Saiakuntza-banku pertsonalizatua fusio nuklearraren ikerketan aurrerapausoak egiteko
Zentro teknologikoak Granadako Unibertsitatearekin eta IFMIF-DONES España Partzuergoarekin batera diseinatu du Muvacas prototipoa. Ekipoak zehaztasun handiko esperimentuak egiteko aukera emango du, Granadan eraikiko den partikula-azeleragailuaren diseinua baliozkotzeko
Fusio nuklearra eguzkiaren prozesu eta erreakzio atomikoak Lurrean errepikatzean datza, energia garbiagoa lortzeko helburuarekin. Partikula-azeleragailuak dira fusio-erreaktoreak fabrikatzeko material onenak ikertzeko tresna tekniko nagusia.
Testuinguru horretan, Tekniker zentro teknologikoko diziplina anitzeko talde bat saiakuntza-banku berritzaile bat prestatzen ari da fusio nuklearraren energia-ikerketan aurrera egiteko.
Prototipo esperimental horri esker, IFMIF-DONES instalazioaren elementu kritikoen diseinuaren fidagarritasuna egiaztatzeko behar diren probak egin ahal izango dira. Partikula-azeleragailu berriaren instalazioa Escúzarren (Granada) jarriko da.
Teknikerrek garatutako ekipamenduari esker, IFMIF-DONESeko zientzialariek partikula-azeleragailuaren lineako sistema mekanikoek, osagaiek eta materialek ustekabeko gertaeren aurrean zer portaera izango duten jakin ahal izango dute.
Zentro teknologikoa proiektu honen fase guztiez arduratuko da: prototipoaren diseinua, fabrikazioa eta mihiztadura eta, azkenik, Granadako Unibertsitatean instalatzea. AVS eta TVP enpresen laguntza du. Enpresa horiek parte hartu dute osagai kritiko batzuen hornitzaile gisa.
Zentro teknologikoak Huts Ultra Altuko (UHV) ekipamenduetan duen esperientzia eta metrologia, mekatronika, gainazalen ingeniaritza, automatizazio eta kontrol teknologietan dituen ahalmenak konbinatzen ditu proiektu honetan.
Sistema guztia apirilean muntatuta egongo da Teknikerren. Zehaztasun handiz probatu ahal izango da osagaiek behar bezala funtzionatzen dutela, eta datuak berehala lortu ahal izango dira sistema guztiz automatizatu bati esker.
Alde horretatik, sistemak ad hoc konfiguratutako sentsore-sare bat du, instalazio horretan egingo diren abangoardiako esperimentuen premia eta eskakizunei erantzuteko behar bezain azkarra eta sinkronizatua izan dadin.
“Prototipoan konfiguratuko dugun sentsore-sareak gai izan behar du 500 m/s baino abiadura handiagoak har ditzakeen uhin-frontearen aurrerapena atzemateko eta aztertzeko”, azaldu du Andoni Delgado Teknikerreko Zientziaren Industriaren arduradunak.
Teknikerreko ikertzaile-taldeak muntatuko du ekipamendua zentro teknologikoko ultra zehaztasuneko aretoan. Tamaina handiko espazioa da, Huts Ultra Altuko sistemekin lan egiteko hezetasun-, tenperatura- eta garbitasun-baldintza egokiak dituena.
Proiektu paregabea da munduan
Prototipoak azeleragailuaren energia-maila altuko sorta litio-zuriaren kamerarekin lotzen duen linearen azken 30 metroak birsortuko ditu. Uhin-fronteen hedapen-denborak esperimentalki aztertzeko eta ustekabeko gertaerak arintzeko diseinatutako babes-sistemak balidatzeko balioko du.
Hemen egin nahi direnak bezalako saiakuntzak egin diren arren, “gaur egun ez dago instalazio honek izango dituen ahalmenak dituen saiakuntza-kanpaina horiek guztiak in situ egiten aritzen den instalazio espezifikorik. Horregatik, lortzen diren emaitzen ondorioa oso interesgarria izango da partikula-azeleragailuak garatzen aritzen den komunitate zientifikoarentzat. Lortutako ezagutza erabilgarria izan daiteke industria-sektorean ere, esaterako, osagai kritikoen fabrikazioan eta sentsorika aurreratuan”, adierazi du Teknikerreko Zientziaren Industriako arduradunak.
MUVACAS (Multipurpose Vacuum Accident Scenarios) izeneko prototipoa baliagarria izango da IFMIF-DONES (International Fusion Materials Irradiation Simply – Demo Oriented NEutron Source) nazioarteko ekimenaren esparruan eraikiko den partikula-azeleragailu bereziaren diseinua eta konfigurazio optimoa egokitzeko.
“IFMIF-DONES instalazio paregabea da munduan. Azpiegitura estrategikoa izango da zientzialarientzat energia-ikerketaren eta -berrikuntzaren arloan”, gaineratu du Teknikerreko ikertzaileak.
Instalazioa Granadan ari dira eraikitzen, eta fusioa energia-iturri gisa garatzeko
EB gauzatzen ari den asmo handiko programaren parte da. Instalazioa eraiki eta abian jartzeko aurrekontua 700 milioi eurokoa da.