PRSk Karbono Aztarnako ziurtagiria lortu du GAIKERen laguntzarekin
Kalkuluak ISO 14067:2018 arauaren arabera egin dira, nazioarteko erreferentziazko estandarra, eta DNV bidez egiaztatu dira
Plastic Repair System (PRS) enpresak, garraiorako ontzi itzulgarriak (ERT) konpontzen, mantentzen eta egokitzen espezializatutako enpresa multinazionalak, eskaintzen dituen zerbitzuei lotutako Karbono Aztarna (berotegi-efektuko gasen emisioak) kalkulatzea erabaki du.
Ikerketa hau egiteko, Basque Research & Technology Alliance (BRTA) erakundeko kide den GAIKER zentro teknologikoaren laguntza izan du Plastic Repair Systemek, esperientzia zabala duen ezagutza-eremua baita. Kalkuluak ISO 14067:2018 arauaren arabera egin dira, nazioarteko erreferentziazko estandarra.
Karbono Aztarna produktu edo jarduera jakin batek berotze globalean nola eragiten duen jakiteko aukera ematen duen adierazlea da. Horrela, produktu edo jarduera horrek denboran zehar izan duen bilakaera monitorizatu daiteke, bai eta ingurumen-inpaktu horri gehien eragiten dioten alderdiak identifikatu ere, berotegi-efektuko gasen isurketari dagokionez. Lortutako emaitzek aukera ematen dute emisio horiek eraginkortasunez murrizteko neurriak hartzeko oinarriak ezartzeko.
Plastic Repair System-ek, 2011n sortutako ekonomia zirkularreko enpresak, eskaintzen duen termosoldadura bidezko konponketa-zerbitzuari esker, eraginkortasun handia lor daiteke kalitatezko plastikozko elementuen berreskurapenean, haien bizitza baliagarria luzatuz eta hondakinen sorrera minimizatuz. Horrek guztiak eragin handia du berotegi-efektuko gasen emisioen murrizketan eta, ondorioz, Karbono-aztarnan.
Kontuan izan behar da Plastic Repair System-en helburuetako bat, Karbono Aztarna murrizteaz gain, BEGen (Berotegi Efektuko Gasak) isuriei buruzko informazioa bezeroei eskaintzea dela. Ondorioz, eta emaitza solidoak eskaintze aldera, kalkulatutako Karbono Aztarna DNV bidez egiaztatu da. Hala, arauaren arabera kalkulatutako eta aitortutako erreferentzia-erakunde batek egiaztatutako datu horri esker, Plastic Repair System-eko bezeroek beren produktuen bizi-ziklo osoko berotegi-efektuko gasen emisioa kuantifikatzeko behar duten informazioa izango dute, erabakiak informatuta hartzeko.
GAIKER zentro teknologikoaren know how-a funtsezkoa izan da prozesu honetan guztian, ez bakarrik klima-aldaketari egiten zaion ekarpenaren ebaluazioan, beharrezkoak diren tresnak eta datu-baseak emanez, baita lan-metodologiak enpresari transferitzean eta hobekuntza potentzialak identifikatzean ere.
Enpresaren kalkuluen arabera, 2021ean, PRSk 2.830Tn plastiko berreskuratzea lortu du, eta horrek Espainiako atmosferara 10.524Tn CO2 isurtzea saihesten lagundu duela uste da.