Nouvelle Aquitaineko Technopoles izenekoetako ordezkariek Parkeen Sarea bisitatu dute
Enpresak nazioartekotzeko mugaz gaindiko lankidetzaren barruan sartzen da ekimena
Nouvelle Aquitaineko Technopoles izenekoetako ordezkariek bisita egin dute Parke Teknologikoen Sarera, Euskadiko berrikuntza- eta ekintzailetza-ekosistemaren ezagutzan sakontzeko, enpresak nazioartekotzeko mugaz gaindiko lankidetzaren esparruan.
Euskadiko Parke Teknologikoek eta Nouvelle Aquitaineko Technopoles izenekoek, Euroeskualdearekin lankidetzan (Nouvelle Akitaine-Euskadi-Nafarroa), aurrera egiten jarraitzen dute ibilbide-orri bateratuan, punta-puntako bi berrikuntza-sistemaren arteko mugaz gaindiko enpresa-lankidetza indartuko duten ekintzak arian-arian abian jartzeko helburuarekin.
Euskadiko Parke Teknologikoen Sareak 580 enpresa teknologiko baino gehiago ditu bere bost campusetan; Nouvelle Aquitaineko Technopoles izenekoetan, berriz, erreferentziazko 350 enpresa teknologiko baino gehiago daude eskualdeko bederatzi Technopoletan.
Nouvelle Aquitaineko Technopoles izenekoetako hamar ordezkariek Euskadiko hiru Parke Teknologikoak, hiru BICak eta zentro bakoitzean inkubatutako startup ugari ezagutu ahal izan dituzte uztailaren 7ko eta 8ko bisitan, eta baita Euskadin atzerriko inbertsioa bultzatzeko Invest in the Basque Country ekimena ere.
Era berean, Aeronautikako Fabrikazio Aurreratuko Zentroa (AFAZ-CFAA) bisitatu dute. Bizkaiko Parke Zientifiko eta Teknologikoan dago, aitzindaria eta erreferentea da unibertsitatearen eta enpresaren arteko ardatzeko harreman-eredu berri gisa, eta baita fabrikazio aeronautikoko teknologia aurreratuetan ezagutza berria sortzeko eta balioztatzeko zentro gisa ere.
Bi egun horietan, bi eskualdeetako Parke Teknologikoetako ordezkariek, BICetako arduradunekin eta startupekin batera, negozio-aukerak trukatu dituzte. Ekimen horri jarraipena emanez, Euskadiko parkeek eta BICek Frantziako Nouvelle Aquitaine eskualdera alderantzizko bisita egitea dago aurreikusita, orain arte egindako lana sendotzeko eta batera eman beharreko hurrengo urratsak bultzatzea errazteko.
Euskadiko eta Nouvelle Aquitaineko parkeen arteko lankidetza duela urtebete hasi zen, eta parkeetako startup-en eta enpresen artean elkar ezagutzea eta sentsibilizazioa bultzatzeko hainbat ekintzatan gauzatu da. Technopoles horiek Euskadira egindako bisita hori beste urrats bat da harreman horretan. Harremana indartu egin da eta mugaz gaindiko dimentsioaren potentziala erakutsi nahi du, parkeetako startup eta enpresen enpresa-esperientziak hurbildu nahi ditu, eta Euskadiren eta Nouvellle Aquitaineren arteko enpresa-lankidetzarako lagungarri izan nahi du.