Plastikozko Material eta Teknologien Berrikuntzari buruzko V. Jardunaldiak egin dituzte ALLODek eta GAIKER-IK4k
- Allod Werkstoff GmbH enpresak eta GAIKER-IK4 zentroak material plastikoen eta horiek eraldatu eta prozesatzeko teknologien azken berritasunetan interesa azaldu duten enpresa anitz deitu dituzte Bizkaiko Teknologia Parkean antolatu diren bosgarren jardunaldietara.
Pasa den urriaren 2an Plastikozko Material eta Teknologien Berrikuntzari buruzko V. Jardunaldiak antolatu zituzten Allod Werkstoff GmbHk y GAIKER-IK4k. Deialdi berria arrakastatsua izan zen, bai parte-hartzearen bai jorratutako gaien aldetik. Allod Werkstoff GmbHko Kurt Gebert-ek hasiera eman zien jardunaldiei eta GAIKER-IK4ko Juan Ramón Alonsok ongi etorria eman zuen.
GAIKER-IK4ko ikerlaria den José María Cuevas doktorearekin hasi ziren hitzaldi teknikoak eta berak aurkeztu zituen material funtzionalen inguruan gauzatutako garapen berriak eta material horiek zenbait sektoretan, hala nola, ehungintzan, sektore elektrikoan edo estalduren sektorean dituzten aplikazioak GAIKER-IK4k gauzatutako I+G+B proiektuen bidez. Era berean, forma-memoria duten materialak nabarmendu zituen.
Allod Werkstoff GmbHeko Viviana Avendañok kanpoan erabiltzeko elastomero termoplastikoen –TPE izenaz ezagunak– gaia jorratu zuen eta horien alorreko berrikuntzak aurkeztu.
Irantzu Muguerzak –Albis Plastic– plastikoen konposizioen bidezko soluzioak aurkeztu zituen. Argi-aplikazioetarako materialak izan zituen hizpide eta azkenik material indartu berria aurkeztu zuen, propietateen eta polipropilenoaren eta poliamidaren kostuaren arteko oreka lortzen zuena.
Bestalde, Guillermo Ramos Gallok –CIDAUT fundazioa– automozioaren eta aeronautikaren sektoreen arteko teknologien translazioa erkatu zuen, injekzio bidez eraldatutako prestazio handiko termoplastikoen erabilerari dagokionez.
Alexander von Busse doktorea –Robert Bosch España– plastikozko pieza teknikoen fabrikazioak dituen aukera eta erronkei buruz mintzatu zen eta, merkatuaren zein materialen beharretara egokitzeko, enpresek izan beharreko bilakaeraz ere bai.
Iosu Cariñanosek, Mariví Grocinek –biak NCA, S.L.-koak– eta Jose Garayaldek –Rofin Baasel España, S.L.– kolorearen eta laser-markatzearen inguruan aritu ziren. Bezeroen neurrira konposatu bereziak garatzen dituen NCA, S.L.-k laser-markatze sistemetan aplikatzeko aditibo-sistemen kasu berezia aurkeztu zuen.
Daniel del Pino Cabezak –Reis Robotics España– ebaketa-teknologiaz eta robot eta portiko bidezko laser-soldaduraz baliatzen diren aplikazio industrialak erakutsi zituen eta baita diseinurako nahiz instalazioak giltza eskura emateko duten gaitasuna ere.
Azkenik, Carolina Martín Yebrak –3M– aurkeztu zituen automozioaren industrian erabiltzeko produktu itsaskorrak eta apar akrilikozko zintak eta horien abantailak beste lotura-sistemen aurrean. Bere lankide Maite Vidalek Glass Bubbles belaunaldi berria erakutsi zuen. Horri esker, plastikozko piezen pisua murriztu daiteke 3Mk garatutako beirazko mikroesfera hutsezko aplikazioen bidez, bereziki piezen pisua eta uzkurdurei dagokienez.
Jardunaldiei amaiera emateko mahai-ingurua egin zen hizlari eta bertaratutakoekin. Aurtengo arrakastak, parte-hartzaileen balorazio bikainarekin batera, hurrengo urteetan jardunaldiak jarraitzea bermatzen du.