R Cableren erosketa formalizatu du Euskaltelek

Bizkaia

  • Talde berriak bere horretan eutsiko die Euskaltelen eta R-ren tokiko izaerei, hau da, bakoitzak bere marka, egitura eta talde profesionala izango ditu aurrerantzean ere.
  • Bost milioi laguneko merkatuan jardungo da taldea; bezeroak, berriz, 715.000 ditu; diru-sarrerak, 570 milioi euro, eta EBITDA, 265 milioi

índiceEuskaltelek gaur formalizatu du R Cableren kapital osoaren erosketa, 255 milioi euroko kapital-handitzea arazorik gabe egin ondoren. Hori zen, hain zuzen ere, Galiziako telekomunikazio-operadoreren erosketaren finantziazio-prozesuko azken egitekoa.

Eragiketaren behin betiko prezioa 1.190 milioi euro izan da, kapitala eta zorra barne.

Operazio hori formalizatuta, bi enpresen bategite-prozesua abiarazi da, Espainiako estatuan eta Europan telekomunikazio-alorreko operadore liderra sortzeko. Operadore horrek bost milioi pertsonako merkatuari eskainiko dizkie zerbitzuak, etxeko eta enpresako 715.000 bezerori emango die zerbitzua eta 570 milioi euroko diru-sarrerak eta 265 milioi euroko EBITDA izango ditu.

Euskaltel eta R enpresa liderrak dira zuntz optikoan (Banda Zabala, Telefonia eta Ordainpeko telebista eta telekomunikazio-zerbitzu konbergenteak), hurrenez hurren, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Galizian, eta bezero-oinarri eta negozio-eredu osagarri sendoak dituzte.

Talde berriak bere horretan eutsiko die Euskaltelen eta R-ren tokiko izaerei, hau da, bakoitzak bere marka, egitura eta talde profesionala izango ditu aurrerantzean ere.

Egun garrantzitsua da gaurkoa Euskaltelen eta R-ren baterako historian. Bi konpainien bat-egiteak aukera emango digu hazteko eta hobeto lehiatzeko gure lurraldeetan, eta bezeroei, langileei eta hornitzaileei egingo die mesede horrek. Antzeko enpresak gara: bezeroekiko gertutasuna partekatzen dugu, ahalik eta zerbitzurik onena ematea dugu helburu, jarduera-segmentu guztietan presentzia nabarmena dugu, eta kalitatearen eta berrikuntzaren alde egiten dugu, irmo eta sendo. Hori dela eta, bi markek, egitura propioek eta kudeaketa-taldeek bere horretan jarraituko dute, horiek baitira arrakastaren gakoak”, esan du Alberto García Erauzkin Euskaltelen lehendakariak.

Komunikazio-zerbitzuak prezio ahalik eta onenean ematea eta bezero-oinarriaren balioa maximizatzea dira talde berriaren estrategiaren ardatz; horretarako, bi enpresek beren merkatuetan duten lidergoan, bezeroen leialtasunean, jabetzan daukaten zuntz optikoaren sarean eta markaren balio handian oinarrituko dira, eta, hala, merkatu-kuotak finkatzen eta hazten lagunduko die horrek.

Bestalde, Euskaltel eta R enpresen integrazioak sinergia garrantzitsuak sortzea aurreikusten da: sarbide hobea, produktuak, zerbitzuak eta edukiak negoziatzeko gaitasun handiagoa, sistemak eta teknologiak abian jartzea, hornitzaileekiko kontratu-harremanak hobetzea eta hazkunde-estrategiak bateratzea.

Partekatu

Beste berri batzuk