Romantic Group izango da larunbat honetako Miramongo Matinéearen protagonista

Albisteak, Gipuzkoa

Zazpi interpretez osatutako taldeak, gehienak Euskadiko Orkestrako kideak, Cesar Franck eta Camille Saint-Saënsen obra bana joko du larunbat honetan, urtarrilak 25, 11:00etan, Miramonen izango den kontzertuan. Sarrerak salgai daude 11 eurotan

Larunbat honetan, urtarrilak 2511:00etan, Euskadiko Orkestraren ganbera-musika ziklo Miramongo Matinéeen 24/25 Denboraldiko hurrengo hitzordua izango da. Bertan, Romantic Group taldeak ‘Garapena’ izeneko kontzertua eskainiko du. Taldeko zazpi interpreteetatik sei Euskadiko Orkestraren kideak dira: Raquel Cortinas (biolina), Larraitz Oiartzabal (biolina), Delphine Dupuy (biola), Gabriel Mesado (biolontxeloa), Marc Sirera (kontrabaxua) eta Miguel Echepare (tronpeta). Jon Urdapilletak osatuko du taldea pianoan.

EROSI SARRERAK HEMEN

Romantic Groupek 1879an jatorria duten eta Camille Saint-Saënsekin zerikusia duten bi obra aurkezten ditu Matinée honetan. Horietako bat Cesar Franckek idatzi zuen, baina Saint-Saënsi eskaini zion, eta azken horrek estreinatu zuen, eta bestea Saint-Saënsek berak idatzi zuen.

Alde batetik, Cesar Francken Pianodun kintetoa 1880ko urtarrilaren 17an aurkeztu zuen Marsick laukoteak Musika Elkarte Nazionalean, Saint-Saëns pianoan zela. Estreinaldia irain batekin amaitu zen: Saint-Saënsek Franckekin zuen adiskidetasunagatik jo zuen obra baina konposizioa gutxiesten zuen eta, horregatik, pianoaren atrilean utzi zuen partitura eszenatokitik atera zenean.

Bestalde, Camille Saint-Saënsek Septetoa bi zatitan konposatu zuen. Lehenik eta behin, konpositoreak obra honen hasierako mugimendua idatzi zuen 1879an, Emile Lemoineri, La Trompette ganbera-musika amateurreko elkarte paristarraren sortzaileari, Urte Berriko opari gisa eskaintzeko. Izan ere, Lemoinek urteetan eskatu zion konpositoreari tronpeta barne hartzen zuen zerbait idazteko, elkartearen ohiko hari- eta piano-ensemblearekin uztartzeko. Ondoren, Saint-Saënsek obraren bertsio osatuagoa egitea erabaki zuen, 1880an hiru mugimendu gehiago gehituz eta urte hartako abenduan septeto osoa aurkeztuz, Xavier-Napoleon Teste Parisko Operako tronpeta nagusiarekin eta konpositorea bera pianoan zela. Septetoa oso ezaguna eta eragin handikoa izan zen.

Sarrera solteak (11€) salgai daude euskadikoorkestra.eus webgunean eta Kursaal Auditoriumeko leihatilan. Gainera, orkestraren egoitzako leihatilan bertan ere eros ahal izango dira kontzertuaren egunean, leku libreak geratzen badira.

Miramongo Matinéetara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus-zerbitzua eskainiko du. 10:25ean abiatzen da autobusa Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.

Partekatu

Beste berri batzuk