Parkea Musik Fest, inguru zientifiko-teknologiko batean aurrenekoz egiten den musika-jaialdia

Gipuzkoa

Datorren ostiralean, ekainaren 9an, Parkea Musik Fest, alegia, “Erronka bat Parkearentzat” lehiaketa irabazi duen berrikuntza-ekimen irekia, egingo da Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean

Parkeko enpresetako langileek osatuko dute artista taldea

PMF 2017 - euDatorren ostiralean, ekainaren 9an, PARKEA MUSIK FEST egingo da Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean (Donostia), “Erronka bat Parkearentzat” lehiaketaren azken irabazlearen ideiatik abiatuta. Duela hiru urtez sortutako ekimen horren bidez aukera eman nahi zaie Parkeko langile guztiei ideia berritzaileak proposa ditzaten, egunerokotasuna hobetu eta egunerokotasunari balioa emateko. Ibermática enpresako langile Ainhoa Mutiloaren proposamena izan da azken “erronkaren” irabazlea: Parkean musika-jaialdia antolatzea eta bertako enpresetako langileak protagonista izatea.

Hilabete batzuetako lanaren ondoren, PARKEA MUSIK FEST jaialdia 15:30ean hasiko da Miramongo zelaietan. Hauek osatuko dute kartela: Nesplora Band, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa Quartet & Co, Larroxa Banda, Aritz, Ángel & Oscar, Elissa & Noa, Rockopop Park eta The Priest is back. Parkeetan diharduten langileez eratutako taldeak dira, egun batez zientzia eta teknologia alde batera utzi eta haien trebetasun musikala partekatuko dutenak. Nahi duen oro ere etor daiteke Miramonera, ekitaldi ezin hobeaz gozatzera. Parkean kokatutako enpresetako langileez osatuta daude talde gehienak, eta, oraingoan, haien talentu musikalak bultzatuta elkartu dira. Parkeak instalazioak laga ditu taldeek probasaioak egin ditzaten. ANJEL ALKAIN ospetsuak aurkeztuko du jaialdia eta hainbat musika-estilotan murgilaraziko gaitu: indie-popa, rock akustikoa, musika herrikoia, folk-countrya. Gitarra duo bat ere egongo da eta Judas Priest taldeari “tributua” egingo zaio. Jaialdia hasi aurretik, 14:00ak aldera, Rock Kalean txarangak Parkeko inguruak alaituko ditu.

Horrenbestez, Gipuzkoako Parkean, IkdGazte eta beste erakunde batzuekin elkarlanean, eta Parkeko langile eta enpresen parte-hartze zabalarekin, ekitaldi paregabea antolatu ahal izan da. Batetik, laneko inguruaren alderdi zientifiko eta teknologikoa eta, bestetik, aisia eta gozamena uztartu dira jaialdian, non lan-inguru horren egunerokotasuna osatzen duten pertsonak diren benetako protagonistak. PARKEA MUSIK FEST ez da soilik Parkeko langileentzako jaialdia; nahi duten herritar guztiak etor daitezke Miramongo inguru paregabean egingo den ekimen aitzindarira. Hainbat gune egokitu dira Mikeletegi pasealekuaren 53. zenbakiaren parean: eszenatoki nagusia, jateko eta edateko gunea, komunak, hondakinak biltzeko guneak, mugikortasun urriko pertsonentzako sarbideak…

Erronka Garbia

Ihobek ematen duen Erronka Garbia akreditazioa jaso du PARKEA MUSIK FESTek. Ziurtagiri horren bidez aitortu egiten dira ingurumen-neurriak aintzat hartuta –hau da, ingurumenean egon litezkeen eragin negatiboak minimizatzeko– diseinatzen eta antolatzen diren ekitaldiak.

Partekatu

Beste berri batzuk