Ozeanoko arrain mesopelagikoen biomasa kalkulatutakoa baino 10 aldiz handiagoa da

  • Malaspina espedizioan egindako behaketa akustikoetatik atera dira emaitzak
  • Arrain mesopelagikoen —planetako arrain-mota ugarienaren— stocka 1.000 milioitik 10.000 milioi tona izatera pasatu da
  • Arrain horiek rol garrantzitsua dute CO2-a ur sakonetara garraiatzen

Mesopelagikoak_webGaur egunera arte, kalkulatzen zen planetako arrainen stock totala 2.000 milioi tonakoa zela. Haietatik erdia, gutxi gorabehera, arrain mesopelagikoak izango lirateke, eremu ozeanikoetan 200 metrotik 1.000 metrora bitarteko sakoneran egoten direnak.

Aitzitik, nazioarteko talde batek* jakin du, AZTI-Tecnaliako ikertzaileen parte-hartzearekin eta Xabier Irigoien ozeanografiako doktorea buru duela, kalkulu hori baino gutxienez 10 aldiz handiagoa izan litekeela arrain mesopelagikoen ugaritasuna. Emaitzak Nature Communications aldizkarian argitaratu dira.

Arrain mesopelagikoek ozeanoko ilunantz-eremuan ematen dute eguna, 200 metrotik 1.000 metrora bitarteko sakoneran, eta, gauez, ur-azalera igotzen dira elikatzera; planetako animalia-migrazio handiena dela jo daiteke. Tunidoen elikadurako parte garrantzitsua dira, baina, helburu komertzialekin arrantzatzen ez direnez, oso ezezagunak izaten jarraitzen dute.

Azterketa berri honetan, ikertzaileek Malaspina espedizioko datu akustikoak eta eredu trofiko bat konbinatu dituzte, eta ondorioztatu dute arrain horien biomasa, antza denez, lehen kalkulatu zena baino 10 aldiz handiagoa dela gutxienez.

Arrain mesopelagikoak ur-azalean elikatzen direnez eta egunero 500 m baino gehiagoko sakoneretara migratzen dutenez, azkartu egiten dute ozeano-hondora CO2-a garraiatzea. Halaber, ur sakonetako oxigeno-kontsumoa handitzen laguntzen dute. Biomasaren kalkulu berriek adierazten dute berriro ebaluatu behar dela biomasak ozeanoko ziklo biogeokimikoetan duen rola.

Artikuluan jasotzen diren emaitzak lortzeko, zentro, erakunde eta unibertsitate hauetako ikertzaileak aritu dira elkarlanean: AZTI-Tecnalia, CSIC, IEO, Las Palmas Kanaria Handiko, Cádizko eta Oviedoko unibertsitateak, KAUST (Saudi Arabia), Australiako Mendebaldeko Unibertsitatea eta Bergeneko Unibertsitatea (Norvegia).

Malaspina espedizioa (www.expedicionmalaspina.es) 2010eko Consolider-Ingenio programako proiektu bat da, Carlos Duarte (CSIC) buru duena, eta Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioak finantzatua. CSICeko, Espainiako Ozeanografia Institutuko, Espainiako 16 unibertsitatetako, museo bateko, AZTI-Tecnaliako eta Espainiako Armadako 27 taldek osatzen dute Malaspina espedizioa. Finantziazioan, CSICek, BBVA Fundazioak, Espainiako unibertsitate batzuek eta AZTI-Tecnaliak ere lagundu dute, eta zenbateko totala 6 bat milioi euro izan da.