza ureztatzeko gomendioak proposatzeko proba moduan, eta horrek ondorioak ateratzea ahalbidetuko du, bigarren fasean eremu zabalago batera hedatzeko. Proiektuak agerian uzten du NEIKER-Tecnaliak planetako eskualde ahulduei ezagutza zientifikoa transferitzeko eta elkartasunezko ekintzak egiteko duen konpromisoa.

Sei estazioetatik lau Bantanga, Akumadan, Kpong eta Weija-ko probetarako sailetan kokatu dira, Ghanan, non tomatea eta arroza landatzen diren. Gainerako biak Senegalen daude, Vital eta Fayane-ko sail pilotuetan, eta bertan arroz laboreen ureztapena optimizatu nahi da, urez estaltzearen bidez zein ihinztatzearen bidez. Ekimena Irriwest proiektuaren barruan kokatzen da, eta bere helburua uraren aprobetxamendu ahalik eta handiena lortzea da, ureztapen sistemak klimaren baldintzetara eta eskualdeko lursailen beharretara egokituz. Proiektua 2012an aukeratu zuen Afrikar Batasunak nazioarteko erakundeek proposatutako 400 proposamen baino gehiagoren artean, eta 1.069.000 euroko finantzaketa du eta hauen %70a Europar Batasunetik dator.

Estazio meteorologikoek eguraldiaren hainbat aldagai monitorizatuko dituzte, hala nola tenperatura, hezetasun erlatiboa, haizea, eguzki erradiazioaren mailak eta prezipitazioak. Aldagai horiek neurtzea beharrezkoa da, laboreen eraginkortasuna handitzeko eta ekoizpena optimizatzeko ureztapen ereduak martxan jarri ahal izateko. Informazioa satelite bidez bidaliko da zerbitzari batera, eta datu horiekin ureztatzeko estrategiak diseinatu ahal izango dira, ingurumeneko baldintzen arabera.

Euri urarekiko mendekotasuna eten

Horrenbestez, euri urarekiko dagoen mendekotasuna eten eta eskualdeko nekazaritzaren produktibitatea areagotu nahi da. Gaur egun, Senegalen landu daitezkeen lurretan %1,5en baino ez da ureztatzeko sistemarik erabiltzen, eta Ghanak, berriz, duen zereal beharretatik %51 baino ez du ekoizten. Proiektuak eskualdeko elikagaien segurtasuna areagotzen lagundu nahi du, eta horrela gosearen eta pobreziaren aurkako borrokan lagundu.

Inkoa Sistemas, elikagaien industrian espezializatua dagoen ingenieritza,   NEIKER-Tecnaliarekin elkarlanean ari da Irriwest proiektuan, eta lau estazio meteorologiko instalatu ditu Ghanan ekainean eta bi Senagalen uztailean zehar. Estazio meteorologiko hauen jartzea eta egiaztapena Inkoaren aldetik kokapen pilotu bakoitzetik datu metereologico zehatzak lortzea ahalbideratzen du ureztapenaren optimizazioan erabili al izateko

NEIKER-Tecnaliak koordinatzen du Irriwest proiektua, eta bertan ari dira baita ere Urari buruzko Ikerketa Institutua (WRI), Ikerketa Zientifiko eta Industrialeko Kontseilukoa (CSIR), eta Nekazaritzaren Ikerketa eta Garapenerako Afrika Mendebalde eta Erdialdeko Kontseilua (CORAF/WECARD), eta Inkoa ingeniaritzaren aholkularitza teknikoa dauka.

Partekatu

Beste berri batzuk